‘Euskerearen gidabaimena’, Enkarterrin euskerearen erabilerea sustatzeko ekimena
2008-02-25 12:07 Euskerea berbagaiJoko honen helburua euskerearen erabilerea bultzatzea da, modu parte-hartzaile eta umoretsuan, eta aldi berean euskaldunei alkar ezagutzeko aukera gehiago emotea.
Enkarterriko Berbalagun proiektuak ‘Euskerearen gidabaimena’ jokoa jarriko dau martxan. Joko honen helburua euskerearen erabilerea bultzatzea da, modu parte-hartzaile eta umoretsuan, eta aldi berean euskaldunei alkar ezagutzeko aukera gehiago emotea. Horregaz batera, euskaldunen hizkuntza ohituren aldaketea bultzatzea da asmoa, Enkarterrin be euskeraz bizi daitekela erakutsiz.
‘Jokoa martxan jarteko Berbalagun batzordeaz gan (Mankomunidadea, Balmaseda, Gordexola, Sopuerta eta Zallako Euskara zerbitzua, Enkarterriko AEK eta Udal euskaltegia), Enkarterriko eragile desbardinakaz egin dogu lan, besteak beste, Txotx Euskara Taldea, Ekintza Gazte Taldea, Hodoibaltza Euskara Taldea, eta jakina, Enkarterriko euskaldun eta euskaltzaleakaz’. Era berean, ezinbestekoa izango da denda eta komertzio txikien laguntzinoa, eurek jokoan parte hartzen daben neurrian euskaldunei eguneroko bizitzan euskeraz egiteko aukera gehiago emongo deutsiezalako.
Euskerearen gidabaimena jokoa, oso erraza da. Jokalari bakotxari, euro baten truke, 12 puntuko gidabaimena eta txapa bat banatuko jakoz. Puntuak ez galtzeko era bakarra jolasten ari diran lagunakaz euskeraz berba egitea da. Jokoak irauten dauen bitartean derrigorrezkoa izango da gidabaimena eta txapa aldean eroatea, azken honegaz jolaskideak identifiketea posible izango dalako.
Edozein jolaskidek kendu leikez puntuak, baina txapa aldean eroatea nahitaezkoa da horretarako. Gidabaimena aldean eroaten ez dauenari puntu bat kenduko jako, beraz jokalari batek euskeraz egiten ez badau eta gainera ez badau gidabaimena aldean eroaten bi puntu galduko leukez.
Puntuak kentzeko bi modu dagoz: momentuan, jolaskideari gidabaimena eskatuz, eta puntua kenduz edo ‘salaketea’ jarriz telefonoz (946670312) edo e-postaz (enkarterri@aek.org)
Puntuak galdu eta berreskuratu be egin daitekez, eskualdean egiten diran euskerazko ekintza gehienetan parte hartuz edo jolaskide barriak aurkituz. Puntu gehien dituen lagunek irabaziko dabe eta bardinketea egon ezkero, jolaskideei kendutako puntu kopurua kontuan hartuko da. Zenbat eta puntu gehiago kendu hobeto. Inork ezingo ditu 12 puntu baino gehiago euki.
Irabazleentzako sari bikainak dagoz: asteburu pasak, afariak, GPS-ak, eta abar.
Ideia Balmasedan jaio zan, Ekintza gazte taldeak antolatu eban joko hau lehenengoz, euren artean euskerearen presentzia areagotzeko. Jokoak oso harrera ona izan eban, baina jarraipenik ez ebala ikusirik, bertan behera geratu zan. Orduan pentsatu zan jokoa Enkarterri mailan antolatzea, jarraipena eta parte hartzea handituz.
Epeak:
- Izena emotea: zezeilaren18tik 29ra. Dana dala, apirilaren 14tik 18ra (jokua 8 puntugaz hasiko da) eta maiatzaren 5etik 9ra (jokua 6 puntugaz hasiko da) be emon daiteke izena.
- Jokoaren hasierea: martiaren 3a.
- Jokoaren amaierea: bagilaren 6a.
Informazino gehiago:
946 670 312
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!