Euskaltzaindiak Jose Manuel Lasarte eta Jesus Atxa omendu ditu
2008-02-28 11:52 Euskerea berbagaiEuskaltzaindiak agiriko bilkurea egin dau. Bertan, azken urtean hil diran Jose Manuel Lasarte eta Jesus Atxa euskaltzainak omendu ditu.
Euskaltzaindiak agiriko bilkurea egin dau Bilboko egoitzan. Bertan, azken urtean hil diran Jose Manuel Lasarte eta Jesus Atxa euskaltzainak omendu ditu.
Jose Manuel Lasarte euskaltzain urgazlearen (Larraun, 1927; Iruñea, 2007) hilberri-txostena Patxi Zabaleta euskaltzain osoak irakurri dau; Jesus Atxa ohorezko euskaltzainarena (Aretxabaleta, 1920; Iruñea, 2007), Jose Luis Lizundia euskaltzain osoak.
Jose Manuel Lasarte
Jose Manuel Lasarte (Etxarri Larraun, 1927 / Iruñea, 2007) Iruñean apeztu zan, 1951n. Lau urte Luzaiden egin zituan, bederatzi urte Berueten eta gero Leitzara joan zan eta han Industria eta Nekazaritza eskolako zuzendaria izan zan.
Leitzatik Uharte Arakilera bialdu eben eta bertako eleizearen zaharbarritze lanetan parte hartu eban; horrezaz ganera, parrokiako korua sortu eta zuzendu eban. Urte batzuk geroago, Etxarri Larrauneko parrokiaren konponketa lanetan be ibili zan.
1991n, Uharte Arakil itxi eta Iruñera joan zan. Caritas Diocesana erakundearen administratzaile orokorra izan zan. Azken urteotan, Seminarioko Apaizen Egoitzan bizi zan. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izentau eban 1964ko urtarrilaren 30ean.
Lasarteren bizitzearen pasarte horreek eta beste batzuk gogora ekarri ditu Patxi Zabaletak. 'Ikusten dan moduan, Jose Manuel Lasarte ekimen izugarrizkoa zan, eginkizun ugariren bultzatzaile, egile edo kudeatzaile. Aztertzea edo ikertzea baino gurago eban egitea', esan dau Zabaletak.
Jesus Atxa
Jesus Atxa (Aretxabaleta, 1920 / Iruñea, 2007) Bizkaiko ikastolen bultzatzaile sutsua izan zan eta Gipuzkoako herri askotan be lan bera egin eban.
Nafarroan be ikastolen munduan sortzaile, bultzatzaile eta irakasle izana zan Jesus Atxa: 1970. urtean Iruñeko San Fermin ikastolako zuzendari izentau eben eta bertan jardun eban jubilau arte. 1977an Nafarroako Ikastolen Alkarteko sorreran parte hartu eban. 1990ean Nafarroako Ikastolen Historiarako Artxiboetako arduradun izentau eben.
Jose Luis Lizundiak esan dauen moduan, 'Nafarroako nonori jagoko Atxak herrialde horretan euskalgintza alorrean, batez be ikastola munduan, egindakoa historiatzea'.
Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren sorreran be hartu eban parte Jesus Atxak. Euskaltzaindiak 1967ko abuztuaren 25ean euskaltzain urgazle izentau eban eta euskaltzain ohorezko, barriz, 1998ko apirilaren 24an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!