Itxaso Gerediaga: 'Ibilaldia Amorebieta-Etxanori eskaintzen deutsagu, herriari'
2008-03-25 11:06 BarriketanAndra Mari Ikastolako presidentea
Maiatzaren azken domekan zita berezia dago Bizkaian, urtero legez Ibilaldia ospatuko baita. Aurten, Zornotzako Andra Mari Ikastolearena da jai erraldoia antolatzeko ohorea, historian bigarrenez. Ibilbidean izango diran guneetako programak zehazten dabiz oraindino baina, honezkero, kantea eta bideoklipa aurkeztu ditue, baita leloa be: 'Amore bi eta'. Itxaso Gerediaga da ikastolako presidentea.
1.- Xabier Amurizak idatzi ditu aurtengo Ibilaldiaren kantearen berbak. Zer dinosku?
Ibilaldiko kanteak Andra Mari Ikastolearen inguruan, euskerearen inguruan eta Zornotzaren inguruan egiten dau berba. Amorebieta-Etxano hartzen ditu kontuan, hau da, Etxano be aitatzen dau, bera Etxanoarra dalako. 'Amore bi eta' leloak jokoa emoten dau gauza askotarako. Batetik, 'amore' horrek bihotza, arimea aitatzen ditu. Danok jarten dogu gure bihotza, gure arimea egiten doguzan gauzetan eta ikastoletan, zer esanik ez. Kantan, amore bi aitatzen dira eta Etxanogaz egiten dau jokoa Amurizak, hau da, amore bi dira, Zornotza eta Etxano.
Gure hizkuntzea maitatu behar dogu, gu izan behar gara gure hizkuntzearen berme, guk jarraitu behar dogu euskeraz berbetan eta guk zabaldu behar dogula euskerea. Testu honek balio dau euskal kulturea kaleratzeko, eguneratzeko, gogoratzeko oraindino be euskalduntze prozesu honetan badagoala zer esanik; eta ez bakarrik euskalduntze prozesuan, baita euskerea biziteko moduan be. Eta, zelan ez, aurrera jarraitzen dogula.
2.- Melodia Nuuk At taldeak egin dau eta Mikel Urdangarin musikari ezagunak azken ukutuak emon deutsoz eta grabazinoan parte hartu dau. Ze berezitasun ditu kanteak estilo aldetik?
Guk orain arte baino harago joan gura izan dogu eta logoak argi erakusten dau hori. Orain arteko logoakaz alderatuta, 'Amore bi eta' desbardina dala uste dot eta kantea be desbardina da, gazteei zuzenduta dago eta 'modernoagoa' dala esango neike. Barriztetan gabiz, etenik barik, eta kontu honeetan be bai.
3.- Modernotasun horretan oinarrituta eta teknologia barriak erabilita, bideoklipa be aurkeztu dozue. Zer erakusten da bertan?
Zornotza herriari egindako oparia da. Amorebieta-Etxano, biak agertzen dira irudietan eta guk, azken batean, Ibilaldia Amorebieta-Etxanori eskaintzen deutsagu, herriari.
Istorio bat erakusten da, urteeratik amaierara, bide desbardinetatik egindako ibilbide bat baina helmuga beragaz. Arinago urteteagaitik ez da arinago ailegetan eta danok ailegetan gara leku berera. Bide batetik zein bestetik joan, arinago ala astiroago joan, gure aletxua jarriko dogu, bakotxak bere estiloan. Estilo danek balio dabe euskereari laguntzeko.
4.- Andra Mari Ikastolea esperientziaduna da Ibilaldiaren antolakuntzan, 1987an zeregin horren ardurea izan eban eta. Ze desbardintasun nabarmenduko zeunke orduko eta oraingo Ibilaldien artean?
Ni ikastolako ikasle ohia naz eta sasoi haretan unibersidadean nengoan, Madrilen, eta azterketa-sasoia zanez, ezin izan neban etorri.
Sasoi haretan, Ibilaldiak ez ziran oraingoak modukoak. Orain, oihartzuna sekulakoa da. Lehen, euskalzaleak etorten ziran, jai-giroa biziteko. Orain, jaia baino zeozer gehiago bihurtu da. Espektakulu bihurtu da, itzelezko montajeak egiten dira, hainbat ekitaldi antolatzen dira... Eskaintzea askozaz be zabalagoa da eta ibilbidea bera baino harago doa. Lehen, ikastolearen inguruko jentea hurreratzen zan jaialdira baina orain ume, gazte, nagusi... orain danetariko jentea joaten da.
5.- Igaz, 'Literaturea eta Euskerea' oinarritzat hartuta, Euskal Herriko Idazleen Elkartea eta Nafarroako Ikastolen Elkartea izan ziran omenduak. Nor edo ze erakunde omenduko dau aurtengo Ibilaldiak?
Aurten musikea omenduko dogu. Hori antolatzen gabiz baina dana perfilauta eta kontaktu guztiak egin arte ez dogu ezer aurreratuko.
6.- 'Amore bi eta' da aurtengo leloa. Ze mezu zabaldu gura dozue?
Gure herriaren izen ofiziala Amorebieta-Etxano da eta izen hori leloan agertzea garrantzitsua zan guretzat. Bestalde, amora, bihotza... Azken batean, seme-alabak ikastolara daroaguzenok amore bi doguz, batetik seme-alabak eurak eta bestetik euskerea eta euskal kulturea. Hori danok konpartiduten dogu. Gero, bakotxak bere amore propioak izango ditu, baina horreek biak be bai. Amore bi doguz, eta beste batzuk be bai.
Bihotza da motorea eta ikastolak beti sentidu izan gara motore euskalgintza prozesuan. Lehendik eta orain be jarraitzen dogu, badagoalako bide bat oraindino egiteko eta zaintzeko, euskerea biziteko eran eta transmisino horretan badago zeresana.
Gauza guztiak amorez, bihotzez egiteaz gan, alkarlan baten barruan egiten dogu lan. Azken batean, ikastolak kooperatibak gara, gurasoen alkarlanetik urteten dabe proiektuek. Bestalde, proiektu honi gure gurasoek ekin eutsien eta eurei eskertzeko momentua be bada. Eurek bihotza jarri eben eta guk be geure aportazinoa egingo dogu, geure bihotza jarriko dogu.
7.- Zergaitik Amorebieta eta ez Zornotza?
Izen ofiziala Amorebieta-Etxano da eta, ganera, askok kontrakoa pentsau arren, Amorebieta izen euskalduna da. Orain, Zornotza erabilten da baina, sasoi batean, gure gurasoek eta, Amorebieta erabilten eben gehiago.
Amorebieta izen polita da eta zer esan be emoten dau. Bi horrek jokoa emoten dau. Askok galdetu deuskue 'bi' hori bigarrenez egiten dogulako aitatzen badogu baina, printzipioz, ez da horregaitik.
8.- Zelakoa izango da aurtengo ibilbidea? Ezaugarri nagusiak eta kokaleku ezagunenak aitatu...
Zazpi kilometro ingurukoa izango da. Orain, gune bakotxean zer egongo dan zehazten gabiz.
Zirkuitoaren zati gehiena herriaren inguruan izango da; halanda be, herrigunean be sartuko da. Amorebietak trenbideak dauka erdi-erdian eta hori traba garrantzitsua izan da ibilbidea antolatzeko orduan, batez be seguridade aldetik ze ezin zan trenbidea zeharkatu.
Bestalde, Zornotza guztia dago altxauta, obratan, eta horrek be mugatu egin deusku ibilbidea antolatzeko orduan.
Modu orokorrean esan daiteke ibilbidea Larrako ingurutik izango dala. Aurreko Ibilaldian egindako ibilbideagaz zerikusia dauka. Ez da guztiz berbera, baina antzekotasunak ditu.
9.- Izango diran ekitaldi, ikuskizun edota kontzertuen ganeko aurrerapenik egin zeinke?
Oraindino ez. Gauza batzuk zehaztuta dagoz baina dana ondo lotuta egon arte ezin dot ezer aurreratu.
10.- Gogor lan egin ostean lortutako dirua zertarako erabiliko dozue?
Bigarren lerroa sortzeko. Andra Mari Ikastoleak maila bakotxean gela bakarra dauka eta bigarren gelea sortzeko erabiliko dogu Ibilaldian lortutako dirua. Ganera, espazio aldetik ikastolea apur bat urri geratzen jaku; lehen, ikastolak hiru urtetik aurrerakoak ziran baina orain haurtzaindegitik 16 urterakoa da, gero gure proiektuak Ibaizabal Ikastolan jarraitzen dauelako. Horregaitik, bigarren lerro horri aurre egiteko erabiliko dogu lortutako dirua.
11.- Maiatzaren 25a da eguna. Halanda be, Ibilaldiaren inguruan hainbat ekitaldi antolatzen dira. Kontaiguzuz batzuk.
Ibilaldia antolatzen hasi ginanetik, hainbat ekitaldi egin dira. Ibilarte kulturearen inguruko erakustea; bertso afaria; Ibiltxangoa, ibilbidea erakusteko osteratxua; Athleticen partidua; berbaldiren bat edo beste; abestiaren eta bideokliparen aurkezpena... Ganera, motorzaleen kontzentrazino bat antolatu gura dogu eta badago datea jarri bako beste ekimeren bat be.
12.- Zelakoa izan da herriaren erantzuna orain arte?
Herriak pozik hartu dau Ibilaldia eta orain arte antolatutako ekitaldietan ondo erantzun dau. Ibilaldiaren egunean, ikusiko dogu erantzuna ze herri guztiari eskatuko deutsagu laguntzinoa.
13.- Azken urteotan, ikastolen aldeko jaietan alkoholak protagonismoa irabazi dau gazteen artean. Jai honeen benetako esentzia galtzen dagoala uste dozu?
Nik uste dot esentzia ez dala galtzen. Pasetan dana da gizartea aldatu egin dala eta jaiak be aldatzen doazela. Azken batean, Ibilaldia gizartearen egoerearen erakuslehioa, isla da. Gu saiatzen gara gauza batzuk ebitetan, ahalik eta ondoen antolatzen. Baina askotan, ezinezkoa da joera batzuk kontroletea. Urtero-urtero, ikastola guztien ardurea hori izaten da, ez dogulako gura ikastolen aldeko jaiak alkohol-jaiak izatea. Hori ez da gure helburua. Beti gabiz pentsetan ia ekintza hau edo bestea antolatu ezkero asmauko ete dogun. Baina gizartea holakoa da, anitza, danetariko jenteagaz eta helburu desbardinakaz. Eta guk ezin dogu hori kontrolau, gure helburu garrantzitsuenetariko bat hori kontroletea izan arren.
Ibilaldia antolatzeko ardurea hartzen dauen ikastola bakotxaren helburua gehiegikeria horri aurre egitea da, baina oso gatxa izaten da. Burukomin handiak emoten deuskuz.
14.- Beste burukomin bat: eguraldia.
Hori bai ezin dogula kontrolau! Beti saiatzen gara gune bat egiten eguraldi txarra egin ezkero zeozer antolatu ahal izateko. Baina eguraldia ez dago gure esku. Beste gauza batzuk bai, baina hori ez.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!