Bosteko erakusketa ibiltariak Iñaki Cerrajeria, Carlos Marcote eta Patxi Coboren artelan barriak jarri ditu ikusgai
2008-02-21 10:48 KultureaBostekoren XI. edizinoak lehen aldiz dakarz argazkiak Patxi Cobo bizkaitarraren eskutik, izan be, Patxi Cobo artistarik nabarmenena eta personalena da euskal argazkilaritzan.
Arte garaikidearen erakusketeak bart zabaldu ditu ateak Arrigorriagako Udal Erakusketa-aretoan. Bostekok, 1998an sortu zanetik gaur egunera arte, egungo euskal arte garaikidearen historia osotzen daben 43 artisten artelanak erakutsi ditu. Edizino barri honek lehen aldiz dakarz argazkiak Patxi Coboren eskutik, izan be, Patxi Cobo artistarik nabarmenena eta personalena da euskal argazkilaritzan.
Bosteko’08, arte garaikideko erakusketearen XI. edizinoa da aurten, eta Bizkaiko panoraman etenbarik izan da euskal artisten artelanik garrantzitsuenakaz.
1998an sortu eta lehen erakusketea egin zanetik, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik, Bosteko erakusketeak ez dau baten be hutsik egin bost udalerrigaz dauen urteko hitzorduan (hortik jatorko izena). Hona hemen bost udalerriok: Zornotza, Getxo, Leioa, Arrigorriaga eta Basauri.
Alicia Fernandez historialariak eta kritikariak gainbegiratuta eta aukeratuta, urteotan danetara berrogeita hiru euskal artista izan dira bertan; izan be, gure sortzaileen margogintzearen eta eskulturearen historia barrikusi eta aztertzen da goitik behera.
2008ko edizinoan, ibilbide artistiko luzea daben beste hiru artista aurkezten dira, Iñaki Cerrajeria eta Carlos Marcote margolari arabarrak, Patxi Cobo argazkilari bizkaitarragaz batera.
Hiru sortzaileak oso desbardinak dira baina Bosteko 08 erakusketearen motibo bategaz dagoz alkartuta, euren lanak oso desbardinak baina osogarriak diran lurralde eta paisajeakaz lotutako irudiari buruzko gogoeteagaz dagoz eta lotuta. Hirurok hiru alderdiko alkarrizketa interesgarria osotzen dabe, eta bertan islatzen dira bakotxaren ahotsik eta ñabardurarik personalenak.
Erakusketa honetan esaten danez, 2007an hiru artistak albiste-iturri izan dira banako erakusketa garrantzitsuak tarteko; Carlos Marcotek bere azken margolan errealistak aurkeztu ditu Bilboko Marzana Gunean; Iñaki Cerrajeríak hiru urtean egindako artelanak batu ditu Gasteizko Motehermoso Kultur Gunean eta Patxi Cobok ‘Ibilbideak eta errepikapenak’ izeneko sortaren lanik barrienen zatirik handiena erakutsi dau Bilboko Abangoardia Galerian.
Erakusketa horreek egin ondoren, publikoarentzako lanik barrienetako eta erakutsi bakoetako batzuk dagoz ikusgai Bosteko 08 erakusketan. Oso artelan erakusgarriak dira (artista bakotxaren hiru artelan).
Lehen aldiz, argazkiak dagoz ikusgai erakusketan, eta horretarako, Patxi Coboren lanak agertzen dira, berau baita argazkilaririk adierazgarriena eta personalena euskal argazkilaritzearen sorkuntzan.
Bosteko erakusketearen helburu nagusia erakusketa didaktikoa izatea da, publikoarentzat erraz ulertzeko modukoa.
Erakusketea zezeilaren 20an inaugurau da Arrigorriagako Udal Erakusketa-aretoan, eta gero beste udalerrietara eroango da, hurranez hurran: Leioara, Zornotzara eta Getxora. Bagilean amaituko da Basaurin. Danetara, bost hilebeteko erakusketea izango da udalerri horreetan.
Berrogei artista baino gehiago Bosteko erakusketan
Bostekoren aurreko edizinoetan 40 euskal sortzailek hartu dabe parte, eta egungo hirurekaz batera, danetara 43 artista dira. Bostekon egungo euskal arte garaikidearen historia osotzen daben artistarik onenak izan dira: eskultore historikoak: Nestor Basterretxea, Vicente Larrea eta Andres Angel. Ondoko belaunaldiko ahotsak: Angel Garraza, Gerardo Armesto, Jose Zugasti, Jose Ramon Anda, Isabel Garay, Roscubas, Jose Angel Lasa, Baroja Collet, Koldobika Jauregi eta Iñaki Olazabal.
Errepertorioa zabalagoa da margogintzearen aldetik, artista nabarmen ugari agertzen baitira: Ruiz Balerdi, Ricardo Toja, Pedro Salaberri, Juan Mieg, Zumeta eta Mari Puri Herrero, Daniel Tamayo, Alberto Rementeria, Xabier Agirre, Jesus Mari Lazkano, Xabier Morrás eta Javier Riaño, besteak beste.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!