‘Piarres Lafitteren ekintzabideak (1920-1944). Kultura jasoko euskaltzaleen sarearen baitan’ liburua plazan

Bizkaie! 2008-02-21 17:11   Kulturea

Piarres Lafitteren ekintzabideak (1920-1944) liburua Amelia Hernándezen doktorego tesia da, Joseba Agirreazkuenaga eta Javier Díaz Nociren zuzendaritzapean egindakoa. Piarres Lafitte idazle lapurtarraren figura eta lana aztertzen ditu zehatz-mehatz.

‘Piarres Lafitteren ekintzabideak (1920-1944). Kultura jasoko euskaltzaleen sarearen baitan’ liburua aurkeztu dabe Euskaltzaindiak eta Euskal Herriko Unibersidadeak Bilbon, Akademiaren egoitzan. Aurkezpenean, Andres Urrutia euskaltzainburua, Ludger Mees, EHUko Euskara erretoreordea, eta Amelia Hernández Mata egilea izan dira. Liburua Akademiaren Iker bildumako 20. zenbakia da eta EHU eta Akademiaren arteko hitzarmenari esker argitaratu da.

Piarres Lafitteren ekintzabideak (1920-1944) liburua Amelia Hernándezen doktorego tesia da, Joseba Agirreazkuenaga eta Javier Díaz Nociren zuzendaritzapean egindakoa. Piarres Lafitte idazle lapurtarraren figura eta lana aztertzen ditu zehatz-mehatz. Lehenengo testuinguru historikoan kokatzen gaitu egileak. Kultura jasoko sare baten aurrean gagoz eta Hernándezen eretxiz, ‘maila intelektual handiko kideek osotu eben aztertu nahi dogun Lafitteren lagunartea, 1920tik 1944ra bitartekoa’. Horren harian, hainbat datu emon ditu ikerlariak:

Piarres Lafitte eta lagunkideen intelektualtasunaren iturri nagusia Eleizea izan zan eta abade irakasle gehienek XIX. mendeko Eleizearen ikusmoldeaz hezten zituen gazteak. Edozelan be, XIX. mendearen lehenengo hamarkadetan abade euskaldun guztiak ez egozan liberalismoaren barrikuntzen kontra.

1875ean, III. Errepublika aldarrikatu zan Frantzian eta bien bitartean, Eleizeak protestantismoari aurre egin behar izan eutson. ‘Horreek biek bultzaturik -dino Hernándezek- Eleizearen buruek beharrezko ikusi eben abadegaiak prestakuntza intelektualaz hornidutea. Abadegaiak kulturizetako erabagi hori aurrerapausu handia eta erabagigarria izan zan euskal kulturarako ordutik aurrera kultura jasoko irakaskuntza-gune izan ebelako euskaldunek, Eleizearen pean garatu bazan be’.

Hainbat arrazoi tarteko, XIX. mendearen amaieran ugarituz joan ziran integrismo katolikotik urruntzearen frogak. Beste horrenbeste pasau zan XX. mendearen lehen hiru hamarkadetan.

Kontuak kontu, Piarres Lafitte katolizismoaren ikuspegi totalitariotik urrundu zanetariko adibide argia dogu.

Testuinguru orokorra hau izanik, Amelia Hernándezek hainbat ikuspuntutatik aztertu dau Lafitten figurea. Piarres Lafitteren sare intelektualaren kideen barri emoteko datu basea sortu dau eta horretarako, sei alkarte kultural aztertu ditu: Société des Sciences, Lettres et Arts de Bayonne, Eskualzaleen Biltzarra, Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia, Gure Herria alkartea eta Euskal Museoa. Gutunak be irakurri ditu Hernándezek, eta Lafitteren garaikideei alkarrizketak be egin ddeutsez. Horrek guztiak erakusten dau ‘1920tik 1944ra bitartean sare kultural mamitsua osotu zala Iparraldeko euskal eremu kulturalean eta Piarres Lafitte sare horren partaide esanguratsua izan zala’.


Amelia Hernández Mata

Amelia Hernández Mata Bilbon jaio zan, 1964an. Euskal Filologia ikasi eban Deustuko Unibersidadean, EHUren ‘La formación del mundo contemporáneo’ izeneko Doktorego programan parte hartu eta Eusko Ikaskuntzaren Ahozko Historia sailaren ‘Euskaltzaleak eta Espainiako Gerra’ izeneko proiekturako bekea lortu eban.


Ondoko lanak argitaratu ditu:

  • ‘Bigarren Aintzina’, Uztaro, 15. zkia., 1995, 37-53 orr.

  • ‘Piarres Lafitte Aintzinan’, Oihenart. Cuadernos de Lengua y Literatura, 15. zkia., 1997, 31-60 orr.

  • ‘Piarres Lafitte bere eskutitzen bitartez. Euskaltasuna Iparraldean pizteko saiakera bat’, Oihenart. Cuadernos de Lengua y Literatura, 2000, 63-78. orr.

  • ‘Euskalduna eta Piarres Lafitte’, Lapurdum, VI. zkia., 2001, 195-202 orr.

  • ‘Iparraldeko elkarte kulturalak 1920. eta 1030. hamarkadetan’, Euskonews&Media

  • ‘Piarres Lafitteren ekintzabideak (1920-1944)’, EHU-Euskaltzaindia, Iker bilduma, 2007


Piarres Lafitte

Piarres Lafitte Luhuson jaio zan 1901ean eta Baionan hil, 1985ean. 1924an abadetu zan. Euskal Literatura eta Letrak ikasi zituan, baita Zuzenbidea be. Lizentziaturea Tolosan lortu eban.

Lafittek berak autortzen ebanez, Saint-Pierre gotzainburuaren eraginez egin zan euskaltzale eta abertzale. 'Eskualduna', 'Gure Herria', 'Le Courrier de Bayonne', 'La Presse', eta 'La Liberté de Sud-Ouest' aldizkarietan argitaratu zituan bere lanak.

1934an, 'Aintzina' izeneko hilebetekaria sortu eban eta 1944an 'Herria aldizkaria', Telesforo Monzon eta Sotaren laguntzinoagaz, eta Lafitte bera izan zan zuzendaria. 1952an euskaltzain oso izentau eben. Ohorezko kalonje Baionako katedralean (1961), eta Doctor Honoris Causa EHUn (1982). 1983an Euskaltzaindiak Lafitteren omenezko liburu bat kaleratu eban 50 bat ikertzaileren lanez osotua.

Alor asko jorratzen zituan Lafittek bere idazlanetan, besteak beste gramatikea eta hiztegiak, olerkia, ipuinak, antzerkia edota saiakerea. Bere 'Grammaire basque' oinarrizko gramatika-liburua da, askoren eretxiz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu