Gernika-Lumoko Udalak eta Kontseiluak ‘Bai Euskarari’ hitzarmena sinatu dabe

Bizkaie! 2008-03-12 14:38   Euskerea berbagai

Hitzarmen honi esker, herriko 250 enpresa, saltoki eta alkarteen artean euskerearen normalizazinoaren aldeko konpromisoa zabalduko da. Hitzarmenak urtebeteko iraupena izango dau eta epe horretan, ziurtagiria eskuratu gura daben enpresa, saltoki eta alkarteek euskerearen aldeko neurri zehatzak hartu beharko ditue.

Gernika-Lumoko Udalak, herrian euskerearen erabilerea sustatzeko helburuari jarraipena emon gura deutso. 2003ko apirilaren 30ean, Udalbatzaren Osoko Bilkuran Euskerea Bizibarritzeko Plan Estrategikoa (2003-2005) onartzea erabagi zan eta aitatutako Plana 2006, 2007 eta 2008 urteetan indarrean mantentzeko erabagiak be hartu ditu administrazioak. Orain, aurrerapausu bat emongo dau eta Euskerearen Aholku Batzordearen oneretxiagaz, Bai Euskarari Ziurtagiria udalerrian sustatzeko lehenengo pausua emongo dau. Udalak 9.000 euro bideratuko ditu ekimen hau aurrera eroan ahal izateko.

Hitzarmen honi esker, herriko 250 enpresa, saltoki eta alkarteen artean euskerearen normalizazinoaren aldeko konpromisoa zabalduko da. Hitzarmenak urtebeteko iraupena izango dau eta epe horretan, ziurtagiria eskuratu gura daben enpresa, saltoki eta alkarteek euskerearen aldeko neurri zehatzak hartu beharko ditue. Lehenengo, bakotxaren hizkuntza egoerearen azterketea egin beharko da eta hortik abiatuta, planifikazinoa zehaztuko da, hau da, helburuak, epeak eta baliabideak. Urtea igarotakoan, helburuen betete mailaren ebaluazinoa egingo da.

Euskerazko kalidadezko zerbitzua ziurtatzen dau Bai Euskarari Ziurtagiriak eta tresna honegaz Gernikako entidadeek orain arte egindako lanari aupada barria emon gura deutse udalak, euskalgintzeak zein Kontseiluak. Gernika-Lumoko udalak hainbat urtez garatu ditu gure herrian euskerea bultzatzeko ekintzak: merkataritzan, alkarteetan zein enpresetan, baina oraindino ez dogu guztiz euskeraz biziteko modurik’, azaldu dabe udaleko ordezkariek.

Euskalgintzearen babes eta lankidetzeagaz abiatu da egitasmo hau; AEK, Euskal Herrian Euskaraz taldea eta Seber Altube ikastolearen babesagaz hain zuzen be. Pernan Basterretxea, Gernikako Euskal Herrian Euskarazeko kidea, hitzarmenaren sinatzean izan da eta alkarlanaren eta Ziurtagiriaren aldeko apustua egin dau: ‘Ziurtagiria enpresek, saltokiek eta era guztietako entidadeek alkarren eta herritarren aurrean hartzen daben konpromisoaren adierazgarria da’.

Bizkaian, 185 entidadek eskuratu dabe Bai Euskarari Ziurtagiria. Horreen artean dira Eroski, Azti fundazinoa, Energiaren Euskal Erakundea, Athletic, edota Gernika Gogoratuz. Danetara, 1520 entidadek lortu dabe Bai Euskarari Ziurtagiria Euskal Herri osoan.

Gernikagaz, hiru dira honezkero Euskaraz Bai dinamikan parte hartzen daben Bizkaiko guneak, Lea-Artibai eta Basaurigaz batera. ‘Apurka-apurka, Euskal Herriko txoko guztietara zabaltzen ari da euskeraz bizi nahi dogula erakusten dauen leloa. Dagoeneko, 122 herritan gabilz lanean’, adierazo dau Kontseiluko buru Xabier Mendigurenek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu