Nazino Batuetako eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalen 40. Batzordean parte hartu dau Behatokiak

Bizkaie! 2008-04-30 15:19   Euskerea berbagai

Gobernuz Kanpoko hainbat erakundek euren eretxia agertu deutse Batzordeari, eta hizkuntza gitxituei jagokenez, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta EBLUL-France erakundeek hartu dabe berbea.

Apirilaren 28tik 30era bitartean Nazino Batuetako Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen 40. Batzordeak Frantziako Estaduaren inguruko balorazinoa egin dau Genevan, eta bertan Behatokiko zuzendari Paul Bilbaok parte hartu dau. Gobernuz Kanpoko hainbat erakundek euren eretxia agertu deutse Batzordeari, eta hizkuntza gitxituei jagokenez, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta EBLUL-France erakundeek hartu dabe berbea.

Kontuan izan behar dogu 2001ean Batzorde horrek bi gomendio egin eutsozala Frantziako Estaduari hizkuntza gitxiagotuak babesteko; batetik, Nazinoarteko Hitzarmenetan dituan oharrak kendu eta Europako Kontseiluko Gitxiengo Nazionalen Babeserako Hitzarmen-markoa eta Erregio edo Gitxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna berrestea, eta bestetik, hizkuntza gitxiagotuen irakaskuntzea sustatzea.

‘Oso argi itxi deutsegu Batzordekideei Frantziako Estaduak uko egin deutsela gomendioei’, adierazo dau Bilbaok. Izan be Frantziak aurkeztutako txostenean jasoten diran kontraesanak eta guzurrak agirian jarri ditu Behatokiko zuzendariak. Honako adibida be aitatu dau: ‘Frantziak 2001eko irailaren 5ean hezkuntza publikoan murgiltze bidea baimentzeko zirkularra abian jarri ebala adierazo dau txostenean, eta ahaztu jako esatea Estadu Kontseiluak baliobakotu egin ebala zirkular hori’.

Horregaz batera Bilbaok Frantziako Estaduak bere txostenean jasotako esaldi bat nabarmendu dau Batzordearen aurrean. Izan be, Estaduaren arabera, ezin ditu gitxiengoen eskubide kolektiboak autortu. Hori guzurtatzeko 2008an Frantziako Asanbladan Konstituzinoa aldatzeko emon zan eztabaidea ekarri dau gogora Bilbaok Genevako Batzordearen aurrean, ‘Frantziako Estaduak ez dau nahi hizkuntza gitxiagotuetako hiztunen eskubideak autortzerik, izan be, borondate-kontua besterik ez da hizkuntza-eskubideen autortzaren gitxieneko demokratikoak onartzeko’.

Kontuak kontu, Behatokiko eta EBLUL-France erakundeko kideek Frantziako Estaduak azken txostenean jasotakoa guzurtatu egin dabe puntuz puntu, ‘Frantziaren txostenak ez deutse egin jakezan galderei erantzun, eta hori erakustea eta egiaztatzea izan da gure helburu nagusiena’ gaineratu dau Bilbaok

Era berean, maiatzaren 8an, Asanblada Nazionalean izango dan eztabaideari begira, Bilbaok eskaera egin deutso Batzordeari gomendioak helaraz daizan, Asanbladako hainbat kidek ez baitakite zer eskatzen ari jaken Nazino Batuetatik.

Gitxienekoak zein diran adierazo arren, Bilbaok adierazo dau euskereak beharko leuken estatusa ofizialtasuna dala, Frantziako Estaduak horrenbeste aldarrikatzen dauen 'égalite, legalité eta fraternité' lema bermatzeko. Nazino Batuetako Batzorde honek gomendio apalagoak emoten baditu be, Bilbaok nabarmendu dau herritarren benetako bardintasuna ez dala gertatuko hizkuntzen estatusen arteko bardintasuna izan arte. Azken eskaera hori alkarregaz egin dabe Behatokiko eta EBLUL-France erakundeko ordezkariek.

Azkenik, Batzordekide batzuk (Ekuador, Suitza...) interesa agertu eta galdera zuzenak egin dituen arren, beste batzuen kontrako jarrera oso agirikoa izan dala azpimarratu behar da, esaterako, Errusiako Federazinoko kidearena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu