XVI. BBK Sariketea Itxaso Paia eta Ander Elortegigaz
2008-02-15 14:14 BertsolaritzeaBertsolari Gazteen XVI. BBK Sariketeari eskerrak, gaztetxuenek ia lehenengoz tabladu ganera igoteko aukerea izango dabe eta edadean aurrerantza doazenek, barriz, saiook Bizkaiko Txapelketa Nagusia preparetako hartuko ditue.
Bertsolari gazteen ordua heldu da. Astebete baino lehenago bertsoz josiko ditue hainbat eskualde. Bertsolari Gazteen XVI. BBK Sariketeari eskerrak, gaztetxuenek ia lehenengoz tabladu ganera igoteko aukerea izango dabe eta edadean aurrerantza doazenek, barriz, saiook Bizkaiko Txapelketa Nagusia preparetako hartuko ditue.
Arratia, Ipar-Uribe, Lea-Artibai, Busturialdea, Durangaldea eta Bilboaldea izango dira Bilboko Kafe Antzokian bertsolari-taldearentzako eta euren lagun, senide eta zaletuentzako leku bat gorde gura izango dabenak. Horretarako baina, alkarren epaile bihurtuko dira sei saio honeetan zehar:
-
Arratia-Ipar Uribe, zezeilaren 19an, martitzenean, 11:30etan Igorreko institutuan.
-
Busturialdea-Durangaldea, zezeilaren 20an, eguaztenean, 12:10ean Arratzuko Barrutialde ikastetxean.
-
Durangaldea-Bilboaldea, zezeilaren 27an, eguaztenean, 11:30etan Durangoko institutuan.
-
Ipar Uribe- Lea Artibai, zezeilaren 29an, barikuan, 12:15etan Derioko Txorierri BHIn.
-
Lea Artibai-Arratialdea, martiaren 4an, martitzenean, 11:15etan Markinako Lea-Artibai ikastetxean.
-
Bilboaldea-Busturialdea, martiaren 5ean, eguaztenean, 10:15etan Bilboko Gabriel Aresti Institutuan.
Final nagusia Bilboko Kafe Antzokian jokatuko da martiaren 14an, iluntzeko 19:00etan.
Kontuak kontu, hau guztia hobeto ulertzeko, sariketa honetan urtez-urte ibili diran bertsolari biren eretxiak batu doguz. Hona hemen Itxaso Paia eta Ander Elortegiren berbak Bizkaie!-rako:
1- Zelan ikusten dozue zuen eskualdeko taldea?
Itxaso Paia: Igazko talde bera dogu aurten be, serio entrenetan hasi ez bagara be. Danok gara alkarren lagun eta bertsotan ibilteaz aparte, hainbat plan egiten doguz alkarregaz. Taldekide bakotxa desbardina da eta nire ustez, badogu zeozer berezirik, danon artean sortzen dogun zeozer.
Ander Elortegi: Egia esan ez dot lar ondo ikusten. Azken urteetan problema dezente izan doguz taldea osotzeko eta aurton be holan gabilz. Lana, ikasketak, gogo faltea... Halan da be, beti lortu izan dogu taldea osotzea ta aurton be seguru kapaz izango garana. Azken urteetan beti eskatu behar izan dogu laguntzinoa inguruko herrietan eta eskertzekoa da egindako ahalegina.
2- Zein da zuon helburua?
Itxaso Paia: Geure helburua lehenik eta behin, ondo pasetea da. Beste alde batetik, igaz txapela lortu genduan eta baita ahalik ondoen ospatu be, eta aurten igazkoa mantentzea gustauko litxakigu. Dana dala, finalera heldu ezkero pozik.
Ander Elortegi: Holako txapelketa eta aukerak ez doguzan legez asko izaten ahalik eta gehien gozetea da helburua. Bi saio izaten dira eta pasau ezkero finala. Saioren batek txarto urten ezkero, hurrengo urtera arte itxaron behar dozu arantza hori atarateko eta beraz, saio onak egitea da helburua, norberaren buruagaz gustora geratzea. Ahal bada publikoak be ondo pasetea. Nik neuk ez dot sekula irabazi eta laster edadeagaitik be pasetan nazan legez badaukat lehia personal hori, gustauko jatan aurten zeozer polita egitea.
3- Taldeko bertso-saioak egitea gustuko dozu? Zeintzuk dira bertsotan taldeka kantari ibiltearen alde onak eta alde txarrak?
Itxaso Paia: Niri neuri gustetan jat taldeka kantetea. Alde txarrei jagokonez, presino handia dakar taldeka kanteteak, norberak akatsak egiteak guztion porrota ekarri leike. Alde onak, ostera, nire ustez gehiago dira. Saio bat irabazteak, finalera heltzeak edo txapelak talde oso bat pozten dau, ez persona bakarra. Irribarreak eta ilusinoa biderkatzen dira. Hankea sartuz gero, beste hainbat bertsolariren babesa dozu galdutako puntuak berreskuratzeko.
Ander Elortegi: Bai gustuko dot. Normalean txapelketea bakarka danean, zeure buruagaz zagoz bakarrik eta zeuk jan behar dozuz nerbio guztiak. Hemen danok talde bat gara ta danok egiten dogu aurrera edo atzera. Ganera pikea be handiagoa izaten da BBKn.
4- Zein da zuon ustez faboritoa?
Itxaso Paia: Nire ustez, Durangaldeko taldea da faboritoa. Beti izan da talde potentea. Gero be, ez dot uste hain faborito garanik baina azken urteotan finalaren bueltan dabilen taldea geu gara, Ipar Uribe. Ipar Uribe edo Uribe Kosta, taldekide guztiok gara Algortako Bertsolari Eskolakoak, Uribe Kostakoak, beraz.
Ander Elortegi: Faborito garbia Uribe Kosta ikusten dot. Ez diranez gure talde berean sartu asko poztu ninduan horrek (kar, kar, kar), nahiz eta aurton finalera heltzea gatxa izan ahaleginek eingo doguz, ia holan igazko finaleko arantzea ataraten dogun. Durangaldeagaz be kontuz, Miren Amuriza eta Eñaut Uruburu ‘Lepotxo’ aurkari gogorrak dira.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!