Umeak euskeraz erregistretako trabak eta debekuak
2008-02-25 17:13 Euskerea berbagaiBi hilebete besterik ez dira igaro, Euskal Herrian lehenengo aldiz jaiobarri bat euskeraz erregistrau zanetik, eta dagoeneko, epaileak hasi dira euren seme-alabak euskeraz erregistrau nahi dituen gurasoei oztopoak jarten.
Bi hilebete besterik ez dira igaro, Euskal Herrian lehenengo aldiz jaiobarri bat euskeraz erregistrau zanetik, eta dagoeneko, epaileak hasi dira euren seme-alabak euskeraz erregistrau nahi dituen gurasoei oztopoak jarten. ‘Oztopoak eta debekuak ez eze, baliobakotze-prozesuak be abian jarri ditue epaitegietan’, azaldu dau Paul Bilbaok, Behatokiko zuzendariak.
2007ko abenduaren 19an Aretxabaletako Erregistro Zibilean egin zan euskerazko lehen erregistrotik hona, Euskal Herriko erregistro zibil ugaritan izan dira horretarako eskaerak. Izan be, guraso askok jo eben Behatokira informazino eske eta egoera honen aurrean, Behatokiak umeak euskeraz erregistretako kanpainea abiarazo eban. Emon beharreko pausuak azaltzen dituan dokumentua prepareteaz gan, Behatokiak beharrezkoak diran formularioak be eskuragarri jarri zituan. ‘Ez baitzan erraza izan lehen erregistroa egitea’, azaldu dau Bilbaok.
Aretxabaletako Erregistro Zibilean liburu berezi bat zabaldu behar izan eben jaiotza-inskripzinoa euskeraz egiteko. ‘Arrazoia: gaur egun EAEko Erregistro-liburu ofizialak gaztelaniaz baino ez dagoz, oraindino ez dago liburu ofizialik euskeraz’, zehaztu dau Behatokiko zuzendariak.
Lehen erregistro honen ostean, euskerazko inskripzino gehiago izan ziran.Bilbon esaterako, egin dira honezkero euskerazko erregistroak. Behatokiak zuzenean kudeatu eta jarraitu dituan kasuei jagokenez, hamabi erregistro zibil baino gehiagotan egon dira eskaerak liburuak zabaltzeko: Tolosa, Santurtzi, Ajangiz, Gernika, Donostia, Ondarroa, Deba, Uharte-Arakil, Bilbo, Igorre eta beste herri batzuetan.
Herritarrei oztopoak
Kasuren batean, eskaerea egin eta hamazazpi egunera biadu dabe itzulpen-zerbitzura bi orriko dokumentua; Gernikan epaileak umea oraindino jaio ez dalako espedientea ez dauela zabalduko jakinarazo deutse guraso batzuei; Gernikako epaile berak beste eskaera bati erantzuna be ez deutso emon, eta post-it bat itsatsi deutso eskaereari espedientea zabalduko ez dauela jakinarazoteko. ‘Hori al da epaileek herritarrei erantzun bat emoteko bidea? Post-it baten bidez?’, galdetu dau Paul Bilbaok gaurko agerraldian.
Donostiako Erregistroko Epaileak dagoeneko debekatu egin ditu euskerazko inskripzinoak, oraindino hori ebazteko arrazoirik zabaldu ez badau be. Gurasoek helegitea aurkezteko aukerarik be ez eben izan, laburra baita umea inskribiduteko epea. Are gehiago, Bilboko Erregistro Zibileko epaileak probidentzia helarazo deutso umea euskeraz inskribidu eban herritar bati, egindako inskripzinoa zuzena ez dala eta gaztelaniazko liburuan egin behar dauela jakinarazoteko.
Legea herritarren alde, eta epaileak?
2007ko abuztuan Justizia Ministerioagaz hartu-emonetan jarri zan Behatokia, euskerazko lehen erregistroaren prozedurea medio eta 2008ko urtarrilean jaso dau erantzuna: legearen arabera herritarren eskubidea da, baina moldaketak egin behar dira programa informatikoetan.
Eusko Jaurlaritzearen erantzunean euskerearen jatorriaren inguruko azalpena jaso dau Behatokiak. Antza danez, euskereak jatorri latinoa ez izatean, arazo gehiago sortu ei dira itzulpenetan, eta guztia prest egoteko hiru hilebeteko epea behar ebela adierazo eben. 2007ko zemendiaren 15ean jaso eban Behatokiak erantzuna. ‘Hiru hilebete pasau dira eta euskerazko libururik ez dago, beraz, Jaurlaritzeak etxeko-lanak egin barik eta are gehiago, euskeraz egin diran erregistroak baliobakotzeko prozesuak abiatu ditue’, salatu dau Bilbaok.
‘Argi dago herritarrek hizkuntza-eskubideak bermatzeko jarrera aktiboa hartzen dabenean, deserosotasunak sortzen dirala’, adierazo dau Behatokiko zuzendariak. Nora Barroso herritarraren kasua da, hain zuzen be. Nora umedun dago, euskalduna da eta bere umea euskeraz erregistrau gura dau. Legeak eskubide hori autortu arren, Oreretako erregistroan umea gazteleraz inskribidu beharko dauela esan deutse. Umea jaiotzear dago, baina Donostiako epaileak euskeraz erregistretako eskubidea ukatu deutso. ‘Umeari esan beharko deutsat batzuen eta besteen itxikeriagaitik, legeak autortutako eskubide bat urratu eutsiela jaio eta berehala’, azaldu dau Norak.
‘Ez dogu onartuko, hemendik eta hilebete batzuetara, Justizia sailak prentsaurreko dotore batean orain ukatzen ari jakun eskubidea bermatuko dabela eta hori lorpena dala esatea’, azaldu dau Paul Bilbaok. ‘Itzulpen baten zain egon behar al gara gure eskubideak bete daitezan?’, galdereagaz amaitu dabe Behatokiko ordezkariek agerraldia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!