Zeanuriko Erroten III. Ibilaldia’, maiatzaren 4an
2008-04-29 14:42Oinezko martxa honen helburuak ondokoak dira: alde batetik, herritarrei zein kanpotik hurreratzen diran bisitariei Zeanuri eta bere auzoak ezagutzera emotea; bestetik, Zeanuriren historian errotek izan daben garrantzia ezagutarazotea; eta azkenik, Olabarriko errotearen (bisitak hartzen dituan eta horretarako preparauta dagoan errotea) barri emotea.
Maiatzaren 4an, domekan, egingo da Zeanuriko Erroten III. Ibilaldia, Ipizki eta Joko Alai alkarteek antolatuta, eta Gastronomía Cantábricaren, Lankidego Lantalderen, Zeanuriko Udalaren, Gorbeialderen, Sagarna Txokoaren, Zeanuriko Jubilatuen Tabernaren eta BBK-ren laguntzinoagaz.
Oinezko martxa honen helburuak ondokoak dira: alde batetik, herritarrei zein kanpotik hurreratzen diran bisitariei Zeanuri eta bere auzoak ezagutzera emotea; bestetik, Zeanuriren historian errotek izan daben garrantzia ezagutarazotea; eta azkenik, Olabarriko errotearen (bisitak hartzen dituan eta horretarako preparauta dagoan errotea) barri emotea. Laburtuz, domeka goiza natureagaz hartu-emonetan eta kirola eginez igaroteko aukerea eskaintzea, eta herritarrei zein kanpotarrei Zeanuriko ingurumaria eta erroten ondare kulturala erakustea dau helburu.
Ez dira gitxi, izan be, herri honetan ezagutzen diran edota han-hemenka azaltzen diran errotak edo erroten arrastoak: danetara, hemezortzi, danak hidraulikoak. Ibilbidean zehar hamabiren ingurutik igaroko dira ibiltariak eta bitan (Ibargutxi eta Olabarriko errotan) sartu-urtena egiteko aukerea be izango dabe.
Urteerea herriko plazan izango da, goizeko bederatzietan, eta ibilbide osoa egiten dabenek hogeita bat kilometro inguru beteko ditue. Plazatik, udaletxearen aurretik abiatuz eta Altziber eta Errotabarri erroten ingurutik igaro ondoren, Undurragako urtegiaren ertzetik jarraituko dabe parte-hartzaileek, eta Ibargutxiko errotarantz zuzenduko dira; hemen, ateak zabalik izango dira, eta nahi dabenek kuku bat egin eta errota lanean ikusteko aukerea izango dabe. Ibargutxitik Lanbreabeko errotara, eta hemendik barriro Undurragako urtegiaren ertzetik igaroko dira (oraingoan beste aldetik) San Lontzo ermitara eroango dituan bidetik jarraitzeko. Ermitearen aurrean indarrak barritzeko jan-edana banatuko dau Gastronomía Cantábrica-k, eta aurrerantzean ibiltariek Intxaurbeko, Axpeko eta Zulaibargo erroten ondotik Areatzarantz zuzentzen dan errepidea jarraituko dabe. Karpoko zubira heldukeran, zeharkatu egingo dabe Zeanuriko Asterria kofradian sartzeko; auzune honetan ezagutzen diran lau erroten ingurutik (Uribiarte, Akauri, Landaburu eta Ibarre) igaro ostean, eta Andra Mari parrokia atzean itxita, bostehunen bat metro aurrerago Olabarriko erroteagaz egigno dabe topo ibiltariek. Hau izango da ibilbideko azkena, eta bertan Pujana familiak zaharbarritu dauen errotako ate batetik sartu eta bestetik urtengo dabe parte-hartzaileek, Zeanuriko plazan kokatuta egongo dan helmugara heldu aurretik.
Ibilbidea amaituta, hogeita bat kilometro eroango ditue oinetan ibiltariek, baina seguru hitzorduari erantzuteak mereziduko deutsela, erroten ondare historiko-etnografikoa ezagutzeaz gan, udaberrian natureak azaltzen dauen koloreen sinfoniaz gozetako aukerea izango dabelako.
Ibilaldiari buruzko zehetasunak
-
Izena emotea: 08:30etik aurrera, herriko plazan. 2€
-
Urteerea: 09:00etan.
-
Ibilbidea: 21 kilometro inguru.
-
Jan-edana: bide erdian, San Lontzo ermitearen aurrean jan-edana banatuko dau Gastronomía Cantábrica-k.
-
Ibargutxiko errotan sartu-urtena egiteko aukerea izango dabe ibiltariek, eta ibilbideko azken errotan, Olabarriko errotan, ate batetik sartu eta beste batetik urtengo dabe.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!