Eneko Barrutia: ‘hezkuntzan zein kulturan danon ahaleginak nahitaezkoak dira’
2008-05-05 13:11 BarriketanMendebaldeko euskalkia ardatz hartuta, egunotan aurkeztu ditu Mendebalde Kultur Alkarteak ‘Arrietako euskaldunen jakituria: kontuak, kantak, bizimodua’, Juan Luis Goikoetxea, Begoña Bilbao eta Iñaki Gamindek atondua, Iñaki Gaminderen ‘Bizkaian zehar: euskararen ikuspegi orokorra’, Euskalingua 11 aldizkari elektronikoa eta maiatzaren 9an eta 10ean, aurten lehenengoz Euskaltzaindiaren egoitzan egingo diran ‘Atzotik etzira’ XII. Jardunaldiak.
Kontuak ugari, beraz, egungo Mendebalde Kultura Alkarteko zuzendariagaz jorratzeko. Hona hemen berak kontau deuskuzanak:
1.- Loraldi ederra mendebaldeko euskalkiaren harian. Liburu bihurtutako ikerketa lan sakonak, XII. Jardunaldiak... Euskalkia bizirik ez eze, osasuntsu dagoala pentsetan dozu?
Bueno. Dana etorri da batera baina ez da hori aurretik pentsautakoa izan. Euskerearen osasunaz, barriz, euskerea bizirik dago eta osasuntsu be bai leku askotan baina ez gura geunken bestean indartsu eta osasuntsu. Horixe bera esan daiteke euskalkien kasuan be. Euskalkien ganeko kontzientzia gehiago dago orain lehen baino, hori ez dago ukatzerik, egoerearen eta hiztunaren arabera erabilten dogu bata ala bestea eta hori sano garrantzitsua da. Edozelan be, hezkuntzan zein kulturan danon ahaleginak nahitaezkoak dirala pentsetan dot aurrera egiteko.
Bidebatez, euskalzaleak, oro har, eta mendebaldeko euskalkia erabilten dabenak eta zeozelako interesa dabenak konbidau gura dodaz aurtengo XII. Jardunaldietara. Tradizinoa ardatz hartuta, tradizinoaren garapena, tradizinoa hezkuntzan, teknologia barrietan eta tradizinoaren sortzaileak lako gai interesgarriak jorratuko doguz berbaldi eta mahai-inguruetan. Hitzordua maiatzaren 9an eta 10ean izango dogu, Bilbon, aurten, lehenengoz Euskaltzaindiaren egoitzan.
2.- Edozelan be, lanon zabalkundea ez da izaten behar dan modukoa. Zerk huts egiten dau?
Sarritan geure errua be izan daiteke, izan be, ikerketa lan horreek, liburuak ataratea ondo dago baina gero horreek ezagutzera emotea be komenidu da irakaskuntzan zein euskalgintzan, oro har, erabilgarri izan daitezan.
Beste kasu batzuetan, era horretako lanen zabalkundea egiteko komunikabide batzuen interes faltea nabarmenduko neuke eta hori ez da bape positiboa, ze lanok euskerearen eta danon mesederako dira. Danok gara beharrezkoak eta danon beharra behar da.
3.- ‘Atzorik etzira’ XII. Jardunaldion harian, tradizino zertan dan jorratzea proposatu dozue, atzorik etzira zelan salto egin, tradizinoa zelan egokitu egungo errealidadera. Hizkuntzeari jagokonez, jakin izan dogu ondare zaharra eguneratzen?
Bai eta ez. Aitatzen dozun ondare zahar horretan hizkuntzea eta kulturea bat eginik dagoz: hizkuntzea bera, kantak, ohiturak... dana beharrean gagoz. Beste kontu bat da altxor hori zelan erabili. Edozein hizkuntzak bere bideak daukaz. Bizi-biziak dira eta aldatzen doaz. Ez da bardin gure aitite-amumen euskerea eta gaur egungoa; eta egungoa ez da etorkizunekoa lakoa izango.
Euskerearen kasuan, barriz, beti gabilz beste hizkuntzak baino baliabide gitxiagogaz eta ez dakit jaso ete dogun tradizinotik jaso daitekeen guztia. Eta ez dakit ondare zahar hori modu egokian erabilten dogun. Berba, esakera, egitura danak ezin dira berreskuratu; gaur egungo egoera eta giroetan horreetako batzuk erabiliz sano aberastu geinke gure barriketaldia baina beste batzuk ezin dira erabili, gure jarduna arkaiko eta ulertezin bihurtu gura ez badogu behintzat.
4.- Berba eta esamolde zaharrek euskerea aberastu bai baina bihar-etziko hiztun izango diran gazteentzako ez ete da hori hizkuntzea museoko pieza bihurtzea? Hizkuntzearen kalidadea ala euskerearen erabilerea, zer lehenetsi beharko litzateke?
Zenbat eta gauza gehiago batu, ikertu, hori beti da ona. Ikerketa lanak egiten diranean, asmoa ez da apaletan gordeta ixtea edota museoetako pieza bihurtzea. Helburua ikastea, norberaren barrua jaztea da eta altxor horren ahalik eta zabalkunde handiena, altxor hori ahalik eta gehien erabiltea.
Bigarren galdereari erantzunez, kalidadea eta erabilerea lotuta dagoz. Batak bestea dakar, hau da, zenbat eta euskera gehiago egin, kalidadeko hizkuntzea errazago lortuko dogu. Edozelan be, bat aukeratzekotan nik neuk erabilerea aukeratuko neuke. Baina biak batera ahal bada, hobeto.
4.- Mendebaldeko euskalkia erabili eben klasikoak, egungo egile apurrak, euskalkia, azpieuskalkiak, aldaerak, mendebaldeko euskalkia zehatz normalizau eta finkatu barik egotea... Anabasa horrek ez dau mesederik egiten... Euskera batuari uko egin barik, bakotxak bereari eutsi behar deutso?
Duda barik, estandarra, estandarra behar dan kasuetarako baina bakotxak bereari eutsi behar deutso, batez be, eguneroko komunikazinoan, etxean, lagunartean eta, askotan, baita beharrean be. Hori da euskerearen oinarria, egiturak, ahozkotasuna, entonazinoa, azentua, adierazkortasuna. Hori kentzen badeutsazu hizkuntzeari, zer geratuko jaku?
Beste alde batetik, aitatu dozun anabasa horrek ez dau mesederik egiten baina hori baino arazo handiagoa da produkzinoa, hutsune handia dago hor, izan be, testuliburuak falta dira, ume, gazte zein helduentzako nobelak, ipuinak... Baina, jakina, argitaletxeak eta interes komertzialak tartean sartzen diranean, akabo.
5.- XII. Jardunaldiotan, ‘Zelan sortu zeozer barria baina zeozer gurea’ gaia jorratuko dau Patxi Juaristik. Globalizazinoak jango ete gaitu?
Gai polita da Patxi Juaristik soziologiaren ikuspegitik jorratuko dauena. Sarritan ikaratu egiten gaitu globalizazinoak, jango ete gaituan eta danok bardinduko eta gaituan baina batzuen eretxiz alde onak be baditu, berbarako, Internet euskerearen zabalkunderako tresna egokia dalako.
6.- Interneteko ikus-entzunezko teknologien aroa, euskerea eta teknologia barriak lako gaiak be berbagai izango dira. Tren horretan sartzen ez bagara, akabo?
Bai. Tren hori inportantea da eta ezin deutsagu iges egiten itxi. Gaur egun, edozertarako erabilten dogu Sarea, beharrerako, aisialdirako, informazinoa batzeko, komunikazinorako... Euskereak derrigor sartu behar dau mundu horretan eta uste dot bagoazela gure lekua hartzen, barriro be zabalkundean eta egiten doguzan gauzak ezagutzera emoteko momentuan zeozerk huts egiten deuskula pentsetan dodan arren.
