Red Eléctrica Punta Galea Big Wave Challenge zapatu honetan, abenduaren 6an, jokatuko da

Bizkaie! 2025-12-05 12:53   Kirola

Getxoko Udalak eta Red Eléctricak atonduta 8:30ean hasiko da.

Gure kostaldean eragina dauen borraska-moltso batek badirudi baldintzak beteten dituala proba hiru urte geroago barriro atondu ahal izateko. Sei metro inguruko olatu sendo eta jarraiak espero dira, eguraldi lehor eta atseginagaz eta 18 graduko tenperaturea izango da gitxi gorabehera. Zortzi orduz, munduko hogeita hamar surflari onenek Getxoko olatu ospetsuetan ibiliko dira jantzan, Europako proba zaharrenean. Proba hau Getxoko Udalak eta Red Eléctricak atontzen dabe.

Gizonezkoen kategorian nabarmentzekoa da Nic Lamb kaliforniarra; Getxon probea birritan irabazi dauena eta 2022an hirugarren izan zana. Lamb eta kontinentean onena dan Justine Dupont frantziarra, SUP (Stand Up Paddle) modalidadeko lau aldiz Munduko Txapelduna be izango da. Parte-hartzaileen erdia euskal surflariak izango dira, besteak beste, Natxo González getxotarra, titulua defendiduko dauena, eta gipuzkoarrak: Aritz Aranburu, Indar Unanue eta emakumezkoen sei parte-hartzaileen artean olinpiadetan nahusi izan dan Nadia Erostarbe.

Ekitaldiak 200 persona baino gehiago mobilizatzea eskatzen dau: langileak, hornitzaileak, boluntarioak eta babes zibileko, Ertzaintzako, Udaltzaingoko eta itsas salbamenduko profesionalak. Ohikoa dan lege, hamarnaka mila lagun batzea espero da eta aurten zapatua jaieguna izanda, errekorra hausi daiteke.

Pilatzeak ebitetako eta ekitaldirako ibilgailuen sarbide mugatua arautzeko helburuagaz, udalak oinez joatea edo garraio publikoa erabiltea gomendatzen dau. Getxo Kirolakek dobako autobus-zerbitzua eskainiko dau La Galea itsaslabarrera gerturatu nahi dabenentzat. Zerbitzua goizeko 09:00etan hasiko da, Bidezabal metro geltokitik abiatuta, eta bueltarako azken autobusa arratsaldeko 18:00etan izango dala aurreikusten da. Autobusak orduero izango dira, baina eskari handia bada, zerbitzua etenik barik emongo da eta beste autobus bat jartea be aurreikusten da. Babesleetako batek, Fangalokak, bere aparkalekua erabilgarri jarriko dau Azkorrin, ibilgailuak bertan itxi nahi dituenentzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu