Gernika-Lumoko merkatarien % 81ek euskerea erabilten dau eguneroko jardunean

Bizkaie! 2008-02-21 13:50   Euskerea berbagai

'Apurka-apurka euskeraz egitea merkataritzarako errentagarria dala konturatzen ari dira saltzaileak, azken batean, hitzarmena sinatzeak, kontsumitzailearen eskubideen alde lanean dabilzala erakusten dauelako’

Udaleko Euskera sailak kaleratutako 2007ko balantzeak dakarrenez, udalerriko merkatariak, euskerearen normalizazinoaren alde lanean dabilz. Danetara, 126 dendari ahalegintzen dira euren bezero eta bazkideakaz euskeraz komuniketan. 2006. urtean, 15 merkatarik izenpetu eben Euskerearen Normalizazino Planaren barruan, ‘Geure Berbie Euskeraz’ hitzarmena eta aurten 9 izan dira kanpainan parte hartu dabenak. Orain 14 urte jarri eban abian ekimena administrazinoak eta gero eta gehiago izan dira animau diran establezimenduak. Idoia Fernandez, euskera saileko zinegotziaren esanetan, ‘bilakaerea positiboa da, batez be azken urteetakoa. Apurka-apurka euskeraz egitea merkataritzarako errentagarria dala konturatzen ari dira saltzaileak, azken batean, hitzarmena sinatzeak, kontsumitzailearen eskubideen alde lanean dabilzala erakusten dauelako’.

Behin hitzarmena sinatuta, merkatari bakotxak urteko helburu bat jarten dau eta Udalak bere aldetik, hainbat baliabide eskaintzen deutsez –itzulpenak, zuzenketak, errotuluak, hiztegiak, euskera ikastaroak, euskaltegietan matrikuletako dirulaguntzinoak eta aholkularitzea-.

Euskera sailak kaleratutako memoriak jasoten dauen legez, ezagutza da mailarik altuena dauen atala. Izan be, Gernika-Lumoko merkatarien % 81, euskeraz komuniketako kapaz da. Kanpo erabileran be, euskerearen presentzia ona da, beraz, bezeroei zuzenduriko informazinoa, lehenengo berbea, fakturak eta entrega agiriak euskeraz eukiteari garrantzia emoten deutsiela ondorioztatzen da. Barruko erabilereari jagokonez, (lankideen arteko komunikazinoa, saltokiko kudeaketa ekonomikoa) euskerearen erabilerea baxuagoa da, saltoki txikietan, aholkularitza enpresen bidez egiten dituelako idatzizko tramiteak.

Metodologiari jagokonez, saltoki bakotxak urteko helburu bat marketan dau eta ondoren, Udalak, lagundu egiten deutso hori beteten. Helburu orokorra saltokiaren jarduna euskalduntzea da, besteak beste, errotuluak euskeraz jartea edo ta bezeroakaz euskeraz berba egitea.

Aurten be, Udalak hainbat kanpaina abiarazoko ditu hitzarmenkideentzat eta, horrezaz gan, herriko supermerkatuei (dozena erdi baino gehiago) hitzarmenean parte hartzeko deia luzatuko deutse.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu