Euskerearen kalidadea autortzen dauen 'Bikain' ziurtagiria aurkeztu dabe
2008-03-05 10:41 Euskerea berbagaiEuskerearen Kalidade Ziurtagiri barriaren helburua Euskadiko sozioekonomikoko erakundeek garatutako hizkuntza-normalkuntzako prozesuek izan daben garapen-mailea egiaztatu eta autortzea da.
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak 'Bikain' Euskerearen Kalidade Ziurtagiria sortu dau. Euskerearen Kalidade Ziurtagiri barriaren helburua da Euskadiko sozioekonomikoko erakundeek garatutako hizkuntza-normalkuntzako prozesuek izan daben garapen-mailea egiaztatu eta autortzea. Prozedura gizartearen aurrean aurkezteagaz batera, eskabideak egiteko epea ere zabaldu da, martiaren 6tik martiaren 31ra arte.
'Bikain' ziurtagiria 'publikoa, ofiziala, independentea eta dobakoa' da, eta Eusko Jaurlaritzeak, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru foru aldundiek, Eudel alkarteak, Confebask eta Adegi, Cebek eta Sea enpresaburuen alkarteek, Euskadiko Kooperatiben Konfederazinoak eta Euskalit Kalidaderako Euskal Fundazinoak bultzatu dabe. Prentsaurrekoan Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Txema Gisasola Euskaliteko presidentea eta Erramun Osa Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Koordinazinorako zuzendaria izan dira.
Baztarrikak azaldu dauenez, ebaluazino-sistemea igaz landu zan eta proiektu pilotuan bederatzi enpresa honeek parte hartu eben: Eika, ELAY, Elkargi, Eroski, Euskaltel, CEGASA, Fundación Matia, Goiena, eta Makina Erremintaren Institutua.
Euskaliteko presidente Txema Gisasolak adierazo dau kanpoko talde ebaluatzaile batek erakundea aztertuko dauela, 'ideia zehatzak, praktika onak eta erakundeak euskerearen kudeaketan dituan indar-guneak eta hobetu beharrekoak identifiketako'.
Euskerearen erabilerearen, euskerearen presentziaren eta euskerearen kudeaketearen gitxieneko mailea erakusten daben erakundeek lortu ahal izango dabe ziurtagiria, beti be horretarako zehaztutako ebaluazino sistemearen baldintzak beteten baditue.
Ebaluatzaileen Kluba
Bikain ziurtagiriak hiru maila eta hiru kolore ditu: baltza, zilarra eta urrea. Egiaztapenaren hiru mailak ebaluazinoan autortutako euskerearen erabilerea eta presentziaren neurrikoak izango dira, baita entidadeak hartutako hizkuntza-erispideen errotze eta garapen-mailaren araberakoak be.
Bikain ebaluazinoa egiteko, Ebaluatzaileen Kluba sortu da. Ebaluatzaile horreek berenberegiko preparazino-saioa eginda izango dabe, EUSKALITen eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzearen eskutik. Jatorriz, honeetariko batekoa izan beharko dabe: enpresetako koordinatzaileak edo ordezkariak; Euskaliten Ebaluatzaile Klubeko kideak; enpresetako euskera-planen teknikariak; edota euskera-teknikariak.
Ebaluatzaileen Klubaren helburua lan-jatorri askotariko kideez osoturiko klub zabal bat eratzea da. Izan be, ebaluatzaile izatearen azken helburua euskerearen erabilerearen aldeko praktika onak konpartidu eta zabaltzea da, lan-sare bat sortuz. Ebaluazino-taldeak, gehienetan, lan-jatorri eta ibilbide desbardinetakoak izango dira.
Martiaren 31ra bitartean izena emoten dauen erakundeak eskabidea bete beharko dau. Eskaerak www.euskalit.net/bikain webgunearen bitartez egin ahal izango dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!