Jone Miren Hernandez: ‘liburutegi eta dokumentazino zentru birtuala bilakatzea da gure helburu nagusia’

Koldo Isusi Zuazo 2008-03-07 11:05   Barriketan
Andresare webgunearen bultzatzaileetakoa

Pasa dan zezeilaren 26an, Andresare ekimena aurkeztu eben, Eusko Ikaskuntzagaz lotura sendoa dauen proiektua, emakumearen egoereagaz, genero ikerketakaz eta feminismoagaz loturea daben eta Euskal Herrian garatu diran ikerketak jaso eta ezagutzera emoteko helburuagaz.

Andresare ekimen bizia, dinamikoa da, etenbako barritze eta gaurkotze prozesuan egongo dan proiektua, izan be, Interneteko plataforma honek mundu mailako hartu-emonak ahalbidetuko ditu eta arlo honetan interesa daben personen arteko komunikazinoa erraztuko. Era berean, etorkizuneko ikerketa eta lanetarako behar haina informazio eta dokumentazio metatzen da danon esku egongo dalarik hainbat hizkuntzatan.

Andresare web barriaz gehiago jakin guran, Jone Miren Hernandezengana jo dogu, UPV-EHUko antropologia irakaslea da bera, Eusko Ikaskuntzako bazkidea eta Andresareren bultzatzailetariko bat. Hona hemen berak kontau deuskuzanak:


1.- Aurkezpena oraintsu egin arren, urtebete inguru daroa lantaldeak webgunea edukiez horniduten. Zergaitik Andresare? Zergaitik Sarean?

Bueno, egia da, urtebete daroagu proiektuan lanean baina Andresareren sorrerea 2002an kokatu geinke. Orduan Teresa del Vallek eta biok ikerlan bat egin genduan ikusteko Euskal Herrian azken urteotan feminismo eta genero ikerketearen arloan zein produkzino mueta egoan. Lana egin ondoren hasi ginan pentsetan zein izango litzatekeen modu egokiena jasotako informazino hori guztia zabaltzeko. Barriketaldietako batean Interneten aukerea aitatu eta azkenik horren alde egin genduan, Eusko Ikaskuntzaren babesa lortu gendualako, jakina.


2.- Andresare proiektua 2002an sortu zan, Eusko Ikaskuntzak Euskal Herriko sistemei eta genero-hartu-emonei buruzko ikerketen azterlan bibliografikoa egiteko atara eban bekeagaz. XX. mendeko laurogeiko hamarkadatik garatzen ari zan ezagutza-corpusa jasotea zan ikerketearen helburua. Ordutik 6 urte joan dira. Corpus horretan zein jakintza arlo nagusitzen da?

Orokorrean esan daiteke gizarte zientziak dirala nagusi. Bertan antropologia, historia edota soziologia lako diziplinak topau daitekez. Dana dala, gauzak asko eta azkar aldatzen ari dirala esan behar da eta egun genero ikuspegia edota ikuspegi feministea arlo guztietan topau daiteke. Esate baterako Andresareren aurkezpen publikoan mahai-inguru bat antolatu genduan eta bertan Edurne Larraza egon zan (UPV-EHUko informatikako irakaslea) informatika eta generoari buruz berba egiten.


3.- Feminismoaren eta generoaren alorreko azterlanek gero eta interes handiagoa bizten dabela ikusirik, ze leku izango dabe era horretako lanek Andresare webean?

Guretzako holako azterlanak lehentasunezkoak dira. Ezagutza eta sorkuntzea landu nahi doguz berenberegi, horregaitik holako ikerketen barri jasotea funtsezkoa da Andresarek aurrera egiteko. Gainera, gure asmoa ez litzateke erreferentzia bakarrik jasotea; posible dan neurrian materiala bera (dokumentuak, artikuluak, liburuak) Sareratu nahi dogu eskuragarri izateko. Esangura horretan, liburutegi eta dokumentazino zentru birtuala bilakatzea da gure helburu nagusia.


4.- Euskal emakumeen errealidadea ezagutarazoko dozue, ezagutza, sorkuntza eta zientziaren bidez. Ganerako arloek, eguneroko errealidadea, emakumeen kontrako indarkeria, hilketak (17 emakume hil ditue urtea hasi zanetik), bardintasunerako planek eta holakoek ez dabe lekurik izango?

Modu zuzenean akaso ez, baina zeharka bai. Hau da, aktualidadeko gai horreen inguruan sor daitekezan hausnarketak, ikerketak, liburuak, berbaldiak eta enparauak jasoten ahaleginduko gara. Beraz gai horreek ardura edo kezka diran neurrian eta kezka hori jarduera desbardinetan islatzen dan neurrian geure egingo doguz.


5.- Orain arteko ondarea eta gazteen proposamenak eta planteamentuak buztartzea da asmoa. Zeintzuk dira lanon aukeraketarako erispideak?

Gure ustez Adresarek oroimena jaso eta ezagutarazo egin behar dau. Baina horregaz batera aktualidadea be jarraitu behar dau eta barrikuntzak, planteamentu barriak be asko interesetan jakuz. Eta guzti honegaz batera badago beste erispide garrantzitsu bat guretzako: kalidadea, hain zuzen be. Posible dan neurrian, Andresarek kalidadezko informazinoa eskaini nahi dau zentzu guztietan.


6.- Andresareren helburua emakumeek egindako eta emakumeei buruzko lanak batu eta zabaltzea da. Euskal Herritik kanpoko emakumeen ekarpenak be aintzat hartuko dozuez? Euskerara itzuliko dira ala jatorrizko hizkuntzan itxiko dozuez?

Bai, Euskal Herritik kanpoko emakumeen ekarpenak be jaso gura doguz, beti be gure errealidadeagaz loturea badabe. Hizkuntzeari jagokonez, gure asmoa da informazino eta material gehiena euskeraz be agertzea baina, segurutik, zenbait atal jatorrizko hizkuntzan itxiko doguz.


7.- Emakumearen Nazinoarteko Eguna be gainean dago. Egunaren eta eguneko aldarrikapenen ganeko gogoetarik Andresaren jasoteko asmorik?

Bai, honezkero eretxi artikulu bat eskatu deutsagu persona bati gai horren inguruan. Horrezaz gan, egun hori dala eta gauza dexente antolatzen dira herririk herri eta, beraz, pentsetan dot horreek zeozelan agertuko dirala Andresaren, agenda atalean besterik ez bada be.


8.- Gizon eta emakumeen bardintasunera bidean, asko aurreratu da baina asko dago egiteko. Esangura horretan, Andresarek ze ekarpen egin leike?

Andresarek apustua egiten dau ezagupenaren alde, ezagupenaren difusinoaren alde eta nik beti esaten dut informazinoa eta formazinoa dirala gizartean aldaketak emoteko oinarrizko elementuak. Informazinoak formazinorako bidea emoten dau, eta horregaz batera sentsibilizazino lana be bultzatzen dau. Emakume eta gizonen errealidadea hobeto ezagutzen badogu askoz errazagoa izango da aldaketak bultzatzea eta bideratzea. Horregaz batera nik uste dot bigarren elementu garrantzitsu bat dagoala: emakumeen zeregina eta lana ikustarazotea. Ekarpen horreek ezagutu behar doguz, gure gizartearen parte dira eta.


9.- Zeintzuk dira Andresareren bihar-etzirako erronkak
?

Momentu honetan erronka nagusia proiektua bera finkatzea da. Lehenengo urtean hori da gure helburua; produktua findu eta sendotu gura dogu; lotzeko gelditzen diran gauzak lotu behar dira. Gauza asko dogu ikasteko eta horretan emon gura doguz lehenengo hilebete honeek, ikasten, gauzak finduten. Gure ustez lehenengo urtea oso garrantsitzua izango da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu