Euskal etxeetako euskera irakaslegaiak trebatzeko programa barria jarri dabe martxan
2008-03-25 17:07 Euskaldunak munduanEusko Jaurlaritzearen 'Euskara Munduan 2008-2011' egitasmoak Argentina, Txile, Brasil, Peru eta Kolonbiako euskerazko 28 irakaslegai trebatuko ditu. Taldeak irakas-molde bera segiduko dau: Internet bidezko eskolak, Euskal Herritik tutorizauta, eta barnetegi bi urtean.
Eusko Jaurlaritzearen 'Euskara Munduan 2008-2011' egitasmoak Argentina, Txile, Brasil, Peru eta Kolonbiako euskerazko 28 irakaslegai trebatuko ditu. Taldeak irakas-molde bera segiduko dau: Internet bidezko eskolak, Euskal Herritik tutorizauta, eta barnetegi bi urtean, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak iragarri dauenez.
Honezkero trebaldia amaitu dauen Argentinako euskerazko irakaslegai talde bat 23 lagunez osotuta dago. Lazkaoko Maizpide barnetegian izan dira eta 'Euskara Munduan 2004-2007' egitasmoari amaierea emon deutsie. Gehienak Argentinara bueltau arren, zortzi Euskal Herrian geratuko dira bagilera arte, EGA mailea lortzeko eta euskera eta euskal kulturako klaseak Argentinako zenbait unibersidadetan irakatsi ahal izateko.
Orain, diasporako irakasleak trebatzea helburu dauen 'Euskara Munduan' egitasmoak aro barri bati ekin deutso. Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak Bilbon egindako Euskal Giza-taldeen Munduko Biltzarrean aurkeztu dauen moduan, 2008-2011 aro barri horretan irakasleen trebaldiak 'aldaketa kualitatibo nabarmena' izan dau, beste herrialde batzutara be zabaldu baita.
Honezkero, trebakuntzea hasita daben irakaslegai talde honetan 28 lagun dagoz: hamar Argentinakoak, hamar Uruguaikoak, bi Brasilekoak, lau Txilekoak, bat Kolonbiakoa eta bat Perukoa.
Irakaslegaiak herrialde desbardinetakoak izatea 'erronka barri bat da guretzat, horrelako proiektu bati ekiteko azken lau urteotako esperientziak be segurtasuna emoten deuskun arren' adierazi dau 'Euskara Munduan' egitasmoko koordinatzaile Jose Francisco Zinkunegik.
Eusko Jaurlaritzeak bideratzen dau egitasmoa HABEren bitartez eta Euskal Etxeakaz lankidetza zuzenean. 'Euskara Munduan' egitasmoaren helburu nagusienetakoa euskal etxeetan euskera irakasleak izatea da.
Material didaktikoa
HABEk euskerazko eskolak emoteko aholkularitza didaktikoa eta materialak eskaintzen ditu euskal etxeei begira. Eskola presentzialetan euskerea lantzeko material didaktiko orokorrak, mintza-saioak dinamizetako gidak, ariketak, irakurgaiak, entzungaiak eta abar jarten ditu irakasleen eskura.
Azken urteotan, BOGA autoikaskuntzako baliabidea instalau dau hainbat euskal etxetan, euskal etxetik urrun bizi diran ikasleentzat autoikaskuntza-sistemea oso baliabide egokia dalako.
BOGAz ganera, HABEko teknikariek sistemearen edukien barri emoten deutsie lekuan-lekuko irakasleei.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!