Tokiko Agenda Digitalen ganeko I. Ikastaroa Bilbon, gaurtik barikura
2008-03-31 15:51Prestakuntza ikastaroa lekuan lekuko administrazinoei, udal alkarteei eta lekuan lekuko garapen digitala bultzatzeko helburua daben erakundeei zein personei zuzenduta dago. Ikastaroan, estrategiak eskainiko ditue informazino-gizartea maila lokalean garatzeko. Jardunaldiak Euskalduna Jauregian izango dira.
Bilboko CIFAL zentroak (Tokiko Agintarien Prestakuntzarako Nazinoarteko Zentroak), Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzeak Tokiko Agenda Digitalen ganeko I. Ikastaroa antolatu dabe gaurtik barikura bitartean Bilboko Euskalduna Jauregian, Nazino Batuetako Prestakuntza eta Ikerkuntzarako Institutuagaz (Unitar) lankidetzan. Ikastaroan, mundu osoko hainbat aditu dagoz lekuan lekuko agintariei edo agintari lokalei Tokiko Agenda Digitalak zelan egiten diran erakusteko helburuagaz, hau da, zelan diseinau daiteken informazino-gizartea maila lokalean.
Ekimena 2005eko zemendian eginiko Bilboko Gailurrean hartutako konpromisoetariko bat da. Izan be, jardunaldi horreetan lekuan lekuko agintariek berbea emon eben informazino gizartea biztanle guztiei helarazoteko ahalegina egingo ebiela eta, horretarako, Tokiko Agenda Digitalak (ADL) jarriko zituela euren uri eta eskualdeetan.
Eusko Jaurlaritzea eta NBE, Bilboko CIFALen bitartez, informazino teknologiak garatzen eta herrialde garatuak eta behartsuenak bereizten dituan muga digitalaren kontra burrukatzen dabiz. UCGLk, lekuan lekuko agintarien munduko erakunderik handienak, sustatzen dau proiektua.
Gaurtik barikura bitartean egingo dan prestakuntza ikastaroa lekuan lekuko administrazinoei, udal alkarteei, tokiko garapena bultzatzeko erakundeei eta antzekoei zerbitzuak emongo deutsiezan personei zuzenduta dago. Ikastaroan parte hartzen dagozan persona horeek estrategiak eskainiko ditue informazino-gizartea maila lokalean garatzeko.
Latinoamerikako (Argentina, Brasil, Dominikar Errepublika, Ekuador, Kolonbia, Mexiko eta Txile), Afrikako (Hegoafrika, Kenya, Maroko, Ruanda eta Tunisia), Asiako (India eta Malaysia) eta Europako (Albania, Estonia, Mazedonia eta Polonia) 26 ikasle dagoz eta honakoek emoten dabe ikastaroa: Euskadiko eta NBEtako aditu bik; Berreraikuntza eta Garapeneko Europako Bankuko, Microsoft konpainiako eta Gov2U-ko nazinoarteko hiru txostenegilek; eta sei behatzailek. Horrezaz ganera, eDemokraziaren, eEzarpenaren, eGobernuaren eta eBussiness-en ganeko lau adibide arrakastatsu azalduko dira. Ibon Areso Bilboko Udaleko alkateordeak eta Marcos Muro Promobisa alkarteko zuzendari nagusiak aurkeztuko ditue Bilboren eraldaketea eta Tokiko Agenda Digitala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!