EHUk eta Euskaltzaindiak 'Euskerazko Tesien Koldo Mitxelena Saria' sortu dabe
2008-04-17 11:31 Euskerea berbagaiSaria urte birik behin deituko da. Zientzia esperimentalak; ikasketa teknikoak; osasun zientziak; gizarte zientziak eta zientzia juridikoak; eta giza zientziak arloetako tesiak sarituko dira.
Euskal Herriko Unibersidadeak 'Euskerazko Tesien Koldo Mitxelena Saria' sortu dau, euskerazko ikerketea bultzatzeko eta sustatzeko asmoz. Saria urte birik behin deituko da Euskaltzaindiagaz batera, eta bost jakintza-arlo nagusi hartuko dira kontuan: Zientzia Esperimentalak; Ikasketa teknikoak; Osasun Zientziak; Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak; eta Giza Zientziak.
Saria sortzeagaz batera, 2008ko deialdia be egin dabe. Euskal Herriko Unibersidadean 2005-06 eta 2006-07 ikasturteetan euskeraz idatzi eta defendidutako doktorego-tesiak aurkeztu ahal izango dira deialdi honetara. Europar Tesi legez aurkezturiko tesiak be onartuko dira, erabilitako hizkuntzetako bat euskerea izan bada. Bestalde, Bikain Cum Laude kalifikazinoa aho batez lortu daben tesiak baino ez dira onartuko, eta gitxienez tesia argitalpen baten edo patente baten sorburu izan dala erakutsi beharko dau hautagaiak.
Sari honen epaimahaia honako honeek osotuko dabe: EHUko Euskera erretoreordea, epaimahaiburua izango dana; Euskaltzaindiaren Iker sailburua, epaimahaibuorde lanak egingo dituana; EHUko Euskera Zerbitzuaren zuzendaria; eta bost jakintza-arloetako bina doktore. Bestetik, EHUko erretorea eta euskaltzainburua ohorezko buruak izango dira eta botorik ez dabe izango. Azkenik, Euskera Erretoreordetzako teknikariak idazkari lana egingo dau eta, ohorezko buruek legez, botorik ez dau izango. Irabazleek oroigarria, diplomea eta 2.000 euro jasoko ditue.
Urtero 200etik gora doktorego tesi aurkezten dira Euskal Herriko Unibersidadean eta horreen artean hainbat dira euskeraz. Orain, sortu barri dan Koldo Mitxelena Sariaren bitartez, EHUk eta Euskaltzaindiak euskerazko tesien ekarpen bikotxa goraipatu gura dabe, batetik jakintzearen arloa zabaltzen laguntzen dabelako eta bestetik euskerearen normalizazinoaren prozesuan be guztiz lagungarriak diralako. Bidez batez, saria Koldo Mitxelena zanaren omenez sortu da, 'gure artean, inork baino hobeto landu eta garatu ebalako ekarpen bikotx hori'.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!