Klima aldaketearen eragina ardaogintzan
2008-02-22 10:13 Jan edanakXanpainea eta Altsaziako ardaoak zorioneko dagoz. Europa osoan emon dan tenperaturen igoerea dala eta, bi edari horreek produziduten diran lurraldeek klima ideala topau dabe.
Xanpainea eta Altsaziako ardaoak zorioneko dagoz. Europa osoan emon dan tenperaturen igoerea dala eta, bi edari horreek produziduten diran lurraldeek klima ideala topau dabe.
Berotze orokor honek ez dau ardaoaren kalidadean bakarrik eragingo, mahastiak landatzeko lurraldeak iparrerantz eroatea be baitakar. Orain arte kalidade handiko ardaoak produzidu dituen leku askok, honezkero, ezin izango ditue kalidade horretako ardaoak atara arrazoi klimatikoengaitik. Inoiz mahatsik hartu ezin izan dan lekuetan, barriz, mahastiak landatzen hasi daitekez, adituen arabera. Izan be, munduko ardaogintzarako mapea berrikusten dabilz, mahats bariedadeak ia leku guztietan aldatu beharko dituelarik. Esangura horretan, ingurune hotzetan, orain arte ardao zuria baino produziduten ez eben lekuetan, mahats baltzak ez ebalako heldutasun puntua hartzen, orain, mahats baltzaren bariedadeak landatu ahal izango dira.
Ikerketa batzuen arabera, Alemanian edo Frantziako zenbait leku hotzetan merlot mahats bariedadea sartzen hasiko dira eta beste aditu batzuen eretxiz, planetearen beroketea dala eta, lurralde mahastitsuak, hamarkada bakotxeko, 10-30 kilometro bitartean egingo dabe iparrerantz, hau da, gaur egun hotzak diran lurraldeetarantz, zabalkuntza hau, 2010 eta 2050 urte bitartean ia bikoiztu egingo dalarik.
Ingelesak oso pozik ei dagoz tenperatura igoereagaz, lurraldearen hegoaldean be kalidadezko ardaoak produziduten hasi baitira. Urte batzuk barru Norbegia eta Herbeeretako ardaoak be erosi ahal izango ei dira, eta ez kalidade eskasekoak.
Espainiar estaduan hasi dira beroketea atzemoten
Southern Oregon University-ko Gregori Jones geografoak ardaogile diran estaduko 27 gune desbardinetan eginiko ikerketa baten arabera, tenperatureak 1´2 gradu egin dau gora. Ondorioz, bendimia edo mahats-batzea 10 bat egun aurreratu da estaduko leku gehienetan. Ur falteak eta beroak mahatsa lehenago heltzea edo umotzea eragiten dabe, mahatsaren maminak lehenago hartzen dau heldutasun puntua eta azukera kontzentrazinoa altuagoa da; era berean, azido kontzentrazinoa txikiagoa eta pHa altuagoa izaten da eta, beraz, mahatsaren azala eta haziak mamina baino beranduago heltzen hasiak dira desfase bat sortuz.
Kalidadezko ardao batek heltze prozesu geldia, motela behar dau. PH altuak ardao baltzen kolorea argitu egiten dau eta ardaoek mikroorganismo gehiago izatea eragiten dau. Gainera, azkarregi umotu ezkero, alkohol gehiegi hartzen dau gero ardaoak eta, besteak beste, usaien kalidadean be eragiten dau.
Gurean, Bizkaian, oraintxe zezeilean, txakolin mahasti batzuetan erneminak urtetan hasi dira eta orain urte batzuk pentsauezina zan gitxienez martira arte edo apirilera arte holakorik ikusterik.
Azken buruan, bai upategietako arduradunak zein enologoak be, beroketearen eraginak gitxitzeko formulearen bila dabilz, besteak beste, bariedade aldaketak egiten, ur falta eta beroari aurre egin leikioen bariedadeak aukeratzen, nekazaritza teknikak aldatzen edo landarak bero gitxiago egiten dauen guneetara eroaten; kontua da ze, honek guztiak jatorrizko izendapenen zenbait praktika kolokan jar leikezala. Berbarako, ingurune batzuetan ezinbestean, mahatsak ureztatu beharra egongo da eta hori Errioxako jatorrizko izendapenak ez dau onartzen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!