7.- ‘Arrietako euskaldunen jakituria: kontuak, kantak, bizimodua’ lanagaz hizkuntzearen ondarea zabaltzea da helburua. Belaunaldi baten altxorra ez galtzeko ahalegina. Oraintsu Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak katalogau eta zabaltzeko asmoz aurkeztu euskuen ahotsak.com webgunea. Bateragarriak ete dira proiektuok?
Danon mesederako bateragarriak izan beharko litzatekez. Tradizinoaren eta euskerearen berreskuratze prozesu horretan zenbat eta talde gehiago egon eta zenbat eta lan gehiago atara, hobeto. Edozelan be, batzuetan koordinazino gehiago egon beharko litzatekela pentsetan dot, antzeko gauzak eginaz, indarrak alperrik galdu ez daiguzan ze indarrak metatuz denporea eta baliabideak hobeto aprobetxauko geunkez. Proiektuak lagundu edota babesteko orduan be danontzako antzeko erispideak erabiltea be ez litzateke txarra izango, berbarako, batak bestea jan ez daian.
8.- Mendebalde Kultura Alkartearen Euskalingua aldizkariaren 11. alea eskuragarri dago honezkero MKAren webgunean zein Cd euskarrian eta 12.a be jardunaldiakaz batera aurekeztuko dozue. Azken aleko artikuluen artean, Nagore Etxebarriak 1708ko bizkaierazko eskuizkribu argitaratubakoaz idatzi dau. Zer nabarmenduko zeunke?
Frantziskotarren Ordenaren artxiboetako XVIII-XX mendeetako euskal erlijino-eskuizkribuen katalogoak argitara ekarri ditu gure hizkuntza eta literaturearen historian be lekua izango daben makina bat idazle on eta fin. Katalogo horrek batu dituan bost milatik gorako eskuizkribuetarik zaharrena da artikulu honetakoa, 1708an idatzitakoa hatan be.
Egilearen izenik ez dakigu zehatz, bai ostera Deba ibarrekoa-edo izango zana, halan erakutsi deusku-eta darabilen bizkaiera-moduak.
Beharronen helburua eskuizkribu zahar horren edizinoa preparau eta dakarren euskerea aztertzea izan da. Edizinoa bikotxa da: jatorrizko transkripzinoa eta grafia gaurkoturik dagoana, faksimilea bion osogarri dala. Hizkuntzearen azterketea morfologia, sintaxia eta lexiko arloetako berezitasunak emonda bideratu dogu.
Sinistuta gagoz holako testu zaharrok ezagutzen emoteak euskerearen historiarako aparteko inportantzia daukana.
9.- Mendebalde Kultura Alkartea Alfonso Irigoienen zuzendaritzapean sortu zan 1996ko udagoienean, lau urteko beharraren ostean, beti be, mendebaldeko berbakerea aztertu, egokitu eta indartuz, euskerea bera indartzeko asmoagaz. Zeintzuk dira egungo helburuak eta egitekoak?
Helburuak horrexek dira zeuk aitatutakoak. Proietuak edota interesak, barriz, aldatzen joan dira, kasuan kasuko eta momentuan momentuko egoera eta preminen arabera.
Orain 10-12 urte aditzaren azterketea, deklinabidea lako gaiak ziran ardurea baina gaur egun beste burukomin batzuk doguz; ganera, Labayru ikastegia be badabil horretan. Mendebalde Kultura Alkartea irakaskuntzarako materialgintzan dabil orain, ikerketa arlokoak izan arren, irakurketarako atseginak eta erabilgarriak izan daitekezan produktuen sorkuntzan
10.- Mezu berezirik euskerearen arloan zeresana daben erakunde eta arduradunentzat?
Mendebaldeko euskalkia gehiago kontuan hartzeko eskatuko neuskie eta Bizkaian egiten dan lana gehiago babestu eta zabaltzeko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!