'Antxinako Berriz: bizimodua eta ohiturak'

z 2008-02-18 13:17

Herriko bizimodu tradizionala eta berriztarren herri-jakituriaren ezaugarriak batu, jagon eta, ahal dan ginoan, ostekoen artean iraunarazo eta zabaltzeko, lehenagokoak eta gerokoak, bitzuk, altxor horren jaube eta jagole izan daitezan burutu da lanau.

Ikerketa hau aurrera eroateko, Berrizko Udaleko Euskera Sailak Labayru Ikastegira jo eban Bizkaiko herri horretako ondare etnografikoa eta linguistikoa batzeko eta jasotako informazinoa berorren seme-alaben artean zabaltzeko asmoz

Oraintsura arte gurasoak eurak izan dira umeai, ohiturak zein ikusmoldeak, sinismenak zein jokabideak irakasten izan deutseezanak. Baina gaurko egunean hori ez da bete-betean holan, eta belaunaldi batetik hurrengorako ahozko transmisino hori eten egin da. Halan, lehenago etxean gurasoakanik ikasten ziranak, orain etxetik kanpora beste bide batzuen bitartez egiten dira.

Mendeetan zehar herri-pentsamoldea bete daben osagarriak, hau da, gure arbasoakandik, gizaldirik gizaldi, naturaltasun osoz hartu izan dogun ondasuna, desagertu aginean egotea ekarri dau horrek. Jentearen bizimodua aldatu egin da zeharo, bizimodu modernoak tradizionala zapaldu dau, ito: tradizinozko mundua joan joaku eta atzenean, zer esanik ez, haregaz batera hizkuntzea bera. Horrexegaitik ekin deutso Labayruk holako ikerketa eta berreskuratze lanari; oraingo honetan Berrizko Udalagaz bat eginik.

Herriko bizimodu tradizionala eta berriztarren herri-jakituriaren ezaugarriak batu, jagon eta, ahal dan ginoan, ostekoen artean iraunarazo eta zabaltzeko, lehenagokoak eta gerokoak, bitzuk, altxor horren jaube eta jagole izan daitezan burutu da lanau.

Lan honetan ez dago datu bibliografiko edota historikorik; horretarako argitaratu izan dira Berrizi buruzko beste liburu batzuk. Beharrau ahozko informazinoan oinarrituta dago, eta hatako nahitanahiezkoa izan da bertoko lekukoen laguntzinoa eta testigantzea. Danetara, berrogeitik gora izan dira. Informanteak aukeratu orduan jarraitutako erispiderik zorrotzena hauxe izan da: jaiotzaz berriztarrak eta hirurogei urtetik gorakoak izatea. Dana dala, badira gazte-gaztetarik Berrizera etorritakoak baina izatez alboerrietakoak diran informante banakak be. Bai batzuk eta bai besteak herrian izandako aldaketen, barrikuntzen eta bilakaerearen testigu izan dira.

Informazinoa jasotzeko, Don Jose Migel Barandiaranek Euskal Herriko Atlas Etnografikorako sortu eban Galdetegi etnografiko baterako gida erabili da. Horri eskerrak eguneroko bizimoduaren ezaugarriak, errituak, siniskerak, ohiturak, etab. erraz batu ahal izan dira.

Kapitulu nagusien hasieran sarrera etnografikoa be badago. Horretarako Labayru Ikastegiak eta Euskal Herriko Etniker Taldeak egiten diharduen Atlas Etnografikoa lanean jasotako informazinoa erabili da. Sarrerok lekukoen ekarpenen osagarri dira, eta bertan batu diran azalpenak Berrizerako ezeze, Bizkai osorako be baliogarriak dira. Luis Manuel Peña izan da sarreron egilea, Labayru Ikastegiko Euskera Zerbitzuaren laguntzinoagaz.

Ahoz hartutako informazinoa aurkeztukeran, lehenengo lekuko zaharrenarena jaso da, bizitzearen arlo desbardinetan izan dan eboluzinoa eta aldaketea hobeto erakusteko asmoz. Sasoi bereko datuak izan diranean, ostera, testigantzarik osotuenak eta zehaztasun gehien emoten izan dabenak aukeratu dira.

Lana zutabe bitan bananduta dago: ezkerrekoak lekukoaren berben transkripzino literala dakar, berak esaniko modu-moduan, eta eskumakoak, barriz, hori testu berori bizkaierearen eredu jagian emonda. Zeregin hori Igone Etxebarriarena izan da.

Testuok herriko antxinako argazkiakaz hornidu dira, lagungarri izan eitezan; danetara, 50etik gora.

Behar honen arduradunak Maite Gerenabarrena, Berrizko Udalaren aldetik, eta Akaitze Kamiruaga Labayru Ikastegiarenetik, izan dira.

Maite Deustuko Unibersidadean Euskal Filologian, Euskal Herriko Unibersidadean Kazetaritzan eta Urrutiko Hezkuntzako Unibersidade Nazionalean Ingeles Filologian lizentziadua da. Gaur egun Berrizko Udaleko euskera teknikaria da.

Akaitze Deustuko Unibersidadean Euskal Filologian lizentziadua da. Labayru Ikastegiko Etnografia arloan hainbat urtez behar egin dau, Labayru Ikastegiko hiztegietako koordinatzaileetariko bat izan zan eta gaur egun Herri ondarea izeneko arloaren arduraduna da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu