'Aisa’ programeari esker 52 atzerritar dabilz Gernikan euskerea ikasten

Bizkaie! 2008-03-05 17:35   Euskerea berbagai

Matrikulazinoaren lehenengo pausua emon ondoren, kalean erabilerea suspertzea dala orain erronka nagusia azpimarratu dabe Gernika-Lumoko Udaleko ordezkariek.

Gernika-Lumoko Aita Villasante udal euskaltegiak herritarrei zuzenduriko zenbait programa abiarazo ditu euskerearen erabilera sustatzeko asmoz. Gauzak holan dirala, euskaltegian bertan egunero eskaintzen diran klaseetaz gan, atzerritarrei zuzenduriko ‘Aisa’ programa eta Internet bidezko ‘Boga’ autoikaskuntza programea be abian dagoz.

‘Aisa’ programeari jagokonez, 52 atzerritarrek (gehienak emakumeak, gazteak eta helduak, Hego Amerika, Errumania eta Saharatik etorriak) parte hartu dabe aurten. Bigarren urtez abiarazo dau euskaltegiak ekimen hau eta erantzun ona izaten ari da.

‘Matrikulazino kopuruak agirian ixten dau atzerritarrek euskerea ezagutzeari eta gure kulturara hurreratzeari garrantzia emoten deutsiela. Halan da be, taldeak ezegonkorrak dira, eten barik dabilzalako lanez edo ta bizilekuz aldatzen eta horrek ez dau ahalbidetzen egunero klaseetara etortea’, esan dau Euskara Saileko zinegotzi Idoia Fernandezek.

Matrikulazinoaren lehenengo pausua emon ondoren, kalean erabilerea suspertzea dala orain erronka nagusia azpimarratu dabe Gernika-Lumoko Udaleko ordezkariek.

Bestalde, ‘Boga’ autoikaskuntza programeari jagokonez, 20 ikaslek aukeratu dabe euskerea ikasteko Internet bidezko formula hau. Parte-hartzaileak emakumezkoak dira gehienbat, 30 urtetik gorakoak, umeak dituenak eta lan bila dabilzanak. Badago, halan da be, profesional talde bat be, batez be, medikuz osoturikoa.

Horreek guztiek, derrigorrez, asteko bost ordu eskaini behar deutsiez programeari euren etxeetatik, eta astean ordubetez, euskaltegira hurreratu behar dira.

Idoia Fernandez zinegotziaren berbetan, ‘programeak berak, ikasleen gaineko kontrola eroateko aukerea emoten deusku baina horrezaz gan, beharrezkoa da geugana hurreratzea, zalantzak argitzeko’. ‘Boga’ programea orain hiru urte jarri zan abian eta etorkizunean be jarraipena izango dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu