Bartzelonako Euskal Etxeak III. Zinemaldia ospatuko dau zezeilaren 29tik martiaren 14ra bitartean
2008-02-26 13:34 Euskaldunak munduanEkimen honetan Euskal Herrian egin diran filmak edota euskaldunek produzidu, zuzendu edo parte hartu daben pelikulak erakusteko asmoa dago antolatzaileek jakinarazo dabenez.
Ekimen honetan Euskal Herrian egin diran filmak edota euskaldunek produzidu, zuzendu edo parte hartu daben pelikulak erakusteko asmoa dago antolatzaileek jakinarazo dabenez.
Zinemaldia aurrera atara ahal izateko, Bartzelonako Euskal Etxeak uriko eta Euskal Herriko hainbat erakunderen laguntzinoa jasoten dau. Modu honetan, aurten be euskal zinemaren erakusleiho bilakatuko da Euskal Etxe bartzelonarra bi aste honeetan zehar. Horretarako, pelikulen emonaldiak ez eze, hainbat mahai-inguru, berbaldi eta ekitaldi berezi antolatu ditue.
Euskal Etxean bertan eta Bartzelonako hainbat puntu desbardinetan, euskal kulturea ezagutarazoteaz gan, Kataluniako kultureagaz alkarreraginean jarraituko dabe, hainbat ekitaldi eta film emonaldik daben izaera, egile edo produkzinoen jatorriari esker. Aitaturiko horren guztiaren adibidea da ‘Zinema kultura minorizatuetan’ mahai-ingurua, 1937ko eta 1938ko Gernika eta Bartzelonako bonbardaketak ezagutu zituenakaz egingo dan ekitaldia.
Gainera, pelikula baten aurkezpena egiteko aukerea izango da Euskal Etxean bertan: ’Sunday at five’ filmarena, hain zuzen be.
Egitaraua
Bartzelonako Euskal Etxeko III. Zinemaldia datorren barikuan, zezeilak 29, hasiko da. Arratsaldez, 18:00etan, umeentzako pelikula bat eskainiko da, eta iluntzean, 20:00etan, Nestor Basterretxeak eta Fernando Larruquertek 1968an egin eben ‘Ama Lur’ filma ikusi ahal izango da.
Martiaren 1ean, Lluis Danes zuzendari katalanaren ‘Llach, la revolta permanent’ filma eskainiko dabe 19:00etatik aurrera. 1976ko martiaren 3an, Gasteizen langileen batzar bat egiten egozala, poliziak bost hildako eta 100 zauritu baino gehiago eragin zituan. Gau horretan bertan, Lluis Llach-ek amorruaren amorruz sortu eban ‘Campanades a mort’ bere abesti ezaguna, eta Lluis Danes zuzendari katalanak zuzendu dauen pelikula honek hazoera hareek gogoratzen ditu.
Ondoren, Euskal Etxean bertan, 21:00etan hasita, Lluis Danes zuzendariak berak eta Aizpea Goenaga euskal aktore eta zuzendariak mahai-inguru batean parte hartuko dabe, ‘Zinema kultura minorizatuetan’ berbagai izango dabelarik.
Martiaren 2an, 17:00etan hasita eta saio jarraian, Iruñerriko gaztetxeei buruzko bideo emonaldi bat izango da, eta martiaren 5ean, 18/98 auziaren inguruan Edorta Barruetabeñak eginiko ‘18/98. Auzia auzi’ dokumentala izango da ikusgai. Pelikularen ondoren, Jaume Asens abokatuaren berbaldi bat izango da.
Ikasleen bideo lehiaketa bat izango da martiaren 6an, 19:30etan hasita, eta 20:45ean, barriz, ‘Eutsi!’ filma ikusi ahal izango da. Emonaldia amaitu ondoren, bideo lehiaketako sariak banatuko dira.
Martiaren 7an, 20:00etatik aurrera, Cartografia bipolar de cantautores de La Habana, Kasta eta Guillermo Trujillanoren kontzertua izango da, eta hurrengo egunean, ‘El bombardeo de Gernika’ eta ‘Catalunya martir’ dokumentalak jarriko ditue Sant Felip Neri plazan, 18:00etatik aurrera.
Era berean, martiaren 9an, dokumental bi izango dira ikusgai: alde batetik, Eñaut Tolosak eta Hammudi Al-Rahmounek eginiko ‘Hautsitako leihoa’, eta bestetik, Batabat, Televisio de Catalunya eta EiTBren arteko ‘Sunday at five’ koprodukzinoaren estreinaldia.
Martiaren 12an, Berri Txarrak taldearen bilakaerea eta ibilbidea laburbiltzen dituan ‘Zertarako amestu. Berri Txarrak’ dokumentala emongo da, eta hurrengo egunean, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) inguruko dokumental bat.
Amaitzeko, martiaren 14an, Euskal Etxeko dantza taldeak dantza erakustaldi bat eskainiko dau Passeig del Bornen, eta ondoren, 2007an Euskal Herrian egin diran film labur onenen bilduma bat ikusiko da, Kimuak egitasmoaren eskutik. Zinemaldia amaitzeko, dantza erakustaldiaren eta film laburren bildumea ikusi ostean, afari soziala egingo da Euskal Etxean, 21:00etan.
Informazino gehiago:
http://www.euskaletxeak.org/eus/agenda.php
http://blog.euskaletxeak.org/2008/02/19/znmld08-iii-festival-de-cinema-basc-a-barcelona
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!