Behatokia: hizkuntz eskubideen inguruan, ardurea areagotuz doa azken zazpi urteetan
2008-04-24 15:57 Euskerea berbagaiZazpigarren urtez Hizkuntz Eskubideen Behatokiak urteko diagnosiaren argazkia egin eta argazki horretan oinarritutako ondorioak atara ditu, eta ‘zazpi urtean kezka areagotuz doa’ esaldiagaz laburbildu ditu Behatokiko zuzendaria dan Paul Bilbaok urteko txostenaren ondorioak.
Zazpigarren urtez Hizkuntz Eskubideen Behatokiak urteko diagnosiaren argazkia egin eta argazki horretan oinarritutako ondorioak atara ditu, eta ‘zazpi urtean kezka areagotuz doa’ esaldiagaz laburbildu ditu Behatokiko zuzendaria dan Paul Bilbaok urteko txostenaren ondorioak.
Zazpi urteotan herritarrek jakinarazo deutse Behatokiari hizkuntza-eskubideen egoerea Euskerearen Telefonoaren bidez (www.euskararentelefonoa.com eta 902 194 332). Behatokiak herritarron kexak, zorionak edo galderak jasoten ditu eta urteko diagnosia egiten dau. Gaur, Iruñean, 2007ko txostenaren edukia aurkeztu dau Behatokiak.
2007an kudeatutako 1.230 espedienteetatik 1.121 hizkuntza-eskubideen urraketak izan dira. ‘Beraz, inoiz baino urraketa gehiago helarazo deutsiez herritarrek Behatokiari’, azaldu dau Behatokiak. Irakurketa positiboa be egin dabe, herritarrek gero eta kontzientzia aktiboagoa dabelako hizkuntza-eskubideen urraketen aurrean.
Halan da be, hori ez dala nahikoa azaldu dabe. ‘Herritarrek erakusten daben kontzientzia aktiboagoak isla zuzena izan beharko leuke erakundeek zein administrazinoek eskubideak bermatzeko abian jartzen dituen mekanismoetan’, adierazo dabe.
Horren harira, Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluak preparautako 'Euskaraz bai' adierazpenak Behatokiaren diagnosiak bete-betean berresten dau. Adierazpen horretan euskerearen egoerearen balorazinoa egin dau euskalgintzeak: ‘Euskaldunok euskeraz biziteko dogun eskubidea ez dago bermatuta, eta nabarmenak dira egunero sortzen diran ezintasunak. Euskal Herriko hainbat eremutan, euskeraz biziteko aukerea dagoanean, euskaldunak ahalegin gehigarria egin behar dau hori lortzeko ohiko funtzionamendua, lehenetsitakoa, erderaz garatzen dalako’.
Behatokiak kezka handiz argitaratu dau 2007ko urteko txostena, bi elementuk eragindako kezkaz hain zuzen be: progresibotasun-eza eta milaka urraketa izatea.
Progresibotasun-ezari jagokonez, eskubide-urraketa batzuk urterik urte errepetiduten dirala ondorioztatu dabe. Administrazinoek progresibotasunaren edota arian-arian lako atxakien bidez eskubideen urraketen betikotzea eragiten dabe, 2001ean jasotako kexak kudeatu behar izan baitira 2007an.
Era berean, Behatokiak kexen irakurketea egiteko ikuspegi kuantitatiboari erreparetan ez deutson arren, urterik urte eskubideen urraketen kopuruak gora egitea hausnarketarako elementua dala azpimarratu dabe, eta euskerea erabili, hizkuntza-eskubidea erabili gura eta ezin izan daben milaka espedienteren kasuistikea kudeatu dauela iragarri.
Urteko txostenaren arabera, barriro be administrazino guztiek hizkuntza-eskubideak urratu zituen 2007an. Frantzian, aitortza juridiko ezak herritarrak babesik barik ixteaz gan, frantsesaren derrigorrezko erabilerea justifiketako arrazoi bihurtu dabe Administrazinoek.
Espainian, Estaduko Administrazinoak gaztelania hutsean lan egiten jarraitu izan dau 2007an. Urteko kexak erabiliz Erregio edo Gitxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna berretsitakoan hartutako konpromisoak ez dirala bete egiaztatu ahal izan dau Behatokiak Europako Kontseiluko Adituen aurrean.
Nafarroako Gobernuari jagokonez, dekretu murriztaileek eskubideen aitortzarako agertzen zituen zirrikituak be modu sistematikoan urratu dira, eta euskera bidezko hezkuntzaren garapena gelditzeko ingeles bidezko murgiltze-programak jarri ditue abian.
Osakidetzan oso agirian geratu da progresibidadea hain epe luze eta mugabakoetan zehazteak ondorio zuzenak dituala eskubideen urraketan. Osasunbidean, barriz, eremu ez-euskalduneko herritar bihurtu ditue nafar guztiak.
Herrizaingoan, EAE zein Nafarroako herrizaingo zein barne sailetan ez ditue aukerak baliatu hizkuntza-eskubideak bermatzeko mekanismoak abian jarteko.
Justizia arloan, 2007ko diagnosiak inoiz baino agiriago jarri dau eremu honetan gertatzen diran eskubide-urraketak, eta euskeraz jardun nahi daben herritarrakazko bereizkeria.
Azkenik, eremu sozioekonomikoan, igaz egindako diagnosiaren ondorioak iraultzeko neurririk ez dabela hartu administrazinoek salatu dau behatokiak. Esangura horretan, Ipar Euskal Herrian kontsumitzaile euskaldunei ez jake eskubiderik autortu; Nafarroa osoa eremu ez-euskaldun bihurtu dabe kontsumitzaile euskaldunentzat; eta EAEko Kontsumitzaileen Legea garatzeko dekretuak ez ditue abian jarri.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!