‘Kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak bermatzeko arau egokia behar dogu’

Bizkaie! 2008-03-11 17:10   Euskerea berbagai

EAEko Kontsumitzaileen Eskubideen Dekretu-proposamenaren ondorioz, unibersalak diran hizkuntza-eskubideak urratzeko bidea eskaintzen dala ikusirik, bere horretan onartzeaz bat, Kontseilua errekurtsoa jarteko aukerak aztertzen ari da.

Martiaren 15a kontsumitzaileen nazinoarteko eguna izango dala gogoan hartuta, Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluak EAEko Kontsumitzaileen Eskubideen Dekretu-proiektua eskuratu eta aztertu dau. Dekretuaren alde positiboak azaltzeaz gan, zuzendu beharrekoak be aitatu ditu.


Elementu positiboak

Dekretuaren alde positiboak nabarmendu ditu lehenengo Kontseiluak. ‘Barri ona da eskubideok babestuko dituan dekretu bat sortuko dala jakitea’, adierazo dabe. Hizkuntza-eskubideen babeserako legezko arauak beharrezkoak ez eze, ezinbestekoak dira eskubideok bermatzeko.

Era berean, araua ez beteteak mueta desbardineko ondorioak izan beharko dituala nabarmendu dabe ordezkariek. ‘18. artikuluak aurreikusten dau ondorioak egongo dirala dekretua ez bada beteten, halan da be, ez da zigorrik aurreikusten hizkuntza-eskubideak urratzeagaitik’, salatu dau idazkari nagusia dan, Xabier Mendigurenek.

Bestetik, positibotzat jo dabe dekretu zirriborroan egokitze-epeak aurreikusteak: ‘Arauetara egokitzeko epe onargarri eta jakin bat izan behar dabe establezimenduek’. Baina arautu bako sektore handia kanpoan geratzen dala ohartarazo dabe, sektore jakin batzuetan ari dalako, neurri jakin bateko enpresak bakarrik hartzen ditualako.


Zuzendu beharrekoak

Kontseiluak egindako lehen zuzenketa eremu administratiboei buruzkoa da. Izan be, Eusko Jaurlaritzeak, Nafarroako Gobernuak Vascuenceren legean bezela, lurraldearen zonifikazinoaren alde egin dau dekretu proposamen honetan, euskaldunon hizkuntza-eskubideak arauz urratzeko bidea ezarriz. Arauok hizkuntza komunidadeak presentzia dauen gune administratibo guztietan aplikau behar dira, EAEri jagokonez, beraz, udalerri guztietan. ‘Edozein kasutan arbi itxi behar da hizkuntza gitxitu baten kasuan ezagutza-tasak ez dauela haren lurraldea definiduten’, azaldu dabe.

Bigarren zuzenketa dekretu-proiektuak proposatzen dauen enpresen neurriaren arabera ezarritako mugeari buruzkoa da. Enpresen neurri erispideak ez dau eskubidea bermatzeko unean muga izan behar, dekretuak enpresa guztiei, baita merkataritzakoei be, eragin beharko leuskie. ‘Egokitzeko zailtasun handiagoak dituenek laguntza gehiago jaso behar dabe jagokezan helburuetara heltzeko’, adierazo dabe.

Hirugarrenez, kontsumitzaile euskaldunon hizkuntza-eskubideak jardun ekonomiko guztietan bermatu behar dira. Dekretu-proposamen hau gehienbat garraioaz, telefonia enpresez, energia hornitzaileez eta gainazal handiez ari da, ganerakoak kanpoan itxita. Idazkari nagusiak gai arriskutsuei arreta berezia eskaini behar jakela nabarmendu dau.

Bestetik, etiketen gaia kanpoan ixtea salatu dabe Kontseiluko ordezkariek. Euskal Herrian salerosten diran produktu eta zerbitzu guztiei aplikau behar jake euskeraz etiketetako araua.

Era berean, arauak behar dauen progresibidadea nabarmendu dabe, hau da, progresibidadea zehazteko epeak ezarri behar dituala. ‘Enpresak egokitzeko epea beharrezkoa da, ez dogu inoiz kritikauko epe luze bat aukeratzea, bai, ostera, eperik barik jardutea, holan ez baita ziurtatzen progresibidadea’. Azkenik, Kontseilua edo alor sozioekonomikoan lanean dabilzan euskalgintzako alkarteak ez dirala kontsultatuak izan ohartarazo dabe.

Dekretu-proposamen horren ondorioz unibersalak diran hizkuntza-eskubideak urratzeko bidea eskaintzen dala ikusirik, bere horretan onartu eta berehala Kontseilua errekurtsoa jarteko aukerak aztertzen ari da.

Gaurkoa ez da Kontseiluak erabiltzaileen eskubideen garrantzia azpimarratzen dauen lehen aldia. Batetik, igaz Kontseiluak ‘Euskaldunon hizkuntza-eskubideak kontsumo harremanetan’ txostenaren bidez egoerearen azterketea egiteaz gan, babeserako beharrezkoak diran puntuak aitatu zituan.

Behatokiak be, igaz gaiari buruzko txosten berezitua argitaratu eban. ‘Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak Euskal Herrian’ titulupean, Europar Batasuneko, Frantziako Estaduko, Espainiako Estaduko, Nafarroako eta EAEko araudia aztertu eben. Horren bidez, euskaldunon hizkuntza-eskubideak ez dirala bermatzen ondorioztatu eben.

Behatokiak ‘euskerearen telefonoa’-ren bidez jasoten ditu kexa eta iradokizunak (www.euskararentelefonoa.com).


Bai Euskarari Ziurtagiria

Kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideen bermean, sano garrantzitsua da eragile sozioekomikoek hizkuntzearen normalizazinoaren alde egindako lana. Entidadeetan hizkuntza-normalizazinoaren alde bide luzea egin dau Kontseiluak eta horretarako, berebiziko tresna da Bai Euskarari Ziurtagiria.

Gaur egun, Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez, 1.530 entidade baino gehiagok hasierea emon deutse bezeroaren hizkuntza-eskubideak bermatzeko bideari. Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez erantzukizuna hartu badabe, bidean oztopoak izaten ditue, besteak beste, euskera hutsean etiketetan dabenek isuna jaso leikie, erderaz etiketau ezkero, barriz, ez dau isunik jasoko. Adibide moduan farmazien kasua jarri dabe: ‘Farmazia batek, berbarako, ezin izango leuke Ziurtagiriaren bigarren edo hirugarren maila eskuratu bezeroei emoten deutsien irakurteko informazino guztia euskeraz ez egoteagaitik, botiken kutxa eta prospektua kasu’. Egoera arautzeak zailtasun horreek erraztuko leukezala adierazo dabe Kontseiluko bozeroaileek.

Bestetik, dekretu-proiektuak jasotako ‘konpromisoaren zigilua’ aitatu dau Kontseiluak. Horren harira, beste ziurtagiri bat ete dan itaundu dabe. Zigilu horren bidez egitea proposatzen dana Bai Euskarari Ziurtagiriak egiten dau orain dala 8 urte. Gainera, ‘konpromisoa adierazoteaz gan zerbitzua euskeraz edo zerbitzua eta lana euskeraz’ emoten daben adierazoten dau’.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu