Euskal Herriko 1.517 erakunde dira Kontseiluaren Bai Euskarari Ziurtagiriaren parte
2008-02-18 10:16 Euskerea berbagai‘Igazko datuek begi-bistan itxi dabe Bai Euskarari Ziurtagiriagazko fideltasuna oso handia dala, izan be, erakundeen % 92 inguruk barriztatzen dau urtez urte’, adierazo dau Rober Gutierrez Ziurtagiriaren Alkarteko zuzendariak.
Kontseiluaren ekimenez 2007ko bagilaren 7an sortutako Bai Euskarari Ziurtagiriaren Alkarteak Bai Euskarari Ziurtagiriaren 2007ko balantzea plazaratu dau eta, datuen arabera, Euskal Herri osoko 1.517 erakunde dira alkartearen parte. ‘Igazko datuek begi-bistan itxi dabe Bai Euskarari Ziurtagiriagazko fideltasuna oso handia dala, izan be, erakundeen % 92 inguruk barriztatzen dau urtez urte’, adierazo dau Rober Gutierrez Ziurtagiriaren Alkarteko zuzendariak.
2007ko bagilaren 7an sortu zan Bai Euskarari Ziurtagiriaren kudeaketaz arduratzea helburu dauen Ziurtagiriaren Alkartea. Alkartearen kudeaketa organoetan hiru bazkide mueta dagoz ordezkaturik: bazkide babesleak (Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua osotzen daben kideak); bazkide erabiltzaileak (Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu eta erabilten daben entidadeak; eta bazkide laguntzaileak.
Erakunde honen sorreratik emoitzak onak izan dira. Arduradunen arabera, alkartea martxa onean doa eta % 8ko hazkundea izan da Ziurtagiria dabenen kopuruan. Kontuak kontu, 2007ko abenduaren 31n, Euskal Herriko 1.517 erakundek eben euskerearen normalizazinoaren aldeko neurriak garatzen ari dirala kreditatzen dauen tresna hau.
Ziurtagiriaren Alkartearen sorreratik bertatik, Ziurtagiria eskuratzen dauen entidade oro Alkartearen parte eta bazkide bihurtu dira. Bai Euskarari Ziurtagiria, enpresek, saltokiek eta era guztietako entidadeek euskerearen normalizazinoan emoten dituen pausuen adierazgarri izanik, ‘Ziurtagiriaren Alkarteak argi dauka Ziurtagiria eskuratzeko pausuak emoten ari diran entidadeak direla benetako protagonistak; horregaitik, sano garrantzitsua da honeen ekarpenak kontuan hartzea’, azaldu dau Rober Gutierrezek.
Gasteizen alkartu da Ziurtagiriaren Alkartearen zuzendaritzea eta azken urteotako ibilbidea errepasau ondoren, datozen urteotarako norabidea aztertzeari ekin deutse. Bai Euskarari Ziurtagiriak urtez urte dauen hazkundea ikusita bide beretik jarraitzea erabagi dabe, ‘orain arte legez ekingo deutsagu Bai Euskarari Ziurtagiria zabaltzeari, gogoz eta ilusinoz’.
Alkartearen ordezkarien arabera, nabarmentzekoa da Bai Euskarari Ziurtagiriagaz konprometidu diranen lana, eta zenbait enpresa erreferentzial aitatu ditue, besteak beste, Cegasa, Arlan, Euskadiko Kooperatiben Konfederazinoa, Kutxa, Visesa, Euskadiko Kutxa, Saski Baskonia, Gipuzkoako Ur Partzuergoa, SPRI, Eroski edo Kalitatea Fundazinoa.
Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu nahi daben entidadeek euskerearen aldeko neurri zehatzak hartu behar ditue, eta horretarako, Ziurtagiriaren Alkarteak erakunde bakotxaren egoerara egokitutako helburuak proposatzen deutsoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!