Euskera eta euskal kulturearen lehenengo ikastaroak eskainiko dira Argentinako bi unibersidadetan

Bizkaie! 2008-02-20 10:51   Euskaldunak munduan

Argentinako lehenengoak diran bi barri honeekaz, dagoeneko 13 herrialdetako 26 unibersidadetan eskaintzen dira ikastaro honeek.

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak Argentinako Universidad Nacional del Sur (Bahía Blanca) eta Universidad Nacional de La Plata unibersidadeetan euskerea eta euskal kulturea sustatzeko ikastaroak abiarazoteko hitzarmena izenpetzeko baimena emon deutso Kultura Sailari. Argentinan emongo diran lehenengo ikastaroak izango dira.

Era berean, Txileko lau unibersidadegaz (Santiago eta Valparaisoko Unibersidade Nazionalakaz eta Santiago eta Valparaisoko Unibersidade Katolikoakaz) eta Uruguaiko Universidad de la Republica unibersidadeagaz indarrean dituan hitzarmenei jarraipena emoteko baimena be emon deutso.

Modu honetan, Bahía Blancako Universidad Nacional del Sur eta La Platako Universidad Nacional unibersidadeetan lektore-programea garatzeko akordiora heldu dira aitatu unibersidadeak eta Eusko Jaurlaritzea, euskal hizkuntzea eta kulturearen ezagutza sustatu daiezan datorren hilean hasita, ikasturte barrian martian hasten baita ikasturtea hego hemisferioko herrialdeetan. Era berean, modu honetako beste lektore-programa bat martxan jarteko prozedurea hasi dabe Buenos Aireseko UBA dalakoan, Argentinako handienean eta ospetsuenean, hain zuzen be.

Era honetara euskera eta euskal kultura ikastaroak Argentinako unibersidadeetan sartu dira, kontuan izanda hori dala ‘Euskerea munduan’ egitasmoaren barruan HABEk araututako euskera eskola gehien dituan herrialdea. Horren lekuko da Bahía Blanca Unibersidadeko lektoradoaren irakaslea, argentinar jatorrizko unibersidade irakaslea bertan euskaldundutakoa eta EGA tituluduna.

Euskera eta euskal kultura ikastaro honeek Amerika eta Europako beste hainbat unibersidadetan Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bultzaturik eskaintzen diran modukoak dira, eta igazko apirilean Eusko Legebiltzarrak aho batez sortzea onartu eban Etxepare Euskal Institutuaren garapenaren bidetik.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bultzatuta, euskera eta euskal kultura ikastaroak sortu dira Europa eta Amerikako hainbat unibersidadetan. Gauzak holan dirala, Argentinako lehenengoak diran bi barri honeekaz, dagoeneko 13 herrialdetako 26 unibersidadetan eskaintzen dira ikastaro honeek.

Era berean, Eusko Jaurlaritzeak, HABE erakundearen bitartez, abian dauka Euskal Herritik kanpo helduentzako emoten diran euskera eskolen garapenerako ‘Euskara-eskolak munduan’ egitasmoa. Horren barruan, Estaduko hainbat uriburutan (Madril, Bartzelona, Valentzia, Valladolid) eta Europako (Paris, London, Berlin, Frankfurt, Helsinki, Varsovia, Poznan) eta Ameriketako uri eta herri desbardinetan (Uruguai, Txile, Mexiko eta AEBetako Unibersidadeetan eta Argentina, Uruguai, Txile, Venezuela, Mexiko eta AEBtako 80 herritan) helduentzako emoten diran euskera eskolak arautu eta garatu dira, horretarako irakasleen trebakuntzeari aparteko garrantzia eskaini jako eta eskola horreek materialez horniduteaz gan, autoikaskuntzarako eta urrutiko irakaskuntzarako zein irakasleen trebakuntzarako sistemak ezarri dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu