Hauteskunde elektronikoak, noiz?
2008-03-27 12:04Teknologia prest dago hauteskunde elektronikoak egiteko. Onena eta garbiena izango litzateke, bakotxak bere ordenagailutik emotea botoa eta kitto. Era horretara, ez dago inora joan beharrik, gura dogunean egiten dogu eta botoen zenbaketea automatikoa izango litzateke, emoitzak atoan egongo litzatekez eskura.
Hauteskundeetan be teknologiak zeresana dauka eta gero eta gehiago ganera. Nahiz eta botoa kartazalean sartu eta hau gero ontzian itxi, honen guzti honen atzetik egon badago teknologia: boto emoileen zerrendak egiteko, botoak zenbatzeko eta emoitzak jasoteko, teknologia erabilten da duda barik. Oraintsukoetan, botoa emoteko mahaietan PDA tresnak egon dira, mahai bakotxeko emoitzak datuak batzeko zentroetara bialtzeko: hasiera batean, ordu bietan eta arratsaldeko seiretan, botazinoan parte hartu ebenen portzentajeak bialdu zituen eta zortziretatik aurrera, emoitzak.
Kontuak kontu, teknologia prest dago hauteskunde elektronikoak egiteko. Onena eta garbiena izango litzateke, bakotxak bere ordenagailutik emotea botoa eta kitto. Era horretara, ez dago inora joan beharrik, gura dogunean egiten dogu eta botoen zenbaketea automatikoa izango litzateke, emoitzak atoan egongo litzatekez eskura.
Hauteskunde elektronikoen abantailak
- Ez da papelik behar. Zenbat miloe kartazal inprimiduten da? Azken hauteskundeetan 908 miloe izan dira, 1.589 papel tona (Danetara, 22.000 arbola eder eta sendotik gora).
- Ez dogu gure etxetik urten behar eta gura dogunean emoten dogu botoa ordenagailua erabiliz etxetik edo Internet-en sartzeko konekzinoa dagoan beste edonondik.
- Ez da inor behar botoa emoteko mahaietan egoteko, ez presidenterik ez bokalik ez ordezkorik. Horrezaz gan, hauteskunde egunetan dana kontrolpean izateko makinatxu bat lagunek lan egin behar izaten dabe (poliziak, zaintzaileak, antolatzaileak, anbulantziak, medikuak, atezainak, garbitzaileak...). Diru piloa aurreztuko litzateke.
- Prozesua automatikoa izanik, emoitzak momentuan argitaratuko litzatekez.
Badago arazorik hau aurrera eroateko?
Bai, bat baino ez baina garrantzitsua: zelan ziurtatu ordenagailuaren aurrean dagoanaren nortasuna? Zelan jakin ‘zu’ ‘zeu’ zarala? Akaso, gure zortzi urteko umeak hartu dau gure postua eta gure ‘ordez’ emon dau botoa. Beharbada, nortasun agiri elektronikoa erabiliz holakoak ez litzatekez pasauko, berbarako, Eusko Jaurlaritzeak eta Diputazinoek bultzatzen dabilzan IZENPE izeneko txartel elektronikoak modukoak erabiliz, enpresek Internet-en bidez eurei jagoken gai administratiboak bideratzeko; edota Osakidetzako txartela erabiliz nortasun elektroniko moduan...
Hemen beste bildur bat sortzen da; holakoak erabilten badoguz, teorian behintzat, posiblea izango litzateke norberaren nortasuna eta emondako botoa buztartzea. Hori dala eta, holako sistematan botoa emoteko fasea eta nortasuna egiaztatzekoa bananduta doaz.
Sistema hau erabili dabe Estonian, bertan zezeilean izan diran presidentea aukeratzeko hauteskundeetan. Gobernuak bertako 1,7 miloe hautesleri nortasun agiri elektronikoa emon deutsie eta botoa etxetik emoteko aukerea izan dabe baita hauteskunde eguna baino egun batzuk lehenago be. Botoa aldatzeko aukerea be izan dabe baina behin azken epera helduta, azkeneko boto elektronikoa izan da balio izan dauena. Horrezaz gainera, nahiz eta botoa Internet bidez emon, aldatu gura izan ezkero, betiko moduan egiteko bidea be zabalik izan dabe, hau da, jagokon mahaira joan eta ohiko botoa kutxan sartuz.
Bigarren aukera moduan, ‘ohiko’ aukeraketea hartuko dogu oinarritzat. Betiko gure eskolara joango gara botoa emotera baina han, botoa irakurteko makinak izango dira. Lehenego gure nortasuna ziurtatuko deuskue betiko moduan (zerrendatan begiratuz) eta gero gela berezietara joango gara botoa emotera. Han, erakusten deuskuen pantailan markauko dogu gure aukerea. Hortik aurrera sistemeak modu automatikoan kalkulauko ditu emoitzak. Batzuetan, ziurtagiri moduan, pantailan egin doguna papelean emongo deuskue eta hau ohiko kutxan sartuko dogu. Sistema hau erabili eben Frantzian, azkenengo presidentea aukeratzeko botazinoetan.
Hirugarren aukerea. Betiko moduan emongo dogu botoa, hau da, papela erabiliz. Papeletan hautesle guztiak egongo dira eta guk markau beharko doguz gure gustokoak. Gero, zenbaketea elektronikoa izango litzateke: markautako papeletok eskaner batzuetatik pasauko dira eta eskanerretik datuak. Sistemea holan preparau dabe datorren maiatzean London-en izango diran hauteskundeetarako.
Azken erabagia baino ez da falta, teknologia hor dago eta. Dana dala, egon badagoz betiko ‘artaburuak’, aurrera pausu guztien kontra dagozanak eta holako gauzei ezezko biribila baino ez deutsiena emoten. Eredu moduan, Jaroslaw Kaczynski Poloniako lehen ministro ohia, ideologia aldetik kontserbadorea dala dinoan arren, buruan ez daukala ezelako ideiarik esango neuke nik. Ba ‘fenomeno’ honen azkenengo zelebrekeria honako izan da. Polonia bertako hauteskunde batzordea gazteak botoa emon dagien bultzatzeko asmoz, botoa Internet bidez emoteko aukerak aztertzen dabilen bitartean, gure morroiak holako gauza txireneak bota ditu: ‘persona gazte batek, ordenagailu aurrean Internet-en sartuta bideoak eta pornografia ikusten dauen bitartean garagardaoa edaten dagoala, honek gura dauenean botoa emoten leikela pentseteak ez nau bape poztuten’. Kontuak kontu, gazte eta internauten artean gure Jaroslaw-ek lagun handiak egin ditu...
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!