Maiatzaren 22an eta 23an San Mamesen egingo diran errugbi finaletan parte hartzea sustatu dabe

Bizkaie! 2025-12-05 07:45   Kirola

Challenge Cup 2026 eta Investec Champions Cup 2026 txapelketako finalak izango dira.





Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, 2026ko errugbi-finalak sustatzen dituen hiru euskal erakundeek aurkeztu dabe Gure arbasoen indarra – La fuerza de nuestras raíces kanpainea San Mamesen. Sustapen-bideoaren helburua da herritarrak joatea eta parte hartzea Euskadin bigarren aldiz egingo dan erreferentziazko nazinoarteko kirol-ekitaldia. EPCR Challenge Cup 2026 eta Investec Champions Cup 2026 txapelketako finalak maiatzaren 22an (barikua, 21:00etan) eta maiatzaren 23an (zapatua, 15:45ean) jokatuko ditue, hurranez hurran, San Mames estadioan. Kluben errugbi-txapelketa ospetsuenetako bi dira eta munduko 42 errugbi-klubek parte hartzen dabe.

Tokiko sustapen-kanpainearen helburua da Euskadin errugbiak dauen indarra islatzea: indarra, erroak eta talde-espiritua, Euskadin barrena ikusizko bidaia eginez, lurraren antxinako espiritua eta errugbiaren balioak buztartuz. Izaerea, naturea eta erroak islatzen dituen Euskadiko lekuetan grabau dabe ikus-entzunezko lana, besteak beste, Besaide tontorrean, hiru lurraldeen alkargunean. Bideoko plano bakotxean nortasuna, jatorria, esfortzua eta konpartidutako harrotasuna arnasten dira.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak honako hau nabarmendu dau: Final honeek lurralde legez jokatu, talde legez irabazi eta zale legez ospatuko ditugu. Pase bakotxak bere balioa dauka; aurrerapen bakotxa positiboa da, eta ahalegin bakotxa sano garrantzitsua. Barriro be, Bizkaia prest dago eta horregaitik, herritar guztiak animetan ditut 2018an baino hobeto egin deien. Bete daiguzan gure kaleak, gure harmailak. Erakutsi daigun Bizkaiak badakiela zertan dabilen. Guretzat, final honeek nazinoartera zabaltzeko, gure ospea eregiteko, herrialde-marka bat eregiteko bidea dira.

Bestalde, Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak zehaztu dauenez, urian eta herritarrakan mueta horretako ekitaldien garrantzia, oro har kirola sustatzeaz gan, partiduen aurretik eta ondoren errugbian jokatzeak zabaltzen dituan balioak be sustatzen dira. Aburto pozik dago euskal erakundeek eta federazinoek egindako lanagaitik, finaletan dana ondo joan daiten eta EPCRri eskerrak emon deutsoz bigarrenez San Mames estadio ikonikoa aukeratzeagaitik Europa kontinenteko talderik onenen nazinoarteko jokalekua izan daiten.

Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Lehenengo Lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburuak honako hau nabarmendu dau: San Mamesen jokatuko diran finalak gure Herri baloreen erakusleiho izango da. Errugbiak eta gure herriak, Euskadik, hainbat balore konpartiduten ditue, gure arbasoakandik jasotako baloreak: komunidadea, esfortzua, disziplinea, errespetua, alkarbizitzea, aniztasuna, identidadea... Finaletara datozenek zelai bat baino gehiago ikustea nahi dogu: herri bat garela, komunidade bat, bizirik dagoan kirol kulturea.

San Mamesen egindako ekitaldietan, European Professional Club Rugbyko (EPCR) zuzendari nagusia (CEO), Jacques Raynaud, be egon da.

Abenduko lehenengo astegoienean (abenduaren 5, 6, eta 7an) hasiko dira Euskadik maiatzean hartuko dituan finaletara heltzeko txapelketea eta bidea eta alkarren segidako asteburu bitan talde-fasea izango da. Talde-fasearen hurrengo txandak 2026ko urtarrileko ondoz ondoko asteburu bitan jokatuko ditue. Kanporaketa-faseak apirilaren 3ko, 4ko eta 5eko asteburuan hasiko dira, finalzortzirenakaz; ostean, apirilaren 10ean, 11n eta 12an final-laurenak eta maiatzaren 1, 2 eta 3ko asteburuan finalaurrekoak egingo ditue.

2018an egoitza nagusitzat San Mames hautatzea historikoa izan zan, EPCRren finalen asteburua lehen aldiz errugbiko sei nazino tradizionaletatik kanpo atondu baitzan. Leinster Rugby taldeak Txapeldunen Kopako titulua eskuratu eban orduan eta Cardiff Rugby taldeak Challenge Cup txapelketako garaikurra jaso eban. Orain zazpi urte baino gehiago, danetaa 84.000 zalek errugbi-maila gorenaz gozau eben San Mamesen, eta Challenge Cupera inoiz baino ikusle gehiago bertaratu ziran, estadioan 32.000 ikusle egon baitziran.

Horregatik, euskal erakundeen asmoa da datorren urteko maiatzean beste behin argi uztea zein den gure esentzia, nortasun-kultura, ekitaldimota horrez gozatzeko gogoa eta abegi egiteko modua.

Sarrerak

Weekend packages asteburuko paketeen bitartez ia 24.000 sarrera saldu dira bi partiduetarako, eta EPCR «oso pozik» azaldu da orain arteko salmentaerritmoarekin. 2026ko finaletarako bidea hasteko ordu gutxi geratzen direnean, publiko orokorrarentzat salgai jarriko diren sarreren erdia baino gehiago saldu dira. Sarrerak hiru kategoriatan banatuta daude eta salgai jarraitzen dabe EPCRren webgunean.

Orain arte saldutako sarreren artean, % 82 Espainiako Estadutik kanpo erosi dira: ia erdia (% 49) Frantzian, % 16 Britainia Handian, erosketen % 9 Irlandan izan dira eta % 2 Italian. Ganerakoan, % 42 Bizkaian eta % 5 Gipuzkoan erosi dira.

Eusko Jaurlaritzeak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak urteak daroez alkarregaz kirol-ekitaldi handiak sustatzen. 2024ko UEFA Women’s Champions League finalaren eta, aurten, maiatzeko UEFA Europa Leagueko finalaren arrakastea eta gero, 2026ko errugbi-finalak beste pauso bat izango dira Euskadi, Bizkaia eta Bilbo nazinoartekotzeko estrategia bateratuaren esparruan. ​

EPCRren webgunean erosi sarrerak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu