Elebidek kanpainea egingo dau prentsa, irrati eta interneten, ‘Gizarte elebiduna lortzeko egiten dogu lan’ goiburuagaz

Bizkaie! 2008-04-24 12:31   Euskerea berbagai

Herritarren kontsultak, kexak eta iradokizunak jasotea dau helburu Elebidek, herritarrei babesa emotea eta hizkuntz eskubideak errespetetako arazoak dituan entidadeei laguntza espezializatua eskaintzea, euskal gizartean hizkuntz eskubideak errespetatuak izan daitezan.

Elebide hizkuntz eskubideak bermatzeko zerbitzuaren kanpaina barria aurkeztu dabe Bilbon Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Joseba Lozano Herri Administrazinoetan Hizkuntza Normalizetako zuzendariak.

Herritarren kontsultak, kexak eta iradokizunak jasotea dau helburu Elebidek, herritarrei babesa emotea eta hizkuntz eskubideak errespetetako arazoak dituan entidadeei laguntza espezializatua eskaintzea, euskal gizartean hizkuntz eskubideak errespetatuak izan daitezan.

Urte eta erdi pasau dalarik martxan jarri zanetik, datozen egunotan Elebideren kanpaina barria abiarazoko dabe prentsa, internet eta irratietan, batetik, eta liburuxka dibulgatiboen bidez, bestetik. Iragarkiek hizkuntza eskubideak urratzen diraneko egoera bana erakusten dabe: aireportu batean entzuten dan mezua, bulego batean jasoten dozun enplegatuaren erantzuna, hormeari itsatsita irakurgarri jarri dan mezua. Egoera horeiek guztiak alegiazkoak dira, baina, era berean, ilustratiboak.

Liburuxkeak, barriz, herritarrakana hurreratu nahi dau Elebide zerbitzua. Bertan azaltzen da hizkuntz eskubideen arloan zertan lagun leikioen, eta Elebidegaz hartu-emonetan zelan jar daitekeen.

Kontuak kontu, kanpainak eguneroko bizitzako kasuak erabilten ditu modu grafiko argi eta ulerterrazean, urraketa horreek ikusarazoteko. Berbarako, gaztelaniaz ikustera ohituta gagozan errotuluak agertzen ditue iragarkiek, baina hutsuneak nabarmenduz, euskereak presentziarik ez dauela ohartarazoteko. Gauza bera egiten da kanpaina honetan gaztelaniaz bakarrik eskainitako zerbitzuakaz.


Herritarrak sentsibilizau

Patxi Baztarrikak adierazo dauenez, oraindik orain, ‘herritar asko ez da jabetu bere hizkuntza eskubideez’, eta horretan datza, neurri handi batean, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak aurkeztu dauen kanpainearen garrantzia, izan be, ‘beharrezkoa ikusten dogu herritarren sentsibilizazinoa landu eta gizartea zein administrazinoko langileak ohartarazotea herritarrak dauen hizkuntzea aukeratzeko eskubideaz’, adierazo dau.

Baztarrikaren esanetan, ‘kanpainearen bitartez herritarrari jakinarazo gura deutsagu badauela nora jo, bere hizkuntza eskubideak era batera edo bestera zapalduta sentiduten baditu, hor dauela Elebide, kexak jaso ez eze, salatua izan dan entidadeagaz hartu-emonetan jarteko eta kasuari konponbidea emoten laguntzeko’.

Abian jarriko dan kanpaina honek helburu bikotxa dauela nabarmendu dau sailburuordeak. Alde batetik, gizartean hizkuntza eskubideen inguruko sentsibilizazinoa sustatzea, eta, beste alde batetik, Elebide zerbitzua gizarteari hurreratzea, zelako egoeratan parte hartzen dauen erakutsita eta holako edo bestelakoren bat gertatzen bajako, ezelako duda barik, Elebidera joteko konbita eginez.


Igaz 248 intzidentzia

2007. urtean egindako txostenaren arabera, Elebide Zerbitzuak 248 intzidentzia erregistrau ditu. Intzidentzia guztietatik, 152, hau da, % 61, e-mail bitartez aurkeztu ziran eta 74, (% 30) telefonoz. 18 herritarrek posta arrunta aukeratu eben eta lau bakarrik etorri ziran bere kabuz Elebideren bulegoetara.

Kontuan hartuz herritarrek erabilitako aurkezpen-bidea, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bide telematikoaren eskaintza hobetzea erabagi dau. Apirilaren hasieratik, aplikazino barri bati esker, Elebiden garatutako prozeduren kudeaketa automatizatua hobetzeaz gan, herritarrakanako hartu-emon integralerako bide barri bat egokituko da Elebideren web orriaren bitartez. Era berean, Zuzenean zerbitzuko 012 telefono bitarteko arreta zerbitzua be indartu da.

2007an, Elebidera jo daben herritarren % 84k kexak aurkeztu ditue euren hizkuntza-eskubideak urratu diralako. Erregistrautako 248 gorabeheretatik, 207k tipologia horri erantzuten deutse. Danetara, 38 kontsulta, bi iradokizun eta eskari bat aurkeztu dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu