Sabino Arana Fundazinoak Bertso-Paperen Lehiaketearen bosgarren edizinoa jarri dau martxan

Bizkaie! 2008-02-11 12:55   Bertsolaritzea

Ekimen honen bitartez, Fundazinoaren asmoa gazteen artean euskerearen erabilerea sustatzea eta bultzatzea da, bertso-zaletasuna, euskal kulturako tradizinorik herrikoienetako bat, sustatzeaz batera.

Sabino Arana Fundazinoak Bertso-Paperen Lehiaketearen bosgarren edizinoa jarri dau martxan. Lehiaketea Euskal Herri osoko Lehen Hezkuntzako 2. zikloa eta DBHko 4. maila bitarteko ikasleei zuzenduta dago.

Ekimen honen bitartez, Sabino Arana Fundazinoaren asmoa gazteen artean euskerearen erabilerea sustatzea eta bultzatzea da, bertso-zaletasuna, euskal kulturako tradizinorik herrikoienetako bat, sustatzeaz batera.

Lehiaketearen arauak honezkero bialduta dagoz ikastetxe guztietara eta lau kategoria jasoten dira:

A (Lehen Hezkuntzako bigarren zikloa) eta B (hirugarren zikloa) kategorietako parte-hartzaileek hurrengo gai honeetako bat aukeratu behar dabe: 'Ikastetxea aldatu behar dozu, familia beste herri batera doalako biziten'; 'Espero ez dozun oparia jaso dozu urtebetetze egunean'; edo 'Mozorro jaialdia antolatu dozue ikastetxean. Zein izango da zure mozorroa?'.

A kategorian parte hartzen dabenek gitxienez bertso bina edo kopla bina idatzi behar ditue; B kategoriakoek, gitxienez bertso bina eta gehienez launa.

C (DBHko 1.a eta 2.a) eta D (DBHko 3.a eta 4.a) kategorietako gaia hurrengo honeen artean aukeratu beharko da: 'Antzerki lana preparau behar dozue ikastetxean. Azaldu zein pertsonaia izango zaran' edo 'Zure igeriketa taldea finalera heldu da lehiaketa batean. Taldeko lau lagun baino ezin izango dira joan' edo 'Argentinako euskal etxe batean euskerea ikasten dagoan bategaz hartu-emonetan jarri zara posta elektroniko bidez'.

C kategorian, ikasleek gitxienez hiruna bertso eta gehienez bosna idatzi beharko ditue; eta D kategorian, launa gitxienez eta seina gehienez.

Lanak Sabino Arana Fundazioan (Kale Nagusia, 29 – 5.a. 48009 - Bilbo) entregau edo hara postaz bialdu beharko dira 2008ko apirilaren 4a baino lehen. Epaimahaiaren erabagia 2008ko maiatzaren 9an jakinarazoko da.

Kategoria bakotxeko lehenengoak, bigarrenak eta hirugarrenak lortuko daben saria Terueleko Dinopolis Gaikako Parkera joateko lau eguneko bidaia bana izango da eta bakotxa beste persona bik lagunduta joan daiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu