Laster abiatuko da GR-16 bertso-bidea
2008-04-02 15:03 BertsolaritzeaIbilbidea luzatu, eta hamasei herritako bertsolari eta bertsozaleak batuko ditu aurtengoan, eta apirilean hasi eta udagoienean amaituko da. Plaza gitxi egiten dituen bertsolariei aukera emotea eta herrietako bertso-eskoletara jente barria hurreratzea ditu helburu egitasmoak.
Barrikuntza ugari dakarz abiatzear dagoan GR-16 bertso-bideak: ibilbidea luzatu, eta hamasei herritako bertsolari eta bertsozaleak batuko ditu aurtengoan, eta apirilean hasi eta udagoienean amaituko da. Plaza gitxi egiten dituen bertsolariei aukera emotea eta herrietako bertso-eskoletara jente barria hurreratzea ditu helburu egitasmoak.
Orain bost urte jarri eben martxan proiektua Hernani, Oiartzun, Lasarte eta Orioko bertso-eskolek. Orain hiru urte Orereta gehitu jakon hasierako laukoteari; orain bi urte Zarautzek, Lesakak eta Mallabik GR-8ra zabaldu eben proiektua, igaz lau talde barrigaz (Azpeitia, Goierri, Urretxu-Zumarraga eta Zumaia) GR-12 bertso-bidea osotu genduan, eta aurten, beste lau talde barrigaz, GR-16 bertso-bidea osotuko dogu; Gasteiz, Hendaia, Oñati eta Zestoa dira lau talde barriak. Beraz, Gipuzkoan, Bizkaian, Araban, Lapurdin eta Nafarroan arituko gara norgehiagoka, lagun arteko zirikan, bertso-kantari.
Kilometroa, barriz, ez da GR-16 proiektuaren handitasuna neurtzeko parametro egokiena. Udabarri-udagoiena bitarteko egutegia osotzen dabilz dagoeneko hamasei herrietako bertso-eskolak. Apiriletik udagoienera bitartean, asteburuz asteburu eta herriz herri izango da txapelketako jaialdiren bat.
Hiru fase izango ditu txapelketak:
*Lehenengo fasean, hamasei herriak launaka banatuta, lau multzotan arituko dira:
A Multzoa: Orereta, Zumarraga-Urretxu, Lesaka eta Orio.
B Multzoa: Goierri, Oiartzun, Hernani eta Hendaia.
D Multzoa: Mallabia, Zumaia, Oñati eta Gasteiz.
E Multzoa: Zarautz, Azpeitia, Zestoa eta Lasarte.
Multzo bakotxean, herri bakotxa beste hiru herriakaz arituko da, joan-etorriko saioetan. Saio horreek jokatu ostean, multzo bakotxean puntu gehien lortu dituan taldeak aurrera jarraituko dau (puntuazinoa lortzeko, aurten be entzuleak izango dira epaile saio bakotxean).
*Bigarren fasean, finalerdiak jokatuko dira. Lau taldeak binaka jarri, eta bikote bakotxak saio bakarra jokatuko dau. Hortik atarako dira bi talde finalistak.
*Finala: aurreko fasetik sailkatutako bi taldeek jokatuko dabe.
Beraz, danetara, 51 saio jokatuko dira. Saio guztietan, etxeko taldearen ardurea izango da saioa antolatzea, eta harek aukeratuko ditu emonaldiaren formatua, lekua eta ordua. Tabernan egin ohi dira saio gehienak, baina bestelako formatuei be edegia dago GR-16a, hau da, librean egiten diran saioei, trama-itxurakoei...
Jario, kantaera eta eskarmentu desbardineko bertsolariak alkartzen ditu GR-16ak. Jentaurrean aritzeko aukera askorik ez dauen jenteari plazak emotea da helburua, baita apurka-apurka herritarrak bertso-eskolara hurreratzea be.
Hilero izango dozue GR-16ak emon dauenaren barri. Emoitzak www.bertsozale.com atarian zintzilikatzeaz gan, hamasei herrietako tabernaren batean txapelketa berezi honen inguruko informazinoa topau daiteke.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!