‘Hizkuntza-politikeak bakotasunak ditu’
2008-02-25 13:47 Euskerea berbagaiKontseiluko ordezkariek EEPren egitasmoetan euskereari ez jakola estatus egokirik eskaintzen azpimarratu dabe. Estatus egokia lau kontzeptuk definiduten dabe: euskera ofiziala, berezkoa, lehentasunezkoa (diskriminazino positiboaren beharra) eta ezagutu beharrekoa.
Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Iparraldeko hizkuntza-politikearen balorazinoa egiteko agerraldi publikoa egin dau Baionan. Arlo politiko-instituzionaleko ordezkariak diran Iñaki Lasak eta Ione Josiék hain zuzen be, hizkuntza-politikearen urtebeteko ibilbideari buruzko, dirulaguntzen banaketeari buruzko eta oraintsu botautako aurrekontuei buruzko balorazinoa egin dabe. Laburbilduz, hizkuntza-politikeak hutsarte nabarmenak dituala ondorioztatu dabe.
Kronologia
Euskerearen Erakunde Publikoak hizkuntza-politika proiektuaren gaineko botazinoa egin eban 2006ko abenduan. 2007ko martian, proiektu-deialdia zabaldu eutsien euskerearen alde dabilzan eragile guztiei eta bagilaren hasieran publiko emon ziran diruz lagundutako eragile eta proiektu guztiak. Ordutik, 2007ko abenduaren 19an hain zuzen be, EEP-ko zuzendaritzeak aurtengo aurrekontuaren gaineko botazinoa egin eban eta 2008ko urtarrilaren 16an, Aholkularitza batzordea batu, datorren urteari begirako lan ardatzak zehazteko asmoz.
Euskerearen Erakunde Publikoaren egitasmoen irakurketea
Kontseiluko ordezkariek EEPren egitasmoetan euskereari ez jakola estatus egokirik eskaintzen azpimarratu dabe. Estatus egokia lau kontzeptuk definiduten dabe: euskera ofiziala, berezkoa, lehentasunezkoa (diskriminazino positiboaren beharra) eta ezagutu beharrekoa.
Era berean, Corpus juridikoa eregiteko proposamen bakar bat be ez dauela egiten kritikau dabe: ‘Corpus juridikoa hizkuntza-politika egoki baten zutabe nagusietariko bat da, euskereak babes juridikoa behar dau’.
Euskerearen estatusaren harira, berenberegi kritikau dabe aukera librean oinarritzen dauela proposamena emoitzak hipotekatuz eta babes juridiko legala baztertuz, ‘herritarra babesik barik itxiz hizkuntza-eskubideen urraketearen aurrean’.
Bestetik, Euskerearen Erakunde Publikoak euskalgintzeagaz dituan hartu-emonei buruz be berba egin dabe Kontseiluko kideek. Erakundeak aurkeztutako plangintzea orain arte euskalgintzeak egindako lanen zerrendatzean oinarritzen dala azaldu dabe. Horren harira, plangintzearen betete maileak emankorragoa izan behar dauela azpimarratu dabe.
Hizkuntza-politika plangintzearen inguruan ordezkariek helburu eta epe zehatzen eta neurgailu zehatzen faltea nabarmendu dabe. Aldi berean, hizkuntza-politika egokia izateko Administrazino Nagusitik Toki Administrazinorainokoa izan behar dala gogorarazo dabe Kontseiluko kideek.
Aurrekontuak eta dirulaguntzinoak
Dirulaguntzen banaketarako erispide eskasa izan dala salatu dabe eta, era berean, erispideetan argitasun faltea atzemon dabe. Bestetik, dirulaguntzen banaketan desoreka handia dagoala ohartarazo dau Kontseiluak; gainera, 2008ko aurrekontua igazko berbera dala kritikau dabe.
Labur-zurrean, ordezkariek dirulaguntzen banaketa ez orekatu horrek EEPk eroan nahi dauen hizkuntza-politikearen isla dala esan dabe, hau da, ‘harmonia eta koherentzia bakoa.
Kontseiluaren eskakizunak
Gardentasuna eta hartu-emon sendoen beharra: diru publikoa dan neurrian gardentasuna eskatu deutso Kontseiluak EEP-ri, besteak beste, bere kontuak aurkeztu daizala.
Lan-talde eta sektoreko profesionalez osotutako batzordeak. ‘Barriro be, EEP-ri eskatzen deutsagu sektorekako lan-taldeak batu daitezan eta bertan emoten diran eztabaidak eta eretxiak kontuan hartuak izan daitezan. Azken finean, eragileok dogu sektorearen ezagutza’.
Dirulaguntzen banaketaz: erispideak, lehentasunak, epeak, helburuak eta neurgailuak argi definidutea behar-beharrekoa dala azaldu dau Kontseiluak. Horrezaz gan, alor bakotxean diru kopuru bat finkatzea eta mugak ezartzea eskatu deutse EEP-ri. Deialdiak be zehaztu behar dirala azaldu dabe, eta euskerearen erabilerea bultzatzeko bizi sozialean ahalegin baten beharra, deialdi berezi bat proposatuz adibidez. Bestetik errekurtsoa egiteko aukerea emon behar jakela baztertuak izan diran eragileei.
Azken buruan, aplikau nahi dan hizkuntza-politikarako aurrekontua murritzegia dala adierazo dabe.
Herriko etxeen ildoaren inguruan Kontseiluko ordezkariek hainbat galdera luzatu deutseez Euskerearen Erakunde Publikoko agintariei: tokiko aginte eta beste eragile publikoek garaturiko egitasmoak diruztatzeko 120.000 euro banatzen ditu, ‘baina zenbat jagoko Herriko etxeen ildoari?’ Euskera-teknikari lanpostuak sortu dira, baina, ‘administrazinoa euskalduntzeko beste neurri batzuk (berbarako tresnen sorrerea), ‘zelan diruztatuko ditu?
Azkenik, 2008rako barriro be lehentasun eta plangintza zehatz baten eskasia atzemoten dala ohartarazo dau Kontseiluak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!