Antzerkia, ikastaroak eta eskola-lehiaketea Bilbon ume eta gazteen antzerkizaletasuna sustatzeko asmoz
2008-03-31 18:18Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, haur eta gazteei arte eszenikoak hurreratzeko konpromisoari eutsiz, umeentzako antzerki-programazino potoloa abiarazo dau, bai eta BilbaoEszenan eratuko diran umeei eta familiei zuzendutako ikastaro eta tailer barriak be.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, haur eta gazteei arte eszenikoak hurreratzeko konpromisoari eutsiz, umeentzako antzerki-programazino potoloa abiarazo dau, bai eta BilbaoEszenan eratuko diran umeei eta familiei zuzendutako ikastaro eta tailer barriak be. Horrezaz gan, Kultura eta Hezkuntza Sailak Uriko Eskola Antzerki Lehiaketearen beste edizino bat antolatu eta Mitusu alkarteagaz sinatuta daukan hitzarmena barritu dau, Bilborock aretoan ume eta gazteentzako antzezlanak eskaintzeko asmoz.
XIII. Eskola Antzerki Lehiaketea
Kultura eta Hezkuntza Sailak XIII. Eskola Antzerki Lehiaketea abiarazo dau. Norgehiagoka honetan, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikastetxe guztiek parte hartu leikie, bai eta Urian antzerki-jarduerak antolatzen dituen aisialdi alkarteek be. Hiru eta 16 urte tarteko taldeek maiatzaren 9ra arte dabe zabalik izena emoteko epea, eta taularatu beharreko antzezlanak jatorrizkoak edo moldatutakoak izan daitekez, euskeraz nahiz gaztelaniaz idatzitakoak. Estiloa talde bakotxak gustukoen dauena izan daiteke, antzerki klasikotik mimoraino edo txotxongiloetaraino, dantza, inprobisazinoa eta akrobaziak be barne diralarik.
Lehiaketan bost kategoria ezarri dira: Lehenengoa A (6-8 urte) euskeraz nahiz gaztelaniaz, Lehenengoa B (9-11 urte) gaztelaniaz, Lehenengoa B euskeraz, Bigarrena (12-16 urte) gaztelaniaz eta bigarrena euskeraz. Bost antzezlan irabazleak —bana kategoria bakotxean— 375 euroko sari bana jaso eta gala berezi batean taularatuko dira Arriaga Antzokian, bagilaren 8an. Txikienek (3 eta 5 urte tarteko neska-mutilek) norgehiagokarik barik parte hartuko dabe lehiaketan, eta antzezlan bat preparauko dabe alkarren artean Arriagako galarako. Ikastetxe partaide bakotxak antzezlan bana aurkeztu ahal izango dabe kategoria guztietan, eta muntaia bakotxaren kostuari aurre egiteko, Udaleko Kultura Sailak emondako 300 euroko dirulaguntza bana jasoko dabe.
Haur eta famili giroko ipuinak
Kultura eta Hezkuntza Sailak Interpretazio IkastaroaK antolatu ditu 5 eta 18 urte tarteko ume eta gazteentzat Bilbaoeszenako lokaletan. Tailerrak zapatu goizetan egingo dira, edadearen araberako taldeetan banatuta, eta saioetako partaide kopurua mugatua izango da. 2005etik hona, 2.000 ume eta gazte inguruk parte hartu dabe zentro honetan eskaintzen diran arte eszenikoei buruzko ikastaroetan. Arrakastea sekulakoa izan da, batez be, hamaika urtetik beherako umeen artean, izan be, guztizko partaidetzearen % 40 izan dira. Ikasturte honetarako, BilbaoEszena Bilboko Antzerki Baliabideen Zentroko arduradunek 1.000 lagun baino gehiagok izena emotea espero dabe.
Barrikuntza legez, aurten BilbaoEszenan familia osoari zuzendutako ikastaroak be antolatuko dira, eta bertan, helduek (ez dago edade-mugarik) eta umeek arte eszenikoakazko zaletasuna partekatu ahal izango dabe zapatu arratsaldeetan, 17:00etatik 18:30etara bitartean. Tailer honeen iraupena hiru hilebetekoa izango da eta 20 euroko prezioa izango dabe 18 urtetik gorakoentzat eta 8 eurokoa 6 urtetik beherakoentzat.
Txikia Antzerkia
Domeka goizetan etxeko txikienek Txiki Antzerkia izeneko proiektu barriko saioetan parte hartu ahal izango dabe. Ekimen honen bitartez, Kultura Sailak esparru finkoa lortu nahi deutse umeei zuzendutako arte eszenikoei Uriko kultur programazinoaren barruan. Esangura horretan, apirilaren 6an hasi eta bagilaren 8ra bitartean, ipuin-kontalariak, malabaristak, mimoak, txotxongiloak eta musikariak pasauko dira Bilbaoeszenako instalazinoetatik, umeentzat doban jarduteko prest. Artistakaz batera, zeremonia-maisuarena egingo dauen pailazo bat be agertuko da, eta joko eta trukuak erabiliz neska-mutilak ikuskizuneko partaide izatea lortuko dau. Era honetan, Txiki Antzerkiak txikienen artean lantaldearen sena eta adierazpide barrien ezagutza sustatzen lagunduko dau.
Antzerki emonaldiak Bilborock aretoan
Apirilaren 8an hasi eta maiatzaren 21era bitartean, Mitusu Alkarteak Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako hiru antzezlan taularaziko ditu Bilborock aretoan, 24 emonalditan, euskeraz eta gaztelaniaz. Honakoak dira ikasturtea amaitzeko aukeratu diran antzezlanak: Hortzmuga Teatro taldearen ‘Zirko Iluna’, Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloetako ikasleei zuzendutakoa; Rai Bueno-ren ‘El Tren’ izenburukoa, Haur Hezkuntzako umeentzat; eta Natalia Wirton-en ‘La cama voladora’, Lehen Hezkuntzako lehen zikloko ikasleei zuzendutakoa.
Hiru antzezlan honeek konpainiak ikasturte hasieratik eskaini dituan lau muntaiei gaineratu jakez. Alkarteak ‘Bilbon Eskolatik Antzerkira’ kanpainan parte hartzen dau 1996tik eta Bilboko ikastetxeetako hezkuntza-ziklo desbardinei zuzendutako antzerki-programazino bat sortzea da helburua. Azken bost urteotan, 43.770 ikusle baino gehiago batu dituen 215 antzerki-emonaldi egin ditu, zenbait ikasturtetan 48 ikastetxetako ikasleak erakarri ditualarik.
Ekimen honeen bidez, Kultura eta Hezkuntza Sailak ume eta gazteei zuzendutako antzerki-programazino egonkor baten sorrerea sustatu nahi dau arte eszenikoakazko zaletasuna bultzatzeko asmoz, famili giroko kultur aisialdiaren kontsumoa be bultzatuz. Horregaz batera, Bilboko eskoletan egiten dan alor honetako lana be sustatu nahi dau, ikasleen kultur heziketarako arte eszenikoetako era askotako diziplinak tartekatzen ahalegintzen diran ikastetxeei errekonozimendu publikoa eginaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!