DBHko ikasle etorkinen % 40 baino gehiagok euskereagazko jarrera positiboa erakutsi dau

Bizkaie! 2008-04-17 14:22   Euskerea berbagai

Vanesa Rojo doktoreak egindako tesiaren helburua da ikasle etorkinek EAEko hizkuntza ofizialakazko dituen hizkuntza-jarrerak deskribidutea eta aztertzea, eta, era berean, jarrera horreek definiduten dituen eragileak ezagutzea. Horretarako, analisi estadistiko bat egin dau 12 eta 16 urte bitarteko DBHko 572 ikasleren artean; horretako 390 autoktonoak dira, eta 182, barriz, etorkinak.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek EAEko hizkuntza ofizialakazko jarrerea aztertu dau Euskal Herriko Unibertsitatean aurkeztutako doktore-tesi batek. Ikasle etorkinen % 41,2k eta bertakoen % 70,3k euskerearen aldeko jarrerea dabela ondorioztatzen da Vanesa Rojo pedagogoak Bilboko Irakasleen Unibersidade Eskolan aurkeztu dauen doktore-tesitik.

Azken urteetan, asko handitu da atzerriko ikasleen presentzia Espainiako hezkuntza-sisteman, eta EAE etorkin gehien jasoten dituanetarikoa ez dan arren, 2001etik aurrera talde horrek euskal gizartean izan dauen gehikuntzea esanguratsua izan dala dino Rojok.

Hainbat ikerketek erakusten dabenez, ikasle atzerritarrek oro har euren ikaskide autoktonoek baino eskola-porrot handiagoa izaten dabe, eta ikasketan erabilten daben hizkuntzea ez menperatzea izaten da sarritan porrot horren arrazoietako bat. Era berean, frogatu da ikasle batek hizkuntza barri bat ikasteko garaian erabagigarria dala ikasleak hizkuntza horregazko eta hizkuntza horrek transmitiduten dauen kultureagazko dauen jarrerea.

Vanesa Rojo pedagogoa ikerketa horreetan oinarritu da EHUn aurkeztu dauen doktore-tesia egiteko: ‘Hizkuntzakazko jarrerak Euskal Autonomia Erkidegoan. Eskola-ume autoktonoen eta etorkinen arteko konparazinozko azterketea’.

Bilboko Irakasleen Unibersidade Eskolako Bilakaerearen eta Hezkuntzearen Psikologia Saileko Jose Maria Madariaga Orbea eta Lleidako Unibersidadeko Pedagogia eta Psikologia Saileko Angel Huguet Canalis irakasleek zuzendutako doktore-lan hori Eusko Ikaskuntzaren beka baten bidez egin da. Vanesa Rojo Robas Pedagogian lizentziaduna da, eta edade txikikoentzako zentro batean egiten dau lan irakasle moduan.

Rojo doktoreak egindako tesiaren helburua da ikasle etorkinek EAEko hizkuntza ofizialakazko dituen hizkuntza-jarrerak deskribidutea eta aztertzea, eta, era berean, jarrera horreek definiduten dituen eragileak ezagutzea. Horretarako, analisi estadistiko bat egin dau 12 eta 16 urte bitarteko DBHko 572 ikasleren artean; horretako 390 autoktonoak dira, eta 182, barriz, etorkinak.

Horreek guztiek Servei d'Ensenyament del Catalá-k landutako inkesta soziolinguistiko batean parte hartu dabe. Inkesta horren muina osotzen daben 20 adierazpenen bitartez, ikasleek hizkuntzeagazko daben jarrerea hiru kategoriatan sailkatu daiteke: aldekoa, neutroa eta kontrakoa.

Vanesa Rojo doktoreak lortutako datuetatik ondoriozta daiteke ikasle autoktonoen artean euskerearen aldeko jarrerea dala nagusi (% 70,3), eta etorkin-jatorriko eskola-umeen jarrerea, barriz, ia bardina izan dala, hau da, neutroa kasuen % 44an eta aldekoa % 41,2an.

Gaztelaniari jagokonez, ikasle autoktonoen erdiak baino gehiagok (% 54,6) jarrera neutroa dabe; herena baino zeozertxo gehiago (% 36,7) aldeko agertzen da; eta % 8,7k gaztelaniaren kontrako jarrerea dau. Hizkuntza horren aldeko jarrerea erakutsi daben etorkinen portzentajea, ostera, % 62,6raino heldu da, eta azpimarra daiteke talde horretako inork ez dauela gaztelaniaren kontrako jarrerarik erakutsi.

Era berean, Rojo doktoreak aztertu dau loturarik dagoan ala ez ikasleek hizkuntzakazko dituen jarreren eta beste faktore batzuen artean, besteak beste, ikasketetan erabilten daben eredu linguistikoa, etxean erabilten daben hizkuntzea, gurasoen kultura-maiela edo egoera profesionala. Atzerriko ikasleen kasuan, gainera, kontuan hartu dira euren jatorrizko herrialdeko hizkuntzea, han eben eskolatze-mailea, Euskal Herrian daroen denporea eta hona heldukeran eben edadea.

EHUn aurkeztutako tesi honen lehen ondorioek adierazoten dabe hizkuntzakazko jarrerea zuzenean lotuta dagoala etxean erabilten dan hizkuntzari. Izan be, etxean euskerea erabilten dabenek euskereagazko jarrera positiboagoa dabe, eta, alderantziz, gaztelaniaz berba egiten dabenek jarrera positiboagoa dabe gaztelaniagazko.

Bestalde, etorkin elebidunek euskerearen aldeko jarrera hobea dabe gaztelaniaz bakarrik berba egiten dabenek baino. Beste ondorio bat da D ereduan matrikulautako ikasleek euskerearen aldeko jarrera nabarmenagoa dabela A ereduan ikasten dabenek baino, bai bertako ikasleen bai ikasle atzerritarren kasuetan.

Familien kultura-mailea ikasle autoktonoen taldean baino ez da agertu faktore adierazgarri legez. Goi-mailako ikasketarik ez daben gurasoen seme-alabek gaztelaniagazko jarrera positiboagoa dabe unibersidade-titulazinoa dabenek baino. Maila sozioekonomikoa kontuan hartuz, erdi-maila eta maila baxuko familietatik datozen ikasleak gaztelaniaren aldekoago dira goi-mailako familietako eskola-umeak baino.

Ikasle etorkinen taldean, euren jatorrizko herrialdea sano garrantzitsua izan da hizkuntzeagazko jarrerea definidukeran. Berbarako, Latinoamerikatik datozenek euskereagazko jarrera negatiboagoak erakutsi ditue munduko beste tokietatik datozenek baino.

Azkenik, tesiaren egileak azpimarratzen dau etorkinek Euskal Herrian daroen denporea eta hona heldukera eben edadea ez dirala faktore adierazgarriak. Halan da be, EAEra orain sei urte baino lehenago heldu ziranen eta hamar urte bete baino lehen etorri ziranen artean euskerearen aldeko joera hobeagoa da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu