Ukberri.net agerkari digitala Uribe Kosta eta Erandioko barriak sakelekoaren bidez emoten hasi da

Bizkaie! 2008-02-21 18:49

Kepa Ugarte ukberri.net-eko koordinatzaileak azaldu dauenez, ‘tokiko prentsa euskaldunak barritasun guztiak onartu behar ditu, euskerea eremu barrietara eroateko eta euskerearentzat irakurle barriak irabazteko’.

Uribe Kosta eskualdeko eta Erandioko barririk garrantzitsuenak honezkero eskuragarri dagoz sakeleko telefonoaren bidez, www.ukberri.net agerkari digitalaren eskutik. Twitter webgunearen teknologia erabiliz eta Mikel Iturbe blogari getxoztarraren laguntzinoari esker, pausu erraz batzuk tarteko, eskualdeko barri nagusiak momentuan eta euskeraz jaso ahal izango dau edozeine munduko edozein lekutan eta inora konektau barik, bere telefonora helduko diran SMS mezuen bitartez.

Kepa Ugarte ukberri.net-eko koordinatzaileak azaldu dauenez, ‘tokiko prentsa euskaldunak barritasun guztiak onartu behar ditu, euskerea eremu barrietara eroateko eta euskerearentzat irakurle barriak irabazteko’.

Prezioari jagokonez, zerbitzuak hutsaren hurrengoa dan kostea dauka, behin Erresuma Batura SMS bat bialtzearen salneurria baino ez baitauka etenbako zerbitzu honek, telefonoan zerbitzu hori aktibetako mezuaren prezioa, hain zuzen. Hortik landa erabiltzaileak doban jasoko ditu albiste guztiak.

Bestalde, ukberri.net-ek albisterik garrantzitsuenak bakarrik bialtzeko konpromisoa hartu dau, jasotzaileari zerbitzu lagungarria eta arinena emotearren. Eman beharreko zortzi pausuak honako helbidean topau daitekez:

http://tinyurl.com/3ba9bf

Ukberri.net Uribe Kosta eta Erandioko agerkari digitala 2003ko zemendiaren 8an sortu zan, Guardia Zibilak eta Espainiako Auzitegi Nazionalak ‘Euskaldunon Egunkaria’ eta ‘Bizkaia’ gehigarria zarratu eta hilebete batzuetara, eskualdean eguneroko tokiko informazinoa euskeraz jasoteko sortutako hutsunea estaltzeko asmoz.

2007an zehar, ia 100.000 bisita jaso zituan (99.925), 37.501 bisitari desbardinek eginikoak. Hori guztia posible izatea ahalbidetu dabe alkartearen bazkideek, eskualdeko biztanleek, Getxoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzeak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu