Juan Antonio Urbeltzen ‘Axeri Boda’ dantza ikuskizuna estreinauko dau Bilboko Arriaga antzokiak
2008-02-21 18:36 KultureaDatorren domekan, zezeilak 24, estreinauko da, arratsaldeko 20:00etan, Juan Antonio Urbeltzen ‘Axeri Boda’ izeneko dantza ikuskizun barria Bilboko Arriaga antzokian. Antropologo eta folklorista iruindarrak Argia bere dantza taldearentzat sortu dauen azken ikuskizuna da.
Datorren domekan, zezeilak 24, estreinauko da, arratsaldeko 20:00etan, Juan Antonio Urbeltzen ‘Axeri Boda’ izeneko dantza ikuskizun barria Bilboko Arriaga antzokian. Antropologo eta folklorista iruindarrak Argia bere dantza taldearentzat sortu dauen azken ikuskizuna da, antzoki bilbotarreko arduradunek adierazo dabenez.
‘Axeri Boda’ obran dantzatuko dabe Duguna, Haritz eta Kezka dantza taldeek be. Oraintsu Jimeno Jurio Saria jaso dauen Urbeltzek euskal sinismen zahar bat hartu dau ikuskizun honetarako inspirazino iturritzat. Japonian be ezaguna dan sinismen horren arabera, aldi berean euria eta eguzkia dagozanean, azerien ezkontzak izaten dira.
Juan Antonio Urbeltz dantzan eta inauterietan aditua da. Iruñean jaio zan 1940. urtean eta bere bizitzaren 45 urte baino gehiago euskal kultur tradizionalaren ezagutzan eta ikerketan emon ditu. 1996tik Argia dantza taldea zuzentzen dau eta nazinoarteko hainbat sari jaso ditu, horreetako azkena, Jimeno Jurio Saria izan da, 2007. urtean.
Eguzkiak eta euriak zerua beteten dabenean, Eurasiako atsotitz zaharren esanetan azeriek euren ezteiak ospatzen ditue. Misterioz eta arriskuz betetako ezteiak dira nonbait, etxeko txikiek begiratu ezin dituenak, azerien hasarrea biztu gura ez badabe behintzat. Horregaitik, umeei ezer txarrik ez pasetako, esandakoa ez egiteak ekar eikezan ondorio arriskutsuez ohartarazoten zituen.
Aspaldiko metafora honen gainean, Europako kulturek irudimenezko azeri horreei buruzko ikuspegi desbardin eta bereziak proposatu ditue. ‘Axeri Boda’ honetan gai honi buruz izan diran zenbait tradizino jaso dira, oraindino be Gipuzkoako behe lurraldeetan, Beterri inguruan, neurri batean mantentzen diranak; han, ibaiak hazita doazenean ‘azeriek’ euren ezteirik alaienak ospatzen dituen lekuan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!