Gazteentzako Irrika aldizkari eta webgunea eta ZIO bildumako azken liburua aurkeztu ditue
2008-04-04 15:41UPV/EHU, Eusko Jaurlaritza, Foru Diputazinoak eta Elhuyar Fundazinoa batu dira zientzia euskeraz jendarteratzeko.
UPV/EHUk Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibersidade eta Ikerketa sailaren, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Diputazinoen eta Elhuyar Fundazinoaren laguntzinoagaz sortutako ZIO proiektua (Zientzia Irakurle Ororentzat) aurkeztu da. ZIO proiektuaren helburua zientzia euskeraz jendarteratzea da. Lehen ekimenak ondokoak dira: alde batetik, Irrika, DBHko 3. eta 4. mailako eta Batxilergoko ikasleei zuzendutako dibulgazino aldizkaria eta webgunea. Bestetik, UPV/EHUk 2003tik argitaratzen dau ZIO bildumea. Beraz, dibulgazino proiektu honen lehen urratsa izan zan bildumea. ZIO bildumeak liburu barri bat argitaratu dau: ‘Gogo basatiak: zer duten animaliek benetan buruan’. Egilea Marc D. Hauser psikologo eta biologo eboluzionista eta Harvard unibersdadeko irakaslea da.
ZIO ekimen honek helburu bikotxa dauka. Batetik, ezagutza zientifiko, humanistiko, teknologiko eta abarren jendarteratzea erraztuko dau eta bestetik, goi mailako ezagutza jendarteratuko dau euskeraz. Hau oso garrantzitsua da, egun euskerearen presentzia eskasa dan kultur eremu eta komunikazino alorretan bere erabilerea normaldu eta zabaltzeko lagungarri izango baita. Holan, euskal hiztunak hizkuntzearen erregistro ikasietara hurreratuko ditu.
Irrika
Irrika aldizkariak zientzia-teknologia eta gizarte-zientzietako gaiak zabalduko ditu gazteen artean; jakintza eta ikerketeagazko jakin-mina, zaletasuna eta bokazinoa piztea da helburua. Euskerazko, gaztelaniazko eta ingelesezko edukiak osotzen ditue aldizkaria eta horreeklantzearen ardurea Elhuyar Fundazinoarena izan da. Aurten hiru zenbaki argitaratuko dira: udabarrian, udagoienean eta neguan.
Diseinuari jagokonez, formatu txikikoa da aldizkaria, karpetan sartzeko modukoa (19,5x19,5 cm) eta 40 orrialdek osotzen dabe. Kolore bizi eta gaur-gaurko irudiez horniduta dago. Aldizkariak 66.000 aletako tiradea izango dau eta doban banatuko da ikastetxeetan. Bestetik, aldizkariak webgunea be dauka (http://www.irrika.net). Atari horrek aldizkariaren helburu berak izango dituan arren, argitalpenaren osogarria izango da. Izan be, webgunean batez be interaktibidadea sustatuko daben atalak lantzeko aukerea jorratuko da: gazteen zalantzak argitzeko foroa; galdera jakin bat egin eta gazteek erantzuteko atala; aldizkariko alkarrizketak eta erreportajeak proposatzeko aukerea; sariketak eta abar. Web gunean eduki guztiak hiru hizkuntzetan argitaratuko dira, euskeraz, gazteleraz eta ingelesez.
Lehen alean, ideien, emozinoen, garena egiten gaituanaren, hau da, garunaren kutxea edegi dau Irrikak. Atea edegi eta garunaren etxean sartu da zelan eraikia dagoan ikustera. Eta euskal ikertzaileek etxe handi hori erabiliz egiten daben lanen barri be jaso dau: fruta-zumoetan emoten diran iruzurrak, krimenak argitzerakoan intsektuen balioa, gazte eta helduen debateak bardinak ez dirala... Eta ondoren, kalera atara da, Bilbo geologikoa ezagutzera. Kalea fosilez josita dagoala igarri dau, eta bisita turistiko berezia proposatu dau. Horrezaz gan, kalean, informatzeko aukerea be izan dau, eta gauza bitxi ugari jakin dau: kakao likorea uste baino zaharragoa dala, gazteek entzuten daben abestien % 42k drogak aitatzen dituala, tatuaje elektronikoen atarian gagozala, etab. Bestalde, mito batzuk be ezerezean geratu jakoz. Eta persona interesgarriak ezagutu ditu: Eñaut Elorrieta Ken Zazpiko abeslari eta fisikaria; Gala Moreno, denporaldi luzeak Indiako Itsasoan emoten dituan ikerlaria; eta Nikaraguatik bueltau barri dan Ainhoa Jimenez ikaslea, eta abar luze bat.
ZIO bildumako liburu barria
ZIO bildumak zientzia dibulgazinoko liburuen itzulpenak kaleratzen ditu, hain zuzen, kalidade gorena eta mundu osoan arrakastea izan daben argitalpenak. Zazpigarren alea ‘Gogo basatiak: zer duten animaliek benetan burlan’ izan da. Egilea Marc D. Hauser, psikologo eta biologo eboluzionistea Harvard unibersidadeko irakaslea eta Primateen Neurozientzia Laborategiko zuzendaria. Itzal handiko ikertzailea da psikologia ebolutiboan eta neurozientzietan, eta hainbat argitalpen espezializaturen egilea. Punta-puntako ikerkuntzan jarduteaz gan, zientzia-alor horreetan egindako aurkikuntzak idazkera argi eta erakargarriz zabaltzen ditu jentartean.
‘Gogo basatiak: zer duten animaliek benetan buruan’liburuan zer pentsatzen daben animaliek, zer sentiduten daben, emozinorik daben, hasarrea edo oinazea, errukia sentiduteko gai diran galderen erantzunak eskaintzen ditu liburuak, psikologian, biologia ebolutiboan, neurozientzietan eta zientzia kognitiboan egindako aurkikuntzetan sendo oinarrituta. Hauser-ek adierazoten dauenez, animaliak ez dira sentipenik bako automatak, ez eta gizakion isla hutsa be; izaki beregainak dira, izadiaren indar konplexuek gidatzen eta moldatzen ditue euren burutazino eta gogoak, gureak bezela. Prosa argi, bizi eta dotorea darabil Hauser-ek.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!