Roberto Arteagabeitia: 'txapelketeak erakusten dau usoa ona dan ala ez'

Saioa Torre Gereketa 2008-04-01 12:06   Barriketan
Kolonbofiloa

Kolonbofiloa uso mezulariak hazten eta hezten dituan personea da eta, askoren kasuan, zaletasun izatetik kirol mailara pasau da. Roberto Arteagabeitia eatarra dogu horren adierazle.

Txapelketatan, denpora tarte laburrenean kilometro gehien egiten dituan usoa da irabazlea, etxetik urrun soltau ostean etxera inor baino lehenago bueltetan dan usoa. Distantziak edonor harrituta ixteko modukoak dira: usoak 100, 500 zein 1.000 kilometro egiteko kapaz dira. Ezaugarri horren eta beste askoren ganean egin dogu berba Arteagabeitiagaz.


1.- Zelan hasi zinan kolonbofilian? Nondik jatortzu afizinoa?

Lagun batek uso pare bat erregalau eustazan orain zazpi bat urte, uso mezulariak, arrantzale batek atrapautakoak. Astebete pasau eta belatzak jan egin eustazan. Gero, herriko landa-turismo etxe bateko jaubeak usoak ditu eta ikustera joan nintzan. Bide batez, usakumeak saltzeko eskatu eta hamar-hamabi bat erregalau eustazan. Ostean, lagun batek komentau eustan bere familiako batek usoak zituala eta, mesedea eskatuta, Angelura hamabi uso bialdu euskuzan. Uso hareek oso onak izan ziran. Orduan, Bilbon, Club Colombófilo Vizcaya Mensajera alkartean federau eta uso hareekaz, lehenengo urtean, sariak irabazten hasi nintzan. Ostean, ia gura barik, uso onak nituanez, jentea uso onak emoten hasi jatan. Uso onak badaukazuz, erraza da hobeak lortzea, trukera. Zer eskaini ez badaukazu, ahaztu. Baina uso onak euki ezkero, jenteak zuri onak emoten deutsuz.


2.- Zenbat uso daukazuz?

Ugalketarako, 17 bikote, hau da, danetara 34. Beste 130 bat nagusiak, txapelketatarako eta beste ehun bat usakume, aurtengoak. Ia hirurehun.


3.- Zelan antolatuta dagoz? Kutxatan, kaiolatan...

Alde batetik, kumak egin behar dituenak dagoz. Horreek, neguan apartauta euki behar dira. Zemendian, tratamentu orokor bat egiten jake, biziorik eta gaixorik ez atrapetako. Gero, alkartu eta San Juan egunera arte dagoz batuta. Ostean, banandu. Horreek usategiaren leku batean dagoz.

Gero, arrak alde batean dagoz eta emeak bestean. Txapelketa sasoian baino ez dodaz jarten alkarregaz, ez daiten desgasterik egon. Holan, motibau egiten dira eta etxera bueltan datozanean, arra edo emea bertan euki behar dabe, bestela hurrengoan ez datoz.

Arrak oso ondo motibetan dira emeakaz, emea itxaroten dagoala jakin ezkero, etxera datoz. Baina emeak ez dira motibetan arrakaz. Emeek, arrautzak edo kumak euki behar ditue motibetako. Bestela, ez daukie motibazinorik. Hor dago desbardintasuna.


4.- Zeintzuk dira usoak ondo jagoteko jarraitu beharreko pausuak? Ura, jatekoa, garbitasuna...

Egunero-egunero, ur garbia eta sagardao-ozpina emoten deutsedaz, hamar litro uretan koilarakada bat ozpin. Gero, arnasa ondo hartzeko botika naturalak be hartzen ditue, mantzanilea eta teak be bai. Te desbardinak hartzen ditue, hasieran kostau arren.

Bueltan datozanean, elektrolitoak emoten deutsiedaz. Elektrolitoak edozein kirolari profesionalek kirola egin ostean hartzen dituan glukosea eta beste hainbat substantzia dira, txorientzat berenberegi preparautakoak, egindako esfortzua errekuperetako. Ganera, sarritan, katarrorik ez hartzeko, edo tripalak ez izateko, edo estresak jota ailegetan diranean, edo denpora txarra dagoanean... substantzia bereziak emoten deutsedaz.

Jatekoari jagokonez, beste mundu bat da. Txapelketak baino lehen, dana garbi jan behar dabe, dieta garbigarria, garagar asko eta abar. Gero, txapelketatan, zenbat eta txapelketa gogorragoak, elikadurea be desbardina izango da. Hasieran, 50 kilometroko txapelketak egiten dira, baina gero, astero-astero, distantzia hori handitzen doa, 200, 300... Horregaitik, elikaduran proteinak sartzen dira, baba txikiak, artoa, idarrak... Usoek badakie zein momentuan zer jan behar daben.


5.- Zertan oinarritzen zara uso bat bikaina dan jakiteko?

Personakaz moduan. Usoen artean, kategoria desbardinetakoak dagoz, kirolarien artean legez. Handiagoak, indartsuagoak, azkarragoak. Abiadurakoak eta fondokoak edo distantzia luzeetakoak dagoz; azken horreek dira preziatuenak eta karuenak. Eskasak izaten dira, fin-finak, hego handiakaz. Uso oso trankilak dira. Orientetako denpora gehiago behar dabe baina bidea hartzen dabenean, bardin edurra zein euria zein haizea... Etxera datoz. Abiadurakoa, barriz, biziagoa da, beroagoa, emeakaz be bai... Izakera desbardinekoak dira. Zein da gehien baloretan dana? Fondoko usoa, Euskal Herrian sarritan egiten dauelako eguraldi txarra, lainoa, euria... Horregaitik, fondokoak balio dau gehiago, burua daukanak. Zelan jakin hori? Kumak atarateko, guraso onenak hartzen doguz, normalean onen artetik onak urteten dabelako. Halanda be, kuma piloa atara arren, onak batek edo bik urtengo dabe. Personen moduan da: lau neba-arreba izanda, erakutsi arte eta emoitzak ikusi arte ez dakizu zein izango dan ona.

Eguraldi txarragaz, belatzen erasoakaz, telekomunikazino-sistemak dagozan lekuetan, arazo eta traba ugarigaz... batzuk beti datoz etxera. Beti. Arinago edo beranduago, baina beti. Eta beste batzuk lehenengo egunean galtzen dira. Eta hori ezin dozu jakin probau arte. Txapelketeak erakusten dau usoa ona dan ala ez.


6.- Zer egiten dozu usoak entrenetako?

Gehien bat, ofizioa ikasi dagien entrenetan dodaz. Distantzia laburrakaz hasten naz, egun batean Lekeitiora, bestean Donostira... eroan eta han soltetan dodaz. Eurek etxera etorri behar dabe. Bueltaka-bueltaka hasten dira, orientazinoa topetan, iparra, hegoa...


7.- Zelan daki usoak etxerako bidea?

Inok be ez daki. Mila teoria dagoz. Orientazinoa, magnetismoa, izarrak, eguzkia... Mila kontu. Gehienek hartzen dabe etxerako bidea baina ezaugarri eta kualidade onenak dituenak baino ez dira ailegetan. Ezin dana egin da lehenengo egunean uso bat Cadizera eroan eta han soltau. Gorputza ohituta ez badauka, ez da etxera ailegauko. Baina usoari tratamentu egokia egin ezkero, indartu egingo da eta kapazidadea badauka, sufriduteko kapazidadea eta buruko kapazidadea, etorriko da. Bestela, ez, Soriako edota Madrileko usategi batean geratuko da.


8.- Zelan antolatzen dira txapelketak?

Usoen jaubeek ordenagailu-programa berezi bana dogu eta programa horretan uso bakotxak minutuko zenbat metro egiten dituan neurtzen da. Ze ez da gauza bera usategia Ean, Bermeon edo Bilbon egotea. Usoa ailegetan danean, txip berezi batzuei esker erloju elektronikoetan denpora hori gordeta geratzen da. Programan denpora hori sartu eta ordenagailuak esaten dau ze uso izan dan arinena. Horren arabera egiten da puntuaketea. Datuak Madrilera bialtzen dira eta han zehazten da zein postutan geratu diran zure usoak. Txapelketara talde moduan aurkeztu arren, norbanakoaren usoei emoten jake saria, jaubearen izen eta abizenakaz.


9.- Palmaresari erreparauko deutsagu orain. Ze sari lortu dozu orain arte?

Ni 2000. urtean hasi nintzan eta urtero-urtero lortu izan dot zeozer. Vizcaya Mensajera alkartean egon nintzanean, irabazi ez arren, bigarren eta hirugarren postu asko lortu nituan. Gero, gure alkartea sortukeran, gure bueltakoak batu ginanean, sari hobeak lortu dodaz. Azken hiru urteotan, bigarren, lehenengo eta lehenengo postuak lortu dodaz Bizkaia mailan. Euskal Herri mailan, igaz bosgarren izan nintzan baina kontuan izan behar da desbardintasun itzela dagoala Donostin zein Ean egonda, usoek ez dituelako zuzeneko distantziak egiten eta distantziak zuzenean neurtzen diralako. Ganera, gure parajean belatz gehiago dagoz. Horregaitik, bosgarren postua oso ona da niretzat, berrogeta piku lagunen artean.


10.- Zelan dakizu uso bat preparauta dagoala txapelketara eroateko?

Itxuran. Begiak diz-dizka eta gorputza eskama barik. Uso gaixoek eskamak ditue. Baina batez be begietan igarten jake bizi-bizi dagozala. Forman dagozan usoek bolumen asko daukie baina pisurik ez. Hartu eta kilo bat pisau behar dauela pentsau arren, ez daukie ia pisurik, ezta koiperik be.


11.- Badozu oso gogoko usoren bat?

Bai, ez dodaz izango, ba! Baina begiz joten dozuna, ha izaten da gero motzena! Motzenak, tipo txarrenekoak, itxura traketsekoak... Horreek izaten dira gero onenak, horreek erakusten dabe buru gehien. Politenak, zelako lumea, zelako aita eta ama... Bai, bai, lehenengo egunean zeozer egingo dabe baina eguraldi txarra dagoanean eta egoereak okerrera egiten dauenean, espero ez zenduna izango da onena, hasieran eskasena zala pentsau arren. Eta behin konturatuta zeinek balio dauen, motzena izanda be, ha da faboritoa.

Bestalde, nik ez deutsiet jaramonik egiten koloreei. Batzuei, marroiak gustetan jakez, besteei zuriak... Niri azkarrak gustetan jataz eta, horretarako, guraso onenak hartzen dodaz, batez be distantzia luzeetarako diranean. Cadizetik edo Bruselatik etorri behar dauen usoak bikaina izan behar dau eta, horretarako, guraso onak topetea garrantzitsua da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu