Getxoko Kultur Etxeak urteko kultur egitaraua aurkeztu dau

Bizkaie! 2008-02-19 10:51

Egitarau finkoan aldaketa batzuk izan dira, berbarako, orain arte udagoienetan egin izan diran kontzertuak udabarrietan egingo dira, 'Udabarriko Kontzertuak' izenburupean. Aurten, martian izango da zikloa.

Getxoko Kultur Etxeak 2008ko kultur programazinoa aurkeztu dau. Programazino zabala izango da urteko eskaintzea, ikusle mueta guztiei zuzendutakoa. Aurten, musika jaialdiak (jazza, folka, bluesa, musika klasikoa, musika korala, habanerak) eta azokak (eskulangintzea, arte sortu barria, komikia) izango dira egitarauaren ardatz nagusiak. Ganera, antzerkia, zinemea, jantzea, bertsolaritzea, folklorea eta bestelako ekitaldiak be egongo dira. Aldaketa nagusia musika klasikoaren zikloan izango da, datea aldatuko dalako: 2008tik aurrera, 'Udagoieneko Kontzertuak' izan beharrean, 'Udabarriko Kontzertuak' izango dira, martian.

2008ko programazinoaren euskarri nagusietako bat ekintza handiak dira, batez be udako jaialdiak. Barriro be Nazinoarteko Blues Jaialdiak emongo deutso hasierea ziklo horri bagilean; ostean, Getxo Jazz jaialdia izango da, Euskadiko jazz jaialdien zirkuitu garrantzitsuaren barruan. Azkenik, irailean, Getxo Folkek zarratuko dau zikloa.

Aitaturiko horreez gan, beste musika ekitaldi batzuk be izango dira: Habanera Jaialdia, Aste Korala eta Folklore Jaialdia berbarako. Ganera, musika klasikoko kontzertuak be aitatu behar dira. Aurten, data-aldaketea izango da eta, aurrerantzean, orain arte udagoienetan egin izan diran kontzertuak udabarrietan egingo dira.

Azoka eta erakustaldiei jagokenez, Eskulangintza Azokea, berbarako, eskulanen arloan Euskal Autonomia Erkidegoan dagoan ekitaldi garrantzitsuena da. Bestalde, horrenbeste edizino izan ez arren be, honezkero kultur programazinoan finkatu diran hainbat ekitaldi dagoz, Getxoarte (Arte Sortu Barrien Aretoa), Komiki Azokea eta Erdi Aroko Azokea berbarako.

Ekitaldi handiez gan, egitarau zabala antolatu dabe: orain dala 25 urte baino gehiago euskal antzerki produkzinoaren erakusgarri diran Antzerki Jardunaldiak; Gaurik Laburrena izeneko film laburren ekitaldia; Euskera Jardunaldiak; eta, azkenik, Getxolandia, umeen topaleku garrantzitsua gabonetako oporretan. Horreez gan, San Lorentzo Azokea eta Erregeen Desfilea be antolatzen ditu Getxoko Kultur Etxeak, biak be urteko programazinoan ekitaldi finkoak diranak.

Orain arte aitatutako ekitaldiak gitxi ez badira be, Getxoko Kultur Etxeak gehiago sustatzen ditu, berbarako: Agate Deuna eguneko koruen emonaldiak, eskola aratusteak, Pio Lindegaarden omenezko kontzertua, 'Emakumeak Musikan' Jaialdia, Eskola Antzerki Jardunaldiak, Getxoko Dantzaren Eguna, Korpusaren jaia Portu Zaharrean eta beste batzuk.

Amaitzeko, Getxoko Kultur Etxeak eskaintzen dituan beste zerbitzu bi aitatu behar dira: Udal liburutegiak eta Udal euskaltegia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu