Gernika-Lumoko toponimia mapearen 5.000 ale argitaratu ditu Udalak

Bizkaie! 2008-02-18 10:42   Euskerea berbagai

Gernika-Lumoko Udaleko Euskera Sailak 376 izen -uri toponimiako 116 eta landa eta baserrietako 260- batzen dituan toponimia mapearen 5.000 ale kaleratu ditu.

Gernika-Lumoko Udaleko Euskera Sailak 376 izen -uri toponimiako 116 eta landa eta baserrietako 260- batzen dituan toponimia mapearen 5.000 ale kaleratu ditu. Halan da be, aurrerantzean, Euskaltzaindiagaz hitzarmen barri bat sinatu eta udalerriko toponimiari buruzko liburu osoago bat argitaratu nahi da, Udal gernikarreko iturriek jakinarazo dabenez.

Azken urteetan egindako lan honek, uri toponimian eta baserri inguruko toponimian aspaldi izan diran izenak berreskuratzean izan dau abiapuntua. Kasu batzuetan, galdutako, ahaztutako edota ezabatutako izenak topau dira, eta beste kasu batzuetan, urteetan aldaketak jasan dituenak jaso dira.

Lan hau aurrera eroateko, Gernikako Udaleko Euskera Sailak Euskaltzaindiaren aholkularitzea izan dau. Horrezaz gan, Deustuko Deiker Institutuaren, Busturialdean Euskeraz Bizi alkartearen eta euren ekarpenak egin dituen herritarren laguntzinoa be izan dau.

Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkatearen esanetan, ‘herritarren laguntzinoa eskertzekoa da euren barruan dagoalako historiaren gordailurik preziatu eta seguruena, memoria kolektiboa’. Oraingo lan honek, ‘hizkuntzearen normalizazinoan pausu barri bat emotera konbidatzen dauela’ dino.

Udal gernikarrak 1991an harturiko erabagiari eutsiz, Obra eta Zerbitzu Arloa hasi zan izendegia zuzentzen, lehenengo fase bat 1993ko amaieran eginik. 1995ean, hizkuntzeagaz lotutako kale-zerrendearen azken egokitzapena egin zan eta bertan erabagitakoaren arabera, Euskera Arloaren eta Obra eta Zerbitzu Arloaren arteko alkarlanari ekin jakon. 2003. urtean, ‘Gernika-Lumo kalerik kale’ deituriko argitalpena plazaratu zan eta bertan, kale eta plaza izen bakotxari buruzko historia, jazoerak eta datu aitagarriak batu ziran.

Ordutik, toponimia finkatzeko pausu desbardinak emon ditu Udalak. 2003an emon jakon hasierea toponimia mapea egiteko egitasmoari eta lehenengo fasea Deiker Institutuagaz sinaturiko hitzarmenari esker egin zan.

2004an bigarren fasea bete zan, Deiker institutuaren aholkularitzapean. Fase honetan, lehenengo mapearen zirriborroa erakutsi zan udal erakunde mailan eta herri mailan eta gainera, iradokizunak kudeatzeko programea preparau zan. 2005ean, Euskera Zerbitzuak bere baliabideakaz ekin eutson hirugarren faseari, Deiker Institutuagaz lanean jarraitzea ez zalako posible izan.

2006tik, barriz, Euskaltzaindiagaz alkarlanean egin dau behar Euskera Zerbitzuak eta orain, ‘Gernika-Lumoko toponimia mapea’ argitaratzea lortu da. Dokumentu hau udalerriko ikastetxeetan doban banatu da eta interesatuek eskuragai dabe Turismo Bulegoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu