Marian Arin: 'emakume helduek aisialdiaz gozetako daben eskubidea aldarrikatzen dogu'
2008-02-25 14:08 Barriketan'Mont Blanc 2006: 4 bide Euskal Herriko emakumeentzat' izeneko ekimena egin eben orain dala uda bi Marimendi kirol-taldeko 40 urtetik gorako 19 emakumek. Kirola, aisialdia eta emakumea batzen zituan ekimenak garagarrilaren 22an, Madalena Egunean egin eban tontorra eta, orain, han jasotako irudiak, argazkiak, bideotxuak... bateratu eta emonaldiak eskaintzeari ekin deutse. Bariku honetan, zezeilak 29, Plentziako kultur etxean egingo dabe saio bat.
Egitasmoaren bultzatzailea egun Zaratamon bizi dan Marian Arin andoaindarra izan da.
1.- Noiz eta zerk bultzatuta sortu zan Marimendi?
Marimendi ondorio bat izan zan. Lehenengo ekimen bat sortu zan, Mont Blanc mendira joatea, igoerea bera antolatzea. Antolaketa lanetan genbiltzala, erakunde batzuen aholkuei jaramon eginaz, Marimendi taldea sortzea erabagi genduan. Alderantzizkoa baino prozesu naturalagoa da.
Mont Blanc mendira joateko aukerea gogoetaldi baten ostean pentsau neban bertan negoala. Han konturatu nintzan mendian ebilzan gehienak gizonezkoak zirala, gazteak eta edadean aurrera joandakoak be bai; emakumezkoak, barriz, % 15 be ez ziran izango eta egozanak oso gazteak. Gure mendietan bai, Pirineotan gitxiago eta goi mendietan emakumezkorik ez dabilela ikusirik, buruari buelta batzuk emon eta etxera bueltan mendizaleak ez ziran lagun batzuei komentau neutsen mendian ikusitakoa eta eurek zeozer idazteko esan eustien. Orri batzuk bete nituan, bai eta berehala jente bila hasi nintzan ideia komuniketako eta hasierako errezeloak baztertuta taldea osotzen joan nintzan.
Asmoa 40 urtetik gorako emakume euskaldunek Mont Blanc zailtasun desbardineko lau bidetatik igotea zan, emakume helduek aisialdiaz gozetako daben eskubidea aldarrikatuz.
2.- Ze helburugaz?
Marimendiren helburuak genero bardintasuneko kulturea garatzea eta aisialdian eta kirolean emakumeen parte-hartzea bultzatzea dira. Emakumeen amesak zeozelan bortxatuta dagoz, aisialdirako esparru murritza asumiduta dabe eta, beraz, emakumeen aisialdirako esparrua zabaltzea da asmoa.
3.- Zergaitik jarri dozue baldintza moduan taldekide izateko, emakume izateaz gan, 40 urtetik gora izan beharra?
Taldekide izateko baldintzak hiru dira: mendizalea izatea, 40 urtetik gorako emakuea izatea eta euskalduna izatea. Edadearen muga hori jartea, emakume gazteek aukera gehiago izaten dabelako da eta talde moduan zeozelan eredu izan gura dogulako edade horretatik gorakoentzako.
5.- Mendia lau bide desbardinetatik igon zenduen. Zegaitik ez zinien joan danak alkarregaz?
Bueno, Mont Blanc mendi berezia da, Alpeetako handiena da eta oso azpiegitura onak ditu mendia egiteko. Zailtasun desbardinetko lau bide ditu eta gure taldean preparazino eta egoera desbardineko emakumeak gara. Ganera, Euskal Herrian tradizinoa dago mendietara bide desbardinetatik joateko eta puntu batean alkartzeko. Gu Mont Blanceko tontorrean 19 emakume alkartu ginan eta sano polita izan zan.
6.- Orain, ekimenaren nondik-norakoak azaltzeko, berbaldiak antolatu dozuez. Zer eskainiko deutsazue publikoari?
Gure espedizinoaren gorabeheren ganeko azalpenen ostean, irudiak eskaintzen deutseguz eta apur bat ez ohikoak dirala esango neuke; normalean paisaje ederrak, zailtasun handiko tarteak, nekea eta holakoak izaten dira osogaiak baina gure kasuan, aitatutako osogai horreez gan, jantzea, barrea, alaitasuna agiri dira. Gure entrenamenturako prozesua zelakoa izan dan be erakusten dogu, borondateagaz eta entrenamentu apur bategaz helburuak lortzen dirala ezagutarazoteko.
7.- Hurrengo erronkea: Elbrus sumendia, Europako tontorra, aurtengo garagarrilean. Aldarrikapenak berberak izango dira, hau da, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko bardintasuna eta normaltasuna?
Bai. Aldarrikapenak eta helburuak ez dira aldatu. Hautsak harrotzeko atxakia behar izaten da, Mont Blanc izan zan moduan, Elbrus da orain atxakia, gizartearen atentzinoa erakarteko.
Edozelan be, kirol arloari erreparauta, mendia gatxagoa da, hotz handiagoa egiten dau bertan, beste kultura batean dago eta hori oso inportantea da guretzako.
8.- Zezeilean hasi dozuez garagarrilean izango dan abentura barri horretarako preparazino eta aklimatazino lanak. Zelan preparauko dozue espedizinoa?
Batetik, lan indibiduala egiten dogu eta, bestetik, taldean be egiten ditugu osteratxuak. Osteratxu horreek taldea sendotzeko egiten dira ze, oraingoan, taldea zabaldu egingo da. Gure helburua 24 andrazko joatea izango da. Mont Blancera 19 joan ginan eta 19 hareetatik bost inguru ez dira Elbrusera joango. Beraz, beste 10 edo barri izango dira.
Orain, astean hirutan ariketak egiten doguz, gero astean lautan eta azken txanpan astean bost egunetan egingo doguz. Gero, altuerea metatu behar da. Preparetan doguzan osteratxuak zabalean izan beharrean altueran izaten dira. Aste Santuan, berbarako, asko eskietan joango gara edota alturan egotera. Gorputzak gogoratu egiten dau metatutako altuera hori hainbat denporan eta hori oso garrantzitsua da aklimatazinorako.
Euskal Herrian, altuera handienak hartuta, igoera batzuk egingo doguz, Zeanuri-Gorbeia, Zegama-Aizkorri, Hiru Erregeen Mahaia... Altuerea eta talde-lana egitea dira gure asmoak orain, taldekide barriak izango diralako eta ez garalako alkar ezagutzen. Lagun egiten joan behar gara, adiskidetzen.
9.- Bidean, bardintasunaren aldarrikapenagaz batera, euskerea be dozue bidelagun.
Euskeraz bizi gura izan ezkero, ingurukoek euskaldunak izan behar dabe. Orduan, espedizinoa antolatu genduanean, ez geunkan interesik holako ibilaldi bat gaztelaniaz egitea. Entidade pribadu bat gara eta ez dogu azalpenik emon behar, gure gustua da eta kitto.
Bestalde, hori be esperientzia bat izan zan. Danok ginan euskaldunak baina oso gitxik dogu aukerea 20 ordutan euskeraz berba egiteko ze gure bizimodu normalean, lanean, etxean, familian... beti dago euskeraz ez dakian jentea eta beti ibili behar dogu gaztelaniaz eta euskeraz.
Hizkuntzearen kontu hori arazo bat izan zan mendi-gidariak aukeratzeko momentuan. Gure arteko eztabaidea izan zan. Mendi-gidari guztiak gizonezkoak izan ziran, ze emakume gidariak erdaldunak baino ez ziran eta, beraz, holan egin genduan aukeraketea. Euskal Herrian ez dago emakumezko mendi-gidaririk. Guk salatzen dogun egoerearen ondorio zuzena da emakumezko mendi-gidaririk ez izatea. Orduan, guk gidari euskaldun gizonezkoen aukerea hartu genduan, emakumezko gidariak aukeratu ezkero, gure alkarrizketak erabat baldintzauta geratuko litzatekezalako. Hizkuntzearen aukerea egiterakoan, gogoratu ginan Tximist espedizinoan, Everestera lehenengo euskalduna ailegau zan espedizinoan, Martin Zabaleta eta sherpa bat ailegau zirala eta ez zan dudan jarri ha euskal espedizinoa zala, tartean sherpa bat egon arren. Guk gauza bera pentsau genduan. Ez da zertan pentsau ekimena ez zala emakumeen kontua mendi-gidariak gizonezkoak izan arren.
10.- Laster izango da martiaren 8a. Emakumeek osotutako alkartea zarien aldetik, mezu bereziren bat zabaldu gura dozue?
Gure artean, militantzia feminista ez da horren garrantzitsua, danok ez gara militante feministak. Marimendi taldea militantzia horreetatik aparte dago, bitxia izan arren.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!