Urte birik behingo Bizkaiko Eskualdetako Txapelketak martxan, Bizkaiko Bertsolari Txapelketearen atarian

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2008-04-25 12:38   Bertsolaritzea
Zazpi eskualde eta 60 bat bertsolari lehian, euretatik asko lehenengoz parte hartuko dabenak

Enkarterrin, Bilboaldean, Lea-Artibain eta Arratian finala baino ez dabe jokatuko, baina Busturialdean, Durangaldean zein Ipar Uriben bertsolari gehiagok emon dabe izena eta, beraz, kanporaketa saioak antolatu ditue sei finalistak aukeratzeko.

Enkarterrin, Bilboaldean, Lea-Artibain eta Arratian finala baino ez dabe jokatuko, baina Busturialdean, Durangaldean zein Ipar Uriben bertsolari gehiagok emon dabe izena eta, beraz, kanporaketa saioak antolatu ditue sei finalistak aukeratzeko.

Udagoieneko Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkatzeko be balioko dabe eskualdekoek. Eskualdeetako txapeldunek zuzenean Bizkaikoan kantetako txartela irabaziko dabe eta ganerakoek, ostera, puntuazinoaren arabera izango dabe aurrera egiteko eukerea.


Eskualdeetako finalak

- Busturialdekoa, maiatzaren 4an, 17:00etan, Gautegiz Arteagako kultur etxean.
- Enkarterrikoa, maiatzaren 10ean, Sodupen.
- Ipar Uribekoa, maiatzaren 17an, 18:00etan, Getxon, Erromoko Andres Isasi Musika Eskolan.
- Arratiakoa, Maiatzaren 18an, 17:00etan, Igorreko kultur etxean.
- Durangaldekoa, maiatzaren 24an.
- Bilboaldeakoa, maiatzaren 23an.
- Lea-Artibaikoa, maiatzaren 30ean.

Gipuzkoako eta Arabako Bertsolari Txapelketen ostean, Bizkaikoa ate joka dago. Honezkero hasita dagoz eskualdetako txapelketak. Esandako moduan, baten baino gehiagotan, eskualde bakotxeko finalean sartzeko, saio bat baino gehiago antolatu behar izan da jente barri asko dagoalako, seinale ona duda barik. Aurreko Bizkaiko Txapelketan, Igor Elortza eta Unai Iturriaga barik be saio ederrak bizi izan genduzan eta aurtengoa, euren parte-hartzeagaz ez da gitxiago izango.


Astegoieneko saioak

Bariku honetan, apirilak 25, berbarako, kanporaketa bi ikusteko aukera eskaintzen deusku lehenago aitaturiko aniztasunak. Bateti,k Ipar Uribeko bigarren kanporaketea dogu Larrabetzun, Beñat Vidal, Arrate Illaro, Maialen Berekoetxea, Itxaso Paia, Alberto de Abajo, Peru Vidal, Txispain eta Unai Larrazabalegaz. Bestetik, Durangoko Kurutziaga Ikastolan, gaueko 21:30etan Ander Salaberria, Abarkas, Beñat Ugartetxea, Enea Pinillos, Amaia Aurrekoetxea eta Miren Amurizagaz Durangaldeko bigarren kanporaketea jokatuko da.

Zapatuan, barriz, Natxituko Bolatokian beste kanporaketa interesgarri bat egongo da gaueko 21:00etatik aurrera. Jon Arano, Aitor Beitia, Ander Elortegi eta Amaia Uribek jardungo dabe Josu Goikoetxearen esanetara. Saio honegaz osotuko da Busturialdeko bertsolari finala. Aurreko kanporaketea Errigotin egin zan, biharkoa legez, afari baten ostean. Bertan egon ginanok gustura urten genduan bertatik, holakoetan sortzen dan giro onagaitik eta bertsolariek eurek be saio polita egin ebelako. Azkenerako Xabier Enbeitak lortu eban lehenengo postua eta Iker Belaustegi bigarren izan zan puntu gitxira. Julen Erezuma eta Jon Rementeria hirugarren eta laugarren hurranez hurran. X. Enbeita eta I. Belaustegi honezkero finalerako sailkatuta dagoz. J. Erezuma eta J. Rementeriak, biek be aukerea dabe oraindino be. Pozgarria da era berean, aspaldi jentaurrean kantari ikusten ez genduzan bertsolariak atzera be kantuan ikustea, baita lehenengoz parte-hartzen daben bertsolarien bertsoak entzutea be. Hasibarri zein beteranoei suberte onena opa deutsegu.

Bizkaikoaz gan, badago astegoienean bertsorik bertso ibilteko plana. Usurbilen esaterako, Gipuzkoako Eskolarteko XXVIII. Bertsolari Txapelketea egingo da gaur, apirilak 25. Hitzordua Oiardo kiroldegian izango da arrastiko 15:00tan. Egun berean, Igorren banatuko dira Jentilen Kopla Lehiaketako sariak. Bide luzea dauen lehiaketea da eta aurten be ez dau kale egin. Txapeldunen barri emongo dogu hurrengo astean.

Zapatu honetan, apirilak 26, Osinalde saria be badogu. Osinalde alkartean protagonistak Maialen Velarde, Julio Soto, Alaia Martin, Uxue Alberdi, Oier Aizpurua eta Unai Gaztelumendi izango dira. Halanda ze, astegoiena bertsoakaz biribildu gura dauenak ez dauka aukerarik izan ez dauela esateko atxakirik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu