Josu Barrena Meaza: 'sari hau ez da helmugea, abiapuntua baino'

Koldo Isusi Zuazo 2008-04-14 12:51   Barriketan
Elorrioko Txintxirri ikastolako zuzendaria

Datozen egunotan, Elorrioko Txintxirri Ikastoleari jagokon urrezko Q-aren diploma eta intsignia emote ekitaldia (apirilaren 16an)eta Ikastolearen 40. urteurreneko jaialdia (apirilaren 19an) izango dira. Horretaz eta ikastolearen ibilbideaz hona hemen ikastolako zuzendariak kontau deskuzanak:


1.-
1996tik Elorrioko Txintxirri Ikastoleak EFQM (Kalitate Kudeaketarako Europear Iraskundea) ereduaren ezarpenaren bitartez kalidadezko hezkuntza parte-hartzaile eredu baten aldeko apostua egin dau personen formakuntza integrala bultzatuz. 2003an zilarrezko Q saria irabazi ostean etorri da urrezkoa. Zer baloretan da holako sariak emoteko? Ze aldaketa ekarriko dabe sariok?

Zeozelan esateko, honelako sari batek baloretan dauena zera da: erakunde batek zelan kudeatzen dituan bere barruan emoten diran ekintza edo jarduera guztiak, irakaskuntzakoek aparteko garrantzia dabelarik. Beste era batera esanda, Ikastolearen jarduera desbardinak aurrera eroateko emon beharreko pausu guztiak argi t´garbi jasota doguz, idatziz, nahi dauenak erabili ahal izateko. Kudeaketa sistema honen helburuetariko bat, jazo daitekezan aldaketen aurrean, erakundeak ahalik eta trauma txikiena izatea da. Bestalde betidanik dago joera bat esateko ’gauzak holan egin izan doguz betidanik’, baina modelo honek, Ikastolako eragile guztiei egindako galdeketen bidez jasotako datuak erabiliz, aldaketa eta hobekuntzak aurrera eroateko oinarria emoten deusku.

Errekonozimendu hau jaso izanak bultzada bat emoten deusku orain arte jorratutako bide beretik jarraitzeko. Gauzak ondo egiten ari garan adierazle da, eta sari hau ez da helmuga bat, beste abiapuntu bat baino.


2.-Elorrion, herri ekimenaren bidez sortutako hezkuntza kooperatibea da Txintxirri, euskalduna, anitza eta barritzailea. Zeintzuk dira ikastolearen helburu nagusiak?

Ikastola bat izanik, gure helburu nagusia kalidadezko hezkuntza euskaldun baten bidez personak, bere osotasunean eta gizarteak eskatzen deutsozan erronkei aurre egiteko gai diranak, heztea da. Horretarako, pentsamendu kritikoa, konprometitua eta berezkoa sustatzen dogu, era inklusiboan, talde lanean jardunez eta persona guztiak onartuz eta errespetatuz.


3.- Ingurumenari eta eleaniztasunari aparteko garrantzia emoten deutsazue...

Bai egia da, ingurumena eta eleaniztasuna be gure ardatzetariko bi dira. Ingurumenari jagokonez, ikasle, irakasle eta gurasoek osoturiko lantaldea dago. Talde honek Udaletxeko Agenda XXI-ek proposaturiko ekintzetatik aparte bere plangintza propioa dauka. Plangintza honetako ekintzetan Ikastolako ikasle guztiek hartzen dabe parte (edadearen arabera), gure Proiektu Kurrikularrean txertatuta dagoalarik.

Eleaniztasunari jagokonez, umeek 4 urtetik aurrera ingeles eskolak izaten ditue. Ipuin eta antzerkitxoen bidez euren lehen urratsak emoten ditue. Proiektu honen helburua ume honeek DBHko 2. Ziklora heltzerakoan, Gizarte Zientzietako irakasgaia ingelesez jaso ahal izatea da. Epe luzerako erronka da, baina bere frutuak emoten ditu.


4.- Zelako lekua dauka azken aldion polemika iturri dan heziketa fisikoak ikastolan?

Dudarik barik, esku artean darabilgun gaia da. Ikuspuntu desbardinak aztertzen ari gara eta ikasturte honen amaierarako erabagiko dogu ikasleentzat onena deritzoguna. Ezin baitogu ahaztu eurak dirala gure jarduerearen arrazoia.


5.-
Elorrioko Ikastolea 1968an sortu zan, euskerea eta euskal nortasuna berreskuratzeaz arduratuta egozan guraso batzuen ardurapean. Ordutik hona, zertan aldatu da ikastolea? Zein izan da bilakaerea?

Hasiera-hasieratik beste ikastetxetatik bereiztu gaituan ezaugarri nagusiena metodologia aurrerakoia erabiltea eta Ikastolen mobimentua osotzen dogunon lanerako pasinoa eta gogoa izan dira. Gure burua beti dago martxan, beti dago zer hobetu eta ikasketak erakargarri eta eragingarriago egiteko zeozer; eta gu horren atzetik gabilz. Adibide moduan, Ikastolek sortutako hainbat material beste ikastetxeek erabilten dabe.


6.- XVIII. Mendearen erdialdean eregitako Txintxirri Jauregia da 1970etik ikastolearen egoitza. Ordurate, barriz, makinatxu bat lekutan emon izan dozuez eskolak...

Egia da bai sorreratik alor desbardinetatik etozan oztopoak gaindituz, hainbat arazo izan doguzala egoitza finko bat izan arte. Besteak beste ondokoak izan dira gure egoitzak: Misionerak, Batzokiaren eraikina, Aldapabeiti Jauregia, San Juan Kalea eta Asuncionistak. Azkenean San Pio Kalean dagoan Txintxirri Jauregia erosi eben gurasoek eta, gaur egun, bertan gagoz.


7.- Orain bi urte Ibilaldia antolatu ostean, Elorrioko Txintxirri ikastoleak 40. urteurren jaia ospatuko dau apirilaren 19an. Berrogei urteko ibilbide horretan zeintzuk izan dira mugarriak? Eta momenturik gogorrenak?

Dudarik gabe, Ikastola bera sortzea izan da mugarririk handiena. Denok dakigu zer-nolako egoeran funtzinatu behar izan zuten Ikastolek legalizazioa lortu arte, 1974.an. Hortik aurrera momentu gozoak gaziak baino ugariagoak izan dira: BUP emateko baimena lortu genuenean, haurtzaindegia zabaltzeko baimena lortu genuenean gure hezkuntza eskaintza 0-16 urtekoa bilakatuz, 99.an eta 06.an ospatutako bi Ibilaldiak, Kudeaketan lortutako bi sariak (2003.an Zilarrezko Q-a eta 2007.an Urezko Q-a),… Momenturik gogorrenari dagokionez, dudarik gabe, Ikastolen Publifikazio legeak sortutako hondamendia izan zen. Urte betean ikasleen 2/3-ek Ikastolatik aldegin zuten eta ateak ixtear egon ginen. Baina lan gogor eginez, eta urte oso gogor batzuk pasatu ondoren, aurrera egitea lortu dugu; berpiztu egin gara.


8.- Ikastolearen 40. urteurreneko jaialdian, lehen promozinoko guraso, ikasle eta sortzaileak omenduko dozuez...

Bai horrela da, baina argi esan behar dugu gure asmoa Ikastolatik pasatu diren jende guztia omentzea dela. Argi dago ezinezkoa dela denak biltzea eta horregatik lehen promoziokoak eta Ikastolako sortzaileak izango dira oholtza gainean omenaldia jasoko dutenak, baina beste guztien ordezkariak izango dira.


9.- Zeintzuk dira ikastolearen bihar-etziko erronkak?

Arestian aitatu bezela, Ikastolen ezaugarrietariko bat pedagogia eta metodologia aurreratuenakaz lan egitea da eta gure asmoa holan jarraitzea da. Etenbarik gizarteagaz kontaktuan gagoz eta gizartean emoten diran aldaketa horreetara moldatu behar gara gure ikasleak ahalik eta jantzien urtetako.


10. 2008-2009 ikasturterako matrikula kanpainea egunotan zarratu da inoizkorik beranduen. Saltsa
handia dago azken aldion, ikasleak onartzeko arautegi barria, euskal kurrikuluma...

Holan da bai. Eusko Jaurlaritzeak dekretu barria atara eban martiaren hasieran eta denpora apur bat behar izan dogu dekretua irakurri eta barruratzeko: ratioak, baremazinoak… Egia esan, baremazinoaren gai honek ez gaitu zuzen-zuzenean ukutzen. Elorrio herri txikia izanik danontzako lekua baitago. Bestalde Ikastolek sustatu eta bultzatutako Euskal Kurrikulumaren gaia be hortxe dago. Zenbait puntu onartuak izan dira eta beste batzuk ez. Dana dala, guk lanean jarraituko dogu euskerearen eta euskal kulturearen alde lan egiten eta etorkizunerako personak hezten.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu