Eusko Jaurlaritzeak neurriak hartuko ditu euskereak presentzia handiagoa izan daian saltokietan eta administrazinoan
2008-02-28 10:19 Euskerea berbagaiIzaera ekonomikoko sustapen neurriak hartuko ditu urtean zehar, euskerearen presentzia handiagoa izan daiten administrazino publikoan eta eremu pribatuko zerbitzuen sektorean, ‘Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialek presentzia bera izan daien.
Eusko Jaurlaritzeak izaera ekonomikoko sustapen neurriak hartuko ditu urtean zehar, euskerearen presentzia handiagoa izan daiten administrazino publikoan eta eremu pribatuko zerbitzuen sektorean, ‘Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialek presentzia bera izan daien.
Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Erramun Osa Eusko Jaurlaritzako Koordinazino zuzendariak iragarri dabe ekimen hau Donostian, eremu pribatuko eta publikoko hizkuntza-pasaiari buruz egin dan ikerketa baten aurkezpenean. 2003ko Kontsumitzailearen Eskubideen Legearen eta Euskerearen Sustapenerako 4. Planaren barruan ezartzen diran ebazpenak betetea bilatzen dau ekimenak.
Azterketea 2006 eta 2007 artean egin da, eta EAEko 251 udalerrietako administrazino publikoaren bulegoak, instalazinoak eta zerbitzuak, eta kontsumitzaileagazko hartu-emon zuzenak dituen sektore batzuetako zerbitzuen enpresa pribatu batzuk aztertu dira.
Ikerlanaren bitartez euskereak administrazino publikoan eta zerbitzuen sektorean dauen presentzia aztertu ondoren, Baztarrikak adierazo dau euskerearen presentzia administrazino publikoan eremu pribatuan baino nabarmen handiagoa dala, nahiz eta bietan euskeraren erabilera handiagoa dan idatziz ahoz baino.
Era berean, sailburuordeak azaldu dau euskerearen erabilerea, batez be ahozko komunikazinoari jagokonez, oso lotuta dagoala lekuan lekuko errealidade soziolinguistikoagaz. ‘Izan be, Gipuzkoako egoerea Bizkaikoa eta Arabakoa baino hobea da, eta gune euskaldunetako ekipamenduena eta establezimenduena gune erdaldunetakoena baino’, gaineratu dau.
Administrazino publikoari jagokonez, kanpoko zein barruko errotulazinoak, telefono-harrerea, aurrez aurreko harrerea eta megafonia-mezuak lako idatzizko eta ahozko elementuak hartu dira kontuan. Azterketearen arabera, zerbitzuen % 27 eskaini ziran euskeraz, % 27 ele bietan eta % 46 gaztelaniaz. Ahozko faktoreari leporatu deutso Baztarrikak euskerazko harrerearen bakotasuna, ‘idatzizko komunikazinoa aldekoa dalako’.
Gainera, udalerri barruko uri-paisaiaren neurketak be egin dira, kale izenak, bide seinaleak eta informazino-panelak lako elementuak aztertuz. Gauzak holan dirala, ia erdia elebidunak dirala, % 35 euskeraz bakarrik idatzita dagozala eta % 11 gaztelania hutsean dagozala ondorioztatu da.
Bestalde, zerbitzuen sektorean, jarduera-adarraren arabera edo lurraldearen arabera alde esanguratsuak dagozala ikusi da, bai establezimenduetan bai eta bezeroakaz hartu-emon zuzenak dituen enpresetan be. Banku, aurrezki kutxa eta kreditu kooperatibetako langileen artean, berbarako, euskeraz dakitenen portzentajea (% 40) batez bestekoaren gainetik dago; hiper eta supermerkatuetan eta higiezinen agentzietan, barriz, azpitik (% 33 eta % 23 hurranez hurran).
Orokorrean, txikizkako merkataritzea, ostalaritzea eta beste establezimenduetako kide diran galdetutako lagunen % 69,6k ia inoiz ez dau erabilten euskerea ahozko hartu-emonetan, nahiz eta oso pertsona gitxik topau eben arazorik euskerea euren lanpostuetan erabilterakoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!