Bertsolari gazteak eta euren eskualdeak, nor baino nor BBK sariketan
2008-02-18 14:49 BertsolaritzeaGazteei jentaurrean kantetako eta euren bertsolari-nortasuna garatzeko aukerea emoteko helburuagaz, Bertsolari Gazteen XVI. BBK Sariketea aurkeztu dabe. Gaztetxuenentzat, aukera parebakoa taula ganera lehenengoz igoteko. Ez horren gaztetxuentzat, euren nortasuna sendotzeko bertsolaritzearen munduan.
Arratia, Bilboaldea, Busturialdea, Ipar uribe eta Lea-Artibai. Horreek dira, aurten be, Bertsolari Gazteen XVI. BBK Sariketan parte hartuko daben eskualdeak. Danetara, 40 bertsolari inguru izango dira, adin-tarte bitan sailkatuta: 18 urtera artekoak eta 19 urtetik 24 urtera artekoak. Ekimenaren aurkezpenean BBKren ordezkari moduan Joserra Bilbao izan da; Bizkaiko Bertsozale Elkartearen izenean Leire Markuerkiaga; Bizkaiko Ikastolen Elkarteko Bertsolaritza arloko arduradun Juanjo Respaldiza; eta sariketean aritutako Xabier Paia bertsolaria izan dira.
'Sariketearen helburua gazteei jentaurrean kantetako eta euren bertsolari-nortasuna garatzeko aukerea emotea dira'. Berba horreekaz hasi dau Joserra Bilbaok prentsaurrekoa. Helburu horreetan oinarrituta, urtero legez, saioak ikastetxeetan antolatu ditue, ikastorduetan, bertsolari gazteen eskura.
Bizkaiko Bertsozale Elkarteko ordezkari Markuerkiagak adierazo dau 'alkartearen zeregina azpiegiturak atontzea, ordutegiak koordinetea, ikastetxeakaz berba egitea, epaileak eta gai-jartzaileak topetea...' izango dala.
Juanjo Respaldizaren esanetan, 'sariketea erreferentzia sendoa da Bizkaiko bertsolari gazteen artean, batez be 18 urtetik gorakoentzat; izan be, edade horretara arte, oso babestuta dagoz eta eskolarteko txapelketak ditue. Baina, adin horretatik aurrera, sariketa honek eskaintzen deutso bertsolariari mailea emoteko aukerea'. Halanda be, sariketearen alderdi negatibo edo hobetu beharrekoa gogoan hartu dau ezer baino lehenago, hau da, Bizkaiko eskualde erdaldunenean, Ezkerraldean, taldea sortzea. 'Berandu baino lehenago ikusiko ditugu frutuak, horretan gabiz eta', esan dau esperantzaz beteta.
Azkenik, berbea Xabier Payak hartu dau, sariketa honek berari ekarri deutsozan onurak gogoan hartzeko. 'Parte hartu neban lehenengo aldian, Ipar Uribe taldea existidu be ez zan egiten eta, orain barriz, bai'. Aurrerapauso garrantzitsu horren ostean, beste puntu bi azpimarratu ditu: 'batetik, talde-lana azpimarratu gura neuke, taldea baita garrantzitsuena, ez norbanakoa; bestalde, bigarren adin-tartearentzat motibazino berezia da bertsotan egiteko eta, bide batez, eskualdeko lagunakaz alkarlanean aritzeko'. Payak mendebaldeko euskalkiaren garrantzia azpimarratu dau eta, gogoratu, berak sariketa honi esker ikasi ebala bertsotan bizkaieraz egiten.
Sariak
Talde txapeldunak 1.260 euro jasoko ditu sari moduan. Sailkapeneko bigarrenak be izango dau dirutxua, 900 euro. Ganera, beste sari batzuk be izango dira: bizkaiera egokiena egiten dauenak 140 euro jasoko ditu eta finalistarik gaztenak, 70 euro. Bestalde, partehartze-dietak be izango dira, danetara 3.780 euro.
Saioak
2008/02/19: ARRATIA-IPAR URIBE: Igorreko institutuan, 11:30ean
2008/02/20: BUSTURIALDEA-DURANGALDEA: Arratzuko Barrutialde ikastetxean, 12:10ean
2008/02/27: DURANGALDEA-BILBOALDEA: Durangoko institutuan, 11:30ean
2008/02/29: IPAR URIBE-LEA ARTIBAI: Derioko Txorierri BHI institutuan, 12:15ean
2008/03/04: LEA ARTIBAI-ARRATIA: Markinako Lea-Artibai ikastetxean, 11:15ean
2008/03/05: BILBOALDEA-BUSTURIALDEA: Bilbon, Txurdinagako G. Aresti institutuan, 10:15ean
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!