Ekain Ormaetxea: 'memoria historikoa berreskuratzeko kontzientziarik ez dago'

Koldo Isusi Zuazo 2008-04-21 12:22   Barriketan

Begoña Landa Gernikako alkateordea eta Ekain Ormaetxea kultura zinegotzia

Apirilaren 26an, Gernikako bonbardaketearen 71. urteurrena beteko da eta Udalak makinatxu bat ekitaldi preparau ditu. Urteurrenagaz bat eginik, bakegintzan nabarmendu diranei emoten jaken Gernika Saria Kandido Sasetari emoteko proposamena aurkeztu deutsie Gernikako Udalari Ahaztuak 1936-1977 alkarteak, Hondarribiko Sasetaren Aldeko Taldeak, Kandido Sasetaren familiakoek eta Gernikako Kultur Etxeak. Saria urtero Gernikako 1936ko bonbardaketea gogorarazoteko egiten diran ekitaldien artean emoten dabe.

Oraintsu egin eben Gernikako Bonbardaketearen 71. urteurreneko ekitaldien aurkezpena Begoña Landa Gernikako Udaleko alkateordeak eta Ekain Ormaetxea kultura zinegotziak. Hona hemen eurekaz egindako barriketaldia:


1.- Gernikako bonbardaketearen 71. urteurrena beteko da apirilaren 26an eta zenbaki biribila izan ez arren, ez da komenidu horrenbeste heriotza eta sufrimendu eragin zituan jazoerea ahaztutea. Aurten antolatutako ekitaldien artean zer nabarmenduko zeunke?

Ekain Ormaetxea: dana nabarmendu gura neuke baina badakit tarte mugatua dodala. Edozelan be, memoria historikoa suspertze aldera ekitaldi bat baino gehiago antolatu doguz; berbarako, Gernikako ospitalde militarrean hildakoei omenaldia egin geuntsen oraintsu eta, horrezaz gan, Pirineotan gerrako presoek egindako bide bati buruzko liburua ardatz hartuta, erakusketa bat izango dogu maiatzean, ‘Esklabutza frankismoan: errepideak eta fortifikazioak mendebaldeko Pirineoan’, maiatzaren 29tik bagilaren 12ra.

Begoña Landa: ekitaldi asko dira baina, akaso, apirilaren 22an izango dan berbaldi-eztabaida bat azpimarratuko neuke: ‘Hilobi izkutuak hustuz, duintasuna berreskuratu: Guda Zibileko hilobi ikerkuntzaren balio sinbolikoa’. Hizlaria Aranzadiko Francisco Etxeberria izango da. Hitzordua, Elai Alai aretoan, 20:00etatik aurrera.

Dana dala, kontzertuak, antzerkia, erakusketak, berbaldiak, lore eskaintza, manifestazino isila, Nazinoarteko Bake eta Kultur Jardunaldiak eta bestelako ekitaldi batzuk be izango dira.


2.- Gernikako kartzela-ospitale militarrean hildakoei omenaldia, Gernikako Bakearen Museoaren X. Urteurrena eta Gernikako bonbardaketearen 71. urteurrena. Ekitaldi asko pilatu dira aurten jazoera historiko baten harian...

E.O.: bai. Zorionez esango neuke, ekitaldi asko pilatu dira, eskaintza zabala dago eta modu ugari, beraz, jazoera historiko garrantzitsu bat gogoratzeko eta sasoi haretan jazotakoak gogoan hartu eta gogoetea egiteko.


3.- Bakegintzan nabarmendu diranei emoten jaken Gernika Saria Kandido Saseta, gerra zibilean gudarien komandantea izan zanari emoteko proposamena aurkeztu dau, besteak beste, Gernikako Kultur Etxeak. Nor izan zan Kandido Saseta?

B.L.: Kandido Saseta hondarribitarra euskal gudarosteko burua izan zan gerra zibilean eta faxismoaren kontrako gerra horretan egozan ideia eta alderdi desbardinak batzen eta buztartzen jakin izan eban. Askatasunaren eta demokraziaren aldeko defentsan joan ziran guztien ikur da Saseta.

E.O.: mila arrazoi dagoz Gernika Saria Kandido Sasetari emoteko; Begoñako aitatutakoez gan, gizon umila zan, argia, tratu zuzenaren aldekoa eta solidarioa, izan be, Asturiasen ibili zan burrukan haren agindupeko gudariekaz batera eta han hil eban frankotiratzaile batek. Sasetagaz batera 100 bat gudari baino gehiago hil ziran eta Sasetaren irudia nabarmentzea danen ordezkari izan zalako baino ez da. Aitagarria, oraintsu, pasa dan martian Sasetaren gorpuzkinak topau dituala Aranzadi Alkarteak Asturiaseko Arecesen eta momentu egokia iruditu jaku aurtengo Gernika Saria Kandido Sasetari emoteko.

Edozelan be, nazinoarte mailako proiekzinoagaz, aurten, Dekha Ibrahim Abdi keniarra saritzea erabagi dogu. Bertako gerran andra honek Wajr eskualdean bizi diran etnia desbardineko taldeen artean alkarrizketa eredu arrakastatsua abiarazo eban 90. hamarkadan, urte luzez gatazka belikoa sufridu ondoren. Bakezko gune batzuk lortu zituan gatazkan ziran aldeakaz berba egin eta negoziau ostean. Merkatuak, jatekoa lortzeko lekuak gerra gunetik kanpo ixtea lorpen handia izan zan baina geroago gune baketsu horreek beste esparru batzuetara zabaldu ziran, gazteria zein kultura arloetara. Uganda, Etiopia. Sudan eta Hegoafrikako herrialdeentzat eredu bilakatu dau berak martxan jarritako sistemea. Igaz, ‘Right Livelihood’ fundazinoak eskainitako nobel sari alternatiboa jaso eban eta guri be persona sano interesgarria begitandu jaku, holako saria merezidu dauena, hain zuzen be. Ganera, Gernika Gogoratuz taldeak antolatutako jardunaldiotara dator aurten.


4.- Oraintsu topau ditue Asturiasen Kandido Sasetaren gorpuzkinak. Zer adierazoten dau horrek?

E.O.: urte asko joan dira baina gauzak egiteko gogoa eta borondatea badago, azkenean egin egiten dira. Gorpuzkinak oraintsu topau dituen arren, mundu guztiak baekian Asturiasen, Las Regueras kontzejuko Arecesen, hor nonbait lurperatuta egozala. Nik pentsetan dot memoria historikoa berreskuratzeko kontzientziarik ez dagoala hemen, beste leku batzuetan, Kataluinian daben moduan, berbarako. Gurean, badagoz ikerketa taldeak baina euren baliabide urriak tarteko ahal dabena egiten dabe, bakotxak bere aldetik; administrazino publikoaren ahalegin handiagoa beharko litzatekela uste dot.

B.L.: bai. Alde horretatik gitxi egiten da. Ikerketan dabilzan talde gehienak edo danak esango neuke partikularrak dira eta zeozelako babes faltea igarten da. Espainiako gobernuak orain atara dau memoria historikoaren inguruko lege bat baina ez da nahikoa eta ez dakit aplikagarria izango bada be.


5.- Nortzuk jaso dabe orain arte Gernika Saria?

E.O.: Gernika Sarien laugarren dizinoa da aurtengoa. Azpimarratu gura neuke, sari honek alde bi dituala, lekuan lekuko eremura bideratuta bata eta proiekzino internazionalagaz bestea. Esangura horretan, lehenengo edizinoan, Michael Gasper eta Juan Gutierrez izan ziran saridunak. Igaz, barriz, Adolfo Perez Esquivel, nobel sariduna eta Gernikako Bonbardaketearen Lekukoen Kolektiboa izan ziran.


6.- Gerrako pasadizuak, jazoerak eta enparauak ezagutarazoteko eta ikertzeko taldeak badira gurean, baita Gernikan be; Sasetaren Aldeko Taldea, Ahaztuak 1936-1977, Gernika Batzordea, Gernika Gogoratuz... Gernikako Udalak zelako hartu-emonak ditu holako taldeakaz?

E.O.: gu barriak gara eta azken urtebetean, administrazino publiko garan aldetik herriko talde, alkarte eta kolektiboakaz hartu-emon ‘normalak’ doguz, hau da, danakaz berba egiten dogu eta danan ekarpenak aintzat hartzen doguz. Alkarlanerako tratua nahitaezkoa begitantzen jaku eta holan jarraituko dogu.

B.L.: orain arte ez da hartu-emonik izan eta izan diran apurrak ez dira bape mamitsuak eta normalizatuak izan. Horren ondorioz, ekitaldi ofizialez gan, makinatxu bat ekitaldi alternatibo egin izan dira. Hori penagarria da eta holako egoerak ebitetako eta danak be zeresana dabela kontuan hartuz, danak alkartu doguz, danan ekarpenak balorau eta egitarau bateratua antolatzeko.


7.- Gernikako bonbardaketearen krudeltasuna adierazoten dauen Picassoren ‘Guernica’ koadroaren auzia berbagai izaten da urteurrenaren inguruko egunetan. Ikusiko ete dogu inoiz koadro hori Gernikan?

B.L.: gogo eta ekimen falteagaitik ez da izango... Eta bonbardaketearen urteurrenaren atxakiagaz ez eze, egungo alkateak aukerarik txikiena aprobetxetan dau Guernica koadroa Gernikara ekarri behar dala aldarrikatzeko. Hori da helburua, Picassoren Guernica Gernikara ekartea, ez Guggenheimera ez beste inora, Gernikara baino eta gure esku gauza handirik ez dagoan arren, guztia jarriko dogu horren alde.

E.O.: Guernica koadroak inon lekua badauka, Gernikan da. Orain arte entzundakoak atxakia hutsa dira, koadroaren egoerea, lekualdaketarako baldintzak... Kontua da ze, Reina Sofiaren ondare kultural garrantzitsuena dala eta ez dauela galdu gura.

B.L.: adituakaz makinatxu bat batzar egin izan doguz eta batek be ez deusku arazo teknikorik aitatu. Gaur egungo baliabide eta tresnakaz ez dago ezelako arazorik koadroa Madriletik Gernikara akarteko. Gero, jakina, Gernikan leku egokia beharko geunke baina hori ez litzateke arazoa izango. Madrilek baietz esan ezkero, berehala goaz bila. Erabagia politikoa da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu