Aitzol Aramaio: ‘lehenengoz filma ikusi eta hamar bat minutuz isilik gelditu nintzan’
2008-04-25 13:03 Barriketan‘Un poco de chocolate’, Aitzol Aramaioren lehenengo film luzearen aurre estreinaldia Malagako Nazinoarteko Zinema Jaialdian (apirilaren 4tik 12ra) izan zan baina estreinaldi ofizialerako apirilaren 30era arte itxaron beharko da. Hori bai, Getxon, Algortako Getxo Antzokian, gaur, apirilak 25, filmaren aurre estreinaldia izango da.
2002an, Narratiba Saria irabazi eban Unai Elorriagaren ‘Sprako tranbia’ nobelan oinarritutako filma da.
Filmako protagonista nagusia Lucas (Hector Alterio) agurea da. Lucasek oroitzapenak eta errealidadea nahasten ditu eta Shisha Pangmaren (SP) tontorrera igoteagaz egiten dau ames. Hector Alteriogaz batera, Daniel Brühl, Julieta Serrano, Ramon Barea, Marian Aguilera, Barbara Goenaga, Mikel Albisu eta Gorka Otxoa ikusiko doguz beharrean film honetan.
1.- Malagan ikusle izan ziranak, zuk zeuk, Unai Elorriagak eta gitxi batzuk baino ez dozue ikusi oraingoz ‘Un poco de chocolate’. Filma osorik ikusi zenduan lehenengo aldiz zer pentsau zenduan? Zer etorri jatzun burura?
Lehenengo bider argazki zuzendariagaz batera ikusi neban filma eta hamar bat minutu isil-isilik gelditu nintzan, berbarik ezin eginda. Azaldu ezinezko sentsazinoa izan zan. Ederra.
2.- Zerk erakarri zintuan Unai Elorriagaren liburua irakurrita?
Liburua irakurri nebanean, makinatxu bat sentimentu pilatu jatazan. Erabat identifikauta sentidu nintzan, Unairen pertsonaiakaz, esateko erakaz eta agertzen ziran egoera eta jarrerakaz. Pertsonaiek nobelan ez dabe ‘maite zaitut’ eta holakorik esaten, euskaldunon izakerearen erakusgarri; baina detaile txikiakaz badakie maitasuna adierazoten. Horrezaz gan, persona nagusien eta gazteen arteko hartu-emonak be deigarriak begitandu jatazan.
Dana dala, pertsonaia nagusiaren bizitzaren aurreko jarrereak erakarri ninduan gehien, arazoak arazo eta sufridutakoak sufriduta, jarrera positiboa beti eta jarrera hori besteei kutsatzeko egiten dituan ahaleginak.
3.- Filma lotuegi agiri da eleberriari ala askatasunez jokatu dozu? Zer transmitidu gura izan dozu?
Nobeleak berak transmitiduten dauena, bizitzaren aurreko ikuspegi positibo hori transmitidu gura izan dot baina gogoan hartuz, literaturea eta zinea bi formato desbardin dirala. Jakina, nire gauza personalak be sartu dodaz filman, Ondarroan familiagaz edo lagunakaz bizitakoak, gurasoek kontau deustena, filmaren hariagaz bat etozan gauzak.
4.- Film luze bat lehenegoz filmau dozu. Zelako esperientzia izan da bost asteko filmaketa prozesua? Pasau dozu estutasunik?
Prozesua zoragarria izan da, sano aberasgarria; asko ikasi dot. Istorio positiboa kontau gura nebanez, filma egiteko prozesua be holakoa izatea gura neban. Aukeraketa ona egin genduan, lantalde ederra batu, lagun talde bihurtu eta azkenean, lortu dogula pentsetan dot. Errodaje egunetan, aktoreek eta teknikoek be esaten eustien, egunero-egunero goizeko zortziretan pozik, gogoagaz hasten zirala beharrean. Atara kontuak, errodajea amaitu ostean, lau bat ordu edo gelditzen ginan alkarregaz berbetan. Giro ederra izan dogu eta hori filman islatzen da.
5.- Gidoia zuk zeuk Michel Gaztambidegaz batera idatzi dozu. Zein izan zan burukominik handiena? Gidoia idazteko orduan zelakoa izan da Unai Elorriagaren ekarpena?
Lehen be esan deutsut, nobelan eta filman, bietan dagoz umorea, sufrimentua eta bizitzeari eusteko jarrera positiboa eta burukomin handiena izan da literaturatik zinera pasaukeran, zelan eutsi nobelearen espirituari eta tonoari. Baina, nobelea ederra da, zabala, galderak luzatzen dituana eta, beraz, gidoilariontzako lana errazagoa izan da.
Unairen ekarpena be kontuan hartzekoa izan da, beti egon da gidoiaren gainean. Guk beti esaten geuntsan gidoiari begiradea emoteko eta berak egindako ohar eta proposamenak kontuan hartu doguz, zelan ez. Ganera, gidoiaren jarraipena ez eze, errodajearena be egin dau Unaik. Aurre montaje bat be bialdu neutson haren eretxia jakiteko. Prozesu guztian hartu-emonak oso onak izan dira.
6.- Aktoreen artean, beteranoak eta gazteak buztartu dozuz eta inor gitxietsi barik, Hector Alterioren presentzia deigarria da. Zelan konbentzidu zenduan?
Tratua aktore danakaz izan da bardin antzekoa baina Hector Alterioren kasuan, gidoia bialdu eta asko gustau jakon. Madrilen alkartu ginan biok eta ‘enamorau’ egin ginan. Ondarroako antxoak eroan neutsozan eta barriketaldi luzea izan genduan; hori bai, zineaz ez genduan bape berbarik egin. Kontu personalak izan genduzan berbagai eta azkenean, bertan momentua esan eustan: -‘noiz hasten gara beharrean’.
Hector Alteriogaz gauza bitxia pasau jatan, filmaren errodajea amaitu eta jai bat antolatu genduan egunean. Aukerea ikusi nebanean, Hectorrengana joan eta eskerrak emon neutsozan: -‘eskerrik asko emon deustazun guztiagaitik’. Hectorren erantzuna gogoangarria izan zan, eskutik oratu eta berbarik egin barik, hamar bat minutu egon ginan itsasoari begira.
7.- Jatorrizkoa gaztelaniaz da baina euskeraz bikoitzeko asmorik badago?
Bai. Filma euskerara bikoiztea nire ardura nagusietako bat da. Gidoia itzulita dago honezkero; Oroitz Jauregik egin dau behar hori Unai Elorriagaren laguntzinoagaz. Edozelan be, oraingoz ez dago zehaztuta euskerazko aurkezpena noiz izango dan.
8.- Filma Getxon, Algortako portu Zaharrean gehienbat baina Bilbon, Portugaleten eta Zaldibian grabauta dago. Musikea, barriz, Bingen Mendizabalen ardurea izan da...
Bai. Algortako Portu Zaharra leku zoragarria da, baketsua, filmaren espirituagaz bat dator bete-betean eta horrexegaitik aukeratu neban nahiz eta Unai Elorriagaren nobelea Algortako goiko partean oinarrituta egon.
Musikeari jagokonez, euskal pieza tradizionaletan oinarrituta sortu dau Bingen Mendizabalek eta Josu Zabalak jo dau trikitia.
9.- Film luze bat egiteko dirua sendo behar da. ‘Un poco de chocolate’-ren aurrekontua ia 3 miloe eurokoa izan da. Zelan lortu dozu dirutza hori?
Egutera izeneko ekoiztetxea sortu dot baina gero derrigorra izan da beste produktora batzukaz batzea, Mundo Ficcion eta Tusitala Producciones Cinematograficas, SLgaz, hain zuzen. Gidoia bialdu, eurakana joan, proiektu osoaren barri emon eta holakoa izan da prozesua. Filman, Luisa Matienzo izan da produktorea eta Melchor Miralles eta Miguel Torrente produkzinokideak. Holako proiektu bat aurrera atarateko hartu-emon, batzar eta barriketaldi luzeak egin behar dozuz eta horreei esker, proiektura erakarri doguz ETB eta TVE be.
Horrezaz gan, filmaren zabalkundea be sano garrantzitsua da eta, esangura horretan, Aurum banatzailea arduratuko da ‘Un poco de chocolate’ zabaltzeaz, ‘El señor de los anillos’ lako filmeen zabalkundeaz arduratu dan banatzailea, hain zuzen eta horrek esan gura dau Espainiako zine gehienetara helduko dala.
10.- Kuriosidadez, ‘Un poco de chocolate’ filmaren izena nondik nora dator? Liburuaren izenari eustea ez dozue balorau?
‘Un poco de chocolate’ filmako momentu berezi baten pertsonaia batek esaten dauen esaldia da hori, filman zerikusi handia dauena. Aukera bat baino gehiagori buelta batzuk emon ostean, egokia iruditu jakun.
Liburuaren izenari eustea be balorau genduan eta filma errodatzen gengozala, horixe zan izenburua ‘SPrako tranbia’. Dana dala, marketing kontuak tarteko, ekoiztetxeek eta esaten eben beste izen bat imini behar zala eta azkenean holan geratu da.
11. ‘Terminal’ film laburragaz egin zinan ezagun. Maitasuna eta drogea buztartzen dituan 11 minutuko laburragaz makinatxu bat sari irabazi dozuz hemen eta munduan. Terminal film laburrak zer suposatu dau zuretzako?
Kontetako zeozer neukalako egin neban Terminal, bizipen personal ugari dagoz hor, estomagutik, erraietatik ataratako filma izan zan eta zorionez, ate asko zabaldu deustaz.
12.- ‘Un poco de chocolate’ film luzea da zure lehentasuna orain baina ze erronka dozu bihar-etzirako? Film luzeen magiak atrapauta, film laburrak baztertu dozuz?
Ez, inondik inora. Laburra ala luzea izan, gauzak kontetea, barru-barrutik ataratako gauzak kontetea, kontetan jakitea da garrantzitsua.
Esan dozun moduan, orain lehentasuna ‘Un poco de chocolate’ filma da baina esan behar deutsut oraintxe amaitu dodala aitatasunaren eta gizontasunaren ganeko dokumental bat. Hemetik aurrera, irakurri eta zeozer idazten hasteko gogoa daukat baina ideia zehatzik barik, oraingoz; ikasten jarraitu gura dot, ze asko dago ikasteko...
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!