Euskerea Bizibarritzeko Getxoko II. Plan Nagusia herritarren proposamenen zain

Bizkaie! 2008-02-14 14:40   Euskerea berbagai

Herritarrek datorren zezeilaren 29ra arteko epea izango dabe euren proposamenak egiteko, horretarako Euskara Zerbitzuak preparau dauen agiriaren bidez edo 94 466 00 10 telefono zenbakiaren edo euskara@getxo.net posta elektronikoaren bitartez.

2008tik 2011ra bitartean indarrean egongo dan Euskerea Bizibarritzeko Getxoko II. Plan Nagusiak herritarren ekarpenak kontuan hartu eta gehitu egingo ditu, abiatu aurretik, Udalak euskerearen egoerea azaldu, egindako lanaren balorazinoa partekatu eta plan barrirako herritarren eretxiak jaso nahi ditualako. Horretarako Udal Euskara Zerbitzuak udalerriko eragile askori Planaren zirriborroa helarazoteko asmoa dauka. ‘Lehenengo ekimena arratsaldean Planaren zirriborroaren aurkezpena izango da Algortako Kultur Aretoan, besteak beste, Udalaren, Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren eta udalerriko eragile eta alkarte batzuen partaidetzeagaz’ azaldu dau prentsaurrekoan Koldo Iturbek, Euskara zerbitzuko zinegotziak. Herritarrek datorren zezeilaren 29ra arteko epea izango dabe euren proposamenak egiteko, horretarako Euskara Zerbitzuak preparau dauen agiriaren bidez edo 94 466 00 10 telefono zenbakiaren edo euskara@getxo.net posta elektronikoaren bitartez.

EBPN, Plan barriak euskerearen indar guneak eta ahuleziak zein alorretan dagozan zehazten dau, euskerea suspertzeko proposamenak eskaintzen ditu eta erispideak, lehentasunak eta baliabideak finkatzen ditu. ‘Helburu nagusia euskeraz bizi nahi daben herritarrei horretarako aukerak eskaintzea eta neurriak erabagitea eta bultzatzea izango da’ azaldu dau Euskara zinegotziak eta ‘hori honako hiru helburu estrategiko honeen bidez lortu nahi da: euskerea, belaunaldiz belaunaldi eta etenik barik transmitidutea, euskerearen erabilerea ziurtatzea eta hizkuntzea erraz berba egitea eta erabiltea’ gehitu dau Koldo Iturbek. Horretarako Planak hurrengo 10 ardatz estrategiko definidu ditu: ezagupenetik erabilerarako saltoa egitea, eskolak egiten dauen lana osotzea eskola-orduz kanpo be, familia bidezko jarraipena sustatzea, euskalduntzearen eta erabilera sozialaren arteko zubiak eregitea, etorkinak euskerara erakarteko planak garatzea, euskera zerbitzu-hizkuntza bermatzea, bertoko euskerea jasotea, aisialdian, kirolean, kulturan eta erlijinoan erabilerea sustatzea, euskerazko hedabideak bultzatzea eta udalerriko enpresetan sustatzeko planak areagotzea.

Helburu horeek lortzeko, aurrekoan bezela, hainbat ekintza antolatuko ditu Udal Euskara Zerbitzuak. Esangura horretan, aurreko Planak, 2003tik 2007ra indarrean izan zanak, 217 ekintza zehatz markau zituen eta horreetatik 174 bete ziran, % 81.


Euskerearen egoerea Getxon

Euskara Zerbitzuak egindako diagnostikoaren arabera, Getxon gaur egun biztanleen % 23,2 dira euskaldunak, % 34,6 ia euskaldunak eta % 42,2 erdaldunak. 2006/2007ko ikasturtean, 3 urteko umeen matrikulazino datuen arabera, umeen % 81ek ikasi eben B eta D ereduetan. Hamar ikasle etorkinetatik 8k A ereduan ikasten dabe eta egoera horren aurrean, Koldo Iturbe zinegotziak nabarmendu dauenez, kolektibo hori euskerara hurreratzeko lan egin beharko dau Planak.

Bestalde, Getxoko 10 euskaldunetatik 9 euskaldun barriak dira eta 2007ko urrian Getxoko bizkaierea egiten eben 30 euskaldun zahar geratzen ziran. Merkataritzeari jagokionez, 10 dendaritatik 7k dabe euskereagazko jarrera positiboa eta 4 establezimendutatik batean euskerea erabilten dabe atean, errotuluan edo eraskusleihoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu