‘Botxoko mendi-mazelak deskubritzen’, zortzi bisita gidatu Bilbo ezezagunean
2008-04-28 14:46‘Bilbao Izan’ programea 2005ean abiarazo zan, uriko ondare historiko eta kulturala ezagutarazo eta jazoera historikoek uriaren bilakaeran izan daben eragina azaltzeko asmoz.
‘Botxoko mendi-mazelak deskubritzen: zortzi bisita gidatu Bilbo ezezagunean barrena’ ekimena abiarazo dau, uria inguratzen daben mendietako inguru ederrenetako batzuk ezagutzeko konbita luzatuz bisita gidatuen bidez.
Programa barriak hilero bina auzo ezagutzea proposatzen dau (bat aste barrenean antolatzen diran bisitetan, eta beste bat astegoienetan). Esangura horretan, maiatzean, ‘Bilbo langilea’-ren eszenatokia osotzen daben Otxarkoaga eta Masustegi auzoak bisitauko dira, uriaren 50eko eta 60ko hamarkadetako eztanda urbanistikoagaz lotutako ezaugarri desbardinetako bi populazino-gune bereizgarri. Bagilean, Abusu-La Peña eta Kainu Pasealekua izango dira ‘Bilbo itsasadarrean gora’ ibilbideko protagonistak, meategien aldamenean sortutako auzoaren eraldaketa sakona eta Bilboko ur-hornidurarako sistema zaharraren nondik norakoak azalduz.
Uda ostean, irailean, Altamira eta Buia auzoetan zehar, ‘Bilbo berdea’ izeneko ibilbidea antolatuko da, eta bertan, esparru sasinaturalak, herri arkitekturea eta landaretzaz estalitako gune zabalak izango dira ikusgai. Azkenik, urrian, Loruri eta Zurbaran eta inguruko uriguneak ‘Lorurien Bilbo’ bisitaldiaren ardatz bihurtuko dira.
Bisitak euskeraz eta gaztelaniaz egingo dira, aste barruan (eguazten, eguen eta barikuetan) eta zapatu eta domeketan, goizez nahiz arratsaldez. Erreserbak 944 356 036 telefonoan egin daitekez honezkero, 9:00etatik 13:00etara bitartean deituz.
‘Botxoko mendi-mazelak deskubritzen’ programeak lekukoa hartu deutso azken hiru urteotan gaur egungo Bilbo osotzen daben auzoak ezagutarazoteko antolatutako ‘Bilbo: hil bakotxean, auzo bat’ izeneko bisita-zikloari. Ekimen honek lortu dauen harrera parebakoa gogoan hartuta (hiru edizinoetan 8.300 bisitari baino gehiago erakarri zituan), Kultura eta Hezkuntza Sailak Uriko inguru ezezagunenetako batzuetara zabaltzea erabagi dau. 2005etik, 400 bisita baino gehiago antolatu ziran Bilboko 15 auzotan zehar.
‘Bilbao Izan’ programea 2005ean abiarazo zan, uriko ondare historiko eta kulturala ezagutarazo eta jazoera historikoek uriaren bilakaeran izan daben eragina azaltzeko asmoz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!