Juan Mari Eskubi: ‘askatasunaren alde burrukatu ziranen izenak batu gura doguz’

z 2008-03-03 13:23   Barriketan
Durango 1936 Kultur Elkarteko lehendakaria

Juan Eskubi ELA sindikatuko Durangaldeko lehendakaria zan 1936an, gerrea hasi zanean. Altxamendu militarretik nazionalek uria hartu arte (1936ko garagarriletik 1937ko apirilera bitartean) Durangoko bizimodua antolatu eban, Defentsa Komiteko burua zan eta. Beraz, 30 urtegaz, birritan bonbardeautako herria defendidu eban. Horregaitik, 1938ko urriaren 24an, 32 urte zituanean fusilau eben. Juan Mari Eskubi bere semeak orduan sei urte zituan. Orain Durango 1936 Kultur Elkarteko lehendakaria da, bertako oroimen historikoa berreskuratzeko.


1.- Zelakoa zan Durango 1936an?

Zatika jatoztazan eszenak gogoratzen dodaz. Amagaz akordetan naz, batez be, nire arreba eta biok mantakaz batuta (nik orduan lau bat urte nituan eta nire arrebeak, bi). Eskaileretatik behera arineketan gindoazen, leherketak entzuten genguzan, kaletik jentea odoletan ikusten genduaen bitartean. Etxeetatik hondakinak jausten ziran. Etxeko galeriatik, Durango bonbardeetan egozan hegazkinak ikusi genduzan. Ezin izan dot oraindino egun haretako usaina ahaztu. Frantziara erbesteratu aurretik, Santanderren egon ginan etxeko teilatuan egoan metrailadorearen zaratea be gogoratzen dot. Ama María, bere ama Juliana, izeko Pilar, arreba Rosi eta bostok Frantziara joan behar izan genduan eta han gengozala aita Santoñan preso egoala jakin genduan. Amak orduan Bilbora bueltetea erabagi eban, aitaren bizitza salbetako zeozer egin ahal izango gendualakoan.


2.- Durangora bueltau zinien?

Bueltaukeran Bilbora biziten joan ginan, aita uri horretako Larrinaga kartzelara eroan eben eta. Dana dala, Durangon etxeko altzaririk be ez euskuen itxi. Gainera, Bilbon egonda, amak egunero aitari erropa eta jateko apur bat eroaten eutson. Amama Juana -aitaren ama-, nire arreba eta hirurok kartzela inguruan egoten ginan, egun batzuetan presoak leiho baten aurretik pasetan ziralako eta, batzuetan, aita ikusi ahal izaten genduan. Segundo bat besterik ez zan izaten. Suberterik baegoan, eskuagaz agur esan ahal izaten euskun. Birritan ikusi genduala uste dot, gehiagotan ez. Kartzela inguruan hainbat senitarteko alkartzen ginan, presoak noiz pasauko zain.


3.- Zelan gogoratzen dozu aita kartzelan?

Behin bakarrik egon nintzan beragaz. Nik orduan sei urte be ez neukazan eta gogoratzen dodana aitaren bizarra da. Frantziatik bueltau ginanean, amama Juana -aitaren ama- eta nire ama ahal eben guztietan Monseñor Lauzirikarenera joaten ahalegintzen zirala ondo gogoratzen dot. Monseñor Lauzirika Gasteizko Administratzaile Apostolikoa zan, iurretarra (geroago Oviedoko gotzain be izentau eben), eta haren sinadurea aitaren bizia salbetako nahikoa zan. Segurutik ez eben kartzelatik atarako, baina behintzat bizirik jarraitu eikean. Dana dala, Lauzirikak ez zituan baten be entzun gura izan eta 1938ko urriaren 24an, Bilboko Larrinagako kartzelatik aita atara eta Derioko kanposantuan fusilau eben, egun horretan beste hamahiru lagunekaz batera.


4.- Zelan jakin zenduen fusilatu ebela?

Ama kartzelara erropea eroaten joan zanean, egun horretan fusilautakoen zerrendea ikusi eban. Ofizialki, ‘gaur askatutako presoak’ inoan kartela zan. Egun horretan hamalau izan ziran eta horreetariko bat, gure aita.


5.- Beraz, gerrea aitaren oroimenagaz lotuta geratu jatzu...

Duda barik, gerreak gure familia apurtu eban eta bizia be bai. Alde batetik, aitari heriotza-zigorra ezarri eutsien eta bere aita, aitite Nicolás be, Burgoseko kartzelan preso egoan. Oraindino ez dakit zer kargu egoan haren kontra eta zer zigor be ez. Bere emazteak, amama Juanak, hainbat seme-alabagazko hartu-emonak galdu zituan. Gerran, semerik txikienak Ingalaterrara bialdu behar izan zituan, hamabost eta zortzi urtegaz. Txikiena, Nicolás, bakarrik bueltau zan, hainbat urteren ondoren. Bestea, Agustín, lehenengo bisitan atxilotu eben, Ingalaterran ezkondu eta gero ama ikustera etorrenean, Espainian soldaduskarik egin ez ebalako. Bestetik, nire amaren bi neba be Frantzian erbesteratu ziran eta euretariko batek ezin izan eban sekula bueltau. Gure ama Bilbora bueltau zan eta bere ama, bere ahiztea, nire arreba eta lauron ardurea beregan hartu eban. Horretarako, gogor lan egin behar izan eban, goizeko seietan lanean hasten zan.


6.- Erakundeek frankismoaren kontra burrukatu ziranen ohorea eta izen ona bueltau deutsiezala uste dozu?

Inondik inora. Askatasunaren alde burrukatu ziran errepublikar eta abertzaleak hil zituen eta frankistak, barriz, txalotu. Izan be, egoera horrexek Durango 1936 Kultur Elkartea osotzera eroan gaitu. Oroimen historikoa berreskuratzea ezinbestekoa da, ‘oroimenaren lekuak’ hain zuzen: bertan egondako kartzelak, hobi komunak, hilteko tokiak, burruka lekuak eta enparauak. Era berean, desjabetzapenak eta ganerako errepresinoa ezkutatu zituen ikur frankistak ezabatzea beharrezkoa da. Gainera, harrigarria bada be, gerreak Durangaldean zenbat lagun hil zituan oraindino ez dakigu. Esangura horretan, Durango 1936 KE askatasunaren alde burrukatu eta frankismoaren errepresinoa jaso ebenen datuak jasoteko artxibo bat sortzeko lanean dabil.


7.- Orain arte zer datu daukazue?

Elkarteko kideen hurreko datuak jaso ahal izan doguz. Frankismoaren errepresinoa sufridu dabenen senitartekoei lan horretan laguntzeko eskatu gura deutset: frankismoak hildako, fusilautako eta errepresaliatutakoen izenak batu gura doguz. Askatasunaren alde burrukatu ziranen izenakaz zerrenda bat osotzea da gure asmoa. Gerrea galdu ebenak ezeztatu zituen, gehienak fisikoki eta dan-danak politikoki. Argibideetarako, web-orria martxan dogu: www.durango1936.org. Senitartekoen izenak emoteko helbide elektronikoa (durango1936@durango1936.org) eta telefonoa (656.76.76.04) be badogu. Zenbat lagunek burrukan parte hartu eben eta zenbat hil zituen jakiteko modu bakarra dago: euren senitartekoen oroimena. Etxean euren istorioa gorde dabe eta erakundeek oraindino ez deutse askatasunaren alde burrukatu ziranei izen ona bueltau. Guk izen guztiak batu eta Historian euren lekua bueltau gura deutsegu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